Sakelako telefonoen erabilerak haur eta nerabeen artean duen eraginarekin kezkatuta dauden hainbat familiaren eskaria entzun da gaur Eusko Legebiltzarrean. Teknologia egoki erabiltzea bultzatu nahi duten guraso talde batzuek osatzen duten taldeak, Altxa Burua plataformak, agerraldia egin du Hezkuntza Batzordean, eta zera eskatu dio Eusko Jaurlaritzari: propio ondu dezala dekretu bat eskolak sakelakorik gabeko «arnasgune» edo «espazio libreak» bihur daitezen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan araudi bakarra egotea galdegin dio, irakasle, ikasle eta guraso guztientzako «bidezkoagoa» eta «babesleagoa» delakoan.
Mirene Beriain, Miren Ros eta Gorka Arretxe plataformako kideak izan dira gaur legebiltzarrean, eta hitz bat izan dute ahotan eskoletan eskuko telefonoaren erabileraz jardun dutenean: «Kezka». Eta kezka horrekin gero eta jende gehiagok bat egiten duen seinale, jakinarazi dute ja 20.000 herritarrek egin dutela bat Altxa Burua plataformaren eskaerekin, tartean osasun eta hezkuntza arloko profesional ugari.
Eskola gehienek arautua dute eskuko telefonoen erabilera, baina, araudi orokorrik ez dagoenez, nork bere kasa hartzen ditu erabakiak. Altxa Burua plataformako kideek adierazi dute ikastetxe bakoitzaren esku uztea ikasle eta irakasleen eskubideen aurka doala. «Ikasle guztiek ahal bezainbesteko inguru seguru, bidezko eta distrakziorik gabekoan ikasteko eskubidea dute dauden eskolan egonda ere».
«Ez dago ebidentzia zientifikorik sakelakoen presentziak hezkuntza prozesua hobetzen duela frogatzen duenik»
GORKA ARRETXEAltxa Burua taldeko kidea
Hori hala, «erantzun kolektiborako» deia egin du Arretxek. Ordiziako (Gipuzkoa) Oianguren institutu publikoko zuzendaria da; gogora ekarri du sakelako telefonoak geletatik kanpo uzteko araudiak ezarri dituzten herrialde eta erkidegoetan emaitza «itxaropentsuak» izan dituztela: esaterako, ingurune pedagogikoa eta emaitza akademikoak hobetu dituzte, jazarpena eta ziberjazarpena murriztu, eta harreman pertsonalak indartu. «Aitzitik, ez dago ebidentzia zientifikorik sakelakoen presentziak hezkuntza prozesua hobetzen duela frogatzen duenik», esan du.
Oharra egin du Artetxek: eskoletan sakelakoa erabili ahal izatea «arazo sistemiko» bat da, eta modu «koordinatuan» eta «bateratuan» erantzun behar zaio. Izan ere, harentzat eskola bakoitzak sakelakoen erabilera arautzeko autonomia izateak ez du arazoa konpontzen; areago, okertu egiten du, desberdintasunak sortzen dituelako. Ikastetxe denetan sakelakoak debekatzeko arau esparru bakarra izateak, berriz, ikasleen aukera berdintasuna bermatuko duela eta irakasleak «babestu» egingo dituela ziurtatu du.
Osasun publikoko arazoa
Pedriatra da Beriain, eta osasungintzan duen eskarmentuagatik arduratuta mintzatu zaie legebiltzarkideei. Belaunaldi berrien garapen emozionalari, sozialari eta kognitiboari zuzenean eragiten dien «isileko krisitzat» jo du afera, eta hezkuntza komunitateak «premiaz» esku hartu dezala eskatu du.
«Osasun publikoko arazo bat da, eta erantzun irmoa eta zuzena eman behar diete ez soilik familiek, baita erakundeek ere», adierazi du. Ebidentzia zientifikoei beha, alarmarako motiboak badirela ohartarazi du Beriainek: «Gailu digitalen erabilera goiztiarrak eta horiek denbora luzean erabiltzeak ondorio oso larriak ditu osasun fisikoan, mentalean eta haur eta nerabeen garapenean».
«Pantailaren aurrean igarotzen dituzten orduak ez dira neutralak; kontrara, antsietatea, depresioa eta pentsamendu suizidak areagotzen dituzte» MIRENE BERIAINAltxa Burua plataformako kidea
Osasun fisikoari dagokionez, azaldu du sakelako telefonoen eta tresna digitalen gehiegizko erabilerak gizentasuna sortu dezakeela, loari eragin, eta garapen kognitiboa eta emozionala moteldu. Are «larriagoa» da gailu horiek haur eta nerabeen buruko osasunean duten inpaktua, Beriainen esanetan: «Pantailaren aurrean igarotzen dituzten orduak ez dira neutralak; kontrara, antsietatea, depresioa eta pentsamendu suizidak areagotzen dituzte». Gizarte eta genero arrakalan sakontzeko arriskuaz ere abisu egin du plataformako kideak.
Gaurko eztabaidan, EH Bilduk eta Sumarrek babestu egin dute ikastetxeetan eskuko telefonoak debekatzeko dekretu bat sustatzea. EAJ eta PSE-EE, ostera, aurka agertu dira. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeen ustez, eskola bakoitzaren autonomiaren arabera finkatu behar da bidea. PPk ez du parte hartu saioan.