Hezkuntza Sailak Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortu du

Begoña Pedrosaren arabera, hainbat funtzio izango ditu institutuak: materialgintza, irakasleak hizkuntzetan trebatzea... Oraindik egiteko dago erakundearen dekretua. Josune Zabala izango da zuzendaria.

Begoña Pedrosa eta Josune Zabala gaur, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. IREKIA
Begoña Pedrosa eta Josune Zabala gaur, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko martxoaren 24a
13:56
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hezkuntzaren esparruan, euskararen eta gainerako hizkuntzen irakaspenerako ardurak leku berezitu bat izango du legegintzaldi honetan». Hala laburbildu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak zer den sortu berri duten Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua. Oraindik institutuaren dekretua egiteke badago ere, Pedrosak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean eman ditu haren helburuen eta lan lerroen gaineko zertzelada nagusiak, EH Bilduk eskatuta: «Euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat eraikitzen lagunduko du». Josune Zabala izendatu dute institutuaren zuzendari; hura ere legebiltzarrean izan da.

Atzera begira hasi da Pedrosa. Haren esanetan, hainbat hamarkada daramatzate euskara erdigunean duen sistema bat eraikitzen, eta, aldi berean, eleaniztasunaren alde egiten. Ziurtatu du hori hezkuntza komunitatearen eta gizartearen bulkadagatik izan dela, baina baita administrazioaren erabakiengatik ere. Dena dela, aitortu du garaiak aldatu egin direla, eta orain beste erronka batzuk daudela mahai gainean: «Irmoki eta profesionaltasunez jardun behar dugu, hobetze aldera».

Horretarako sortu dute Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua. Ez dator hutsetik: 2022ko hezkuntza akordioan eta 2023ko Hezkuntza Legean jaso zuten hura sortzea. Pedrosak azaldu duenez, lau lan ildo nagusi izango ditu: prestakuntza eta aholkularitza; hizkuntzen gaitasuna eta jarreren lanketa; euskararen normalizazioa eta didaktika; eta ikerketa, dokumentazioa eta hedapena. Hezkuntza Sailaren mendeko erakundea izango bada ere, nabarmendu du beste sail batzuekin elkarlanean aritu beharko dutela.

«[Institutuak] Euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat eraikitzen lagunduko du»

BEGOÑA PEDROSAEusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Banan-banan xehatu ditu egitekoak Pedrosak. Prestakuntzari eta aholkularitzari dagokionez, aipatu du «euskaran ardaztutako eleaniztasuna» garatzeko baliabideak emango dituztela eta ikasle etorri berrien integrazioari ere erreparatuko diotela. Materialgintza ere izango da eginbeharretako bat. «Mundu bat irekitzen da. Sinergiak bilatu beharko ditugu beste eragile batzuekin ere; herri honetan, badaukagu horretarako aukera».

Institutua arduratuko da, halaber, irakasleen hizkuntza gaitasunaz eta hizkuntzekiko jarrerez. Euskarari dagokionez, aipatu du bereziki idazketan egin nahi dutela lan, eta Iralerekin elkarlanean —ziurtatu du Irale institutuaren parte izango dela— ahozko jariotasuna hobetzeko «gauza interesgarriak» egin asmo dituztela: kontzientzia linguistikoa areagotzeko saioak, B2 eta C1 egiaztagiriak lortzeko ikastaroak... Eta: «Gure asmoa da C2 mailara hurbiltzeko eskaintza zabaltzea. Guretzat, oso garrantzitsua da, horrek jauzi kualitatibo bat ekartzen baitu idazketan eta ahozkotasunean». Euskarari ez ezik, ingelesari eta gaztelerari ere erreparatu asmo diote.

Euskararen normalizazioaren eta didaktikaren atalean, «hainbat proiektu» dauzkate mahai gainean, eta ziurtatu du lotura zuzena izango dutela ikastetxeetan landuko diren hizkuntza proiektuekin; Hezkuntza Legean jasota dago ikastetxe guztiek beren hizkuntza proiektua egin beharko dutela, ikasleek derrigorrezko hezkuntza bukatzerako gutxienez B2 maila lor dezaten euskaraz eta gazteleraz, eta B1 maila ingelesez.

Funtzioak zehaztuta egonagatik, oraindik orain, institutuaren dekretua egiteko dago: «Oraindik ez da aktibatu prozedura». EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek esan dio parte hartu nahiko luketela prozesuan; horretarako aukera egongo dela ziurtatu dio Pedrosak. Esan du, besteak beste, zera jasoko duela dekretu horrek: ikastetxeek zenbat denboran eta zer irizpideren arabera ondu beharko dituzten hizkuntza proiektuak.

EH Bildu, informazio eske

EH Bilduren informazio eskaerari erantzuteko joan da Pedrosa Eusko Legebiltzarrera. Arresek ziurtatu duenez, duela bost hilabete egin zuten eskaera, eta «errespetu falta» iruditzen zaio hainbeste itxaron behar izana: «Salatu nahi dut bost hilabeteren ostean gauzatuko dela agerraldi hau». Zera galdegin dio Pedrosari: «Eskatzen dugu, diskurtso teknikotik harago, argitzea zein den hezkuntza sistemaren baitan Hezkuntza Sailak garatuko duen hizkuntza politikoaren norabidea». Arresek aitortu du orain arte lortutakoa, baina nabarmendu du euskalduntzean «jauzia» eman beharra dagoela: «Orain artekoa eraldatu behar dugu, berriz ere funtziona dezan».

«Eskatzen dugu, diskurtso teknikotik harago, argitzea zein den hezkuntza sistemaren baitan Hezkuntza Sailak garatuko duen hizkuntza politikoaren norabidea»

IKOITZ ARRESEKEH Bilduko legebiltzarkidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.