Urtarrilean eta otsailean hamabi eguneko greba deialdia dago eginda Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko langileentzat; lau egunetan egingo dituzte lanuzteak irakasleek, beste lautan Haurreskolak partzuergokoek eta beste lautan garbitzaileek eta sukaldariek. Datorren asteazkenean izango da lehen greba eguna, irakasleena. Horren atarian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar bat bidali die irakasleei, eta adierazi diete «zaila» dela grebarako deialdia ulertzea «negoziazioak zabalik dauden une hauetan». «Akordioak eskura daude».
Hezkuntza Sailak hori esateko zenbait arrazoi ekarri ditu hizpidera. Haien esanetan, «elkarrizketa, entzute aktiboa eta adostasunak bilatzea» ezinbestekoak dira hezkuntza komunitate osoaren beharrei erantzuteko. Ziurtatu dute premisa horren inguruan «negoziazio prozesu sakona» egin dutela azken hilabeteetan sindikatuekin: «Elkarrekin lan egin dugu, ikastetxe publikoetako irakasle guztien lan baldintzak hobetzeko».
Diotenez, «mugarri garrantzitsu bat» dago ezarrita: 2022ko maiatzean sindikatuekin izenpetu zuten akordioa. Akordio hartan, «hobekuntza esanguratsuak» lortu zituzten, Hezkuntza Sailaren irudiko. Besteak beste, hauek: zenbait hezkuntza etapatan ratioak jaistea, zuzendaritza eginkizunetarako ordu gehiago izatea, ingelesa 3 urtetik aurrera irakastea...
Hala ere, azaldu dutenez, ez zituzten aipatutako hobekuntza horiek bakarrik proposatu: 2024ko abenduaren 2an «azken proposamen integrala» aurkeztu zieten sindikatuei, irakasleen lan baldintzak hobetzen jarraitze aldera. Besteak beste, zera dago jasota: lan karga murriztea, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako langileei eskola orduak 23tik 21era jaitsita; behin-behineko langileen lan baldintzak hobetzea; soldatak igotzea; eta lizentzia eta baimen berriak ematea. «Eusko Jaurlaritzak uste du neurri horiek irakasleen lan baldintzak hobetu ez ezik ikasleen ongizatean eta garapen akademikoan ere eragingo luketela, eta hezkuntza kalitatea hobetzen duten ingurune egonkorrak eta aberasgarriak eskainiko lituzketela».
Horiek horrela, nabarmendu dute Hezkuntza Sailaren lehentasuna «argia» dela: «euskal hezkuntza sistema indartzen jarraitzea», ikasle guztien arrakasta akademikoa bermatzeko. «Konpromiso horrek, orain inoiz baino gehiago, hezkuntza komunitate osoak norabide berean elkarrekin lan egitea eskatzen du. Horretarako, ahalegin guztiak egingo ditugu, jomuga horretatik ezerk desbidera ez gaitzan».