Iraleko bitarteko izendapena duten irakasleei —irakasleen herenak dira— ez diete luzatuko Iralen daukaten zerbitzu eginkizuna. «Zerbitzu eginkizun berezi bat aterako omen dute Iralek alternatiba modura datorren ikasturterako aurkeztu zuen plangintzarako; hau da, Hamaika Esku —behar gehien duten ikasleak dituzte— ikastetxeetara joateko, baina ez Iraleren barruan». Hori esan dio BERRIAri Iñigo Barruso euskara zerbitzuko buruak atzo jakinarazi zieten albisteaz. Ildo beretik jo du Bernar Etxeberria Gasteizko Iraleren irakastegiko zuzendariak ere: «Ahoz esan digute beste deialdi bat aterako dutela, baina ez Iraleren izenean: Hamaika Esku programaren izenean egingo dute, edo beste programa bat sortu. Programa horretan ez dakit zein erlazio izango duten Iralerekin».
Horrek eragina izango duela uste du: «Oso ondo ari zen talde bat desegin dute, eta ondo funtzionatzen zuena zertarako desegin?». Azaldu duenez, orain arte Iralen aritu direnek ere izango dute eginkizun berrian aritzeko aukera, baina ez da Irale izango.
Gasteizen, adibidez, zuzendaritzako bi pertsona ez dira funtzionarioak, eta Etxeberriak argi du ez duela jarraituko, horiekin ez bada. Horrela, euskara zerbitzua «desegiten» ari direla salatu du, baita ohartarazpen bat egin ere: «Irale arduratzen da hezkuntzan hizkuntzaren kalitatea zaintzeaz, eta hori ahazten ari dira». Hainbat eginkizun ditu Iralek: irakasleei euskara maila hobetzeko eta euren gaitasunak osatzeko ikastaroak ematea, euskarazko ikasmaterialen kalitatea bermatzea... Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu ikastaro horietako batzuk: irakasleen irakastorduetakoak.
Zailtasunak politikariekin
Etxeberria ez dago gustura agintari politikoek Iralerekin egin duten kudeaketarekin. Haren hitzetan, zailtasunak izan dituzte arduradunekin hitz egiteko, euren lana justifikatzeko eskatu diete eta bileraz bilera ibili behar izan dute. «Faltan sumatu dut egia esatea eta zintzotasuna izatea komunikazioan».
Hezkuntza Saileko euskara zerbitzua «desegin» nahi dutela salatu dute
Azaldu dutenez, Iraleko bitarteko izendapena duten irakasleek ezingo dute bertan jarraitu. Horrek eragina izango duela azpimarratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu