Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta gehiengo sindikala —LAB, Steilas eta UGT— ados jarri dira, eta lan hitzarmen berria lortu dute lan legepeko irakasleentzat eta hezitzaileentzat, premia bereziak dituzten ikasleekin ari diren profesionalen lan baldintzak arautze aldera. LABen esanetan, «lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoa» da; baikor mintzatu da Hezkuntza Saila ere: «Akordioa ona da sektoreko profesionalentzat eta ikasleentzat, eta, ondorioz, ona da sistemarentzat, aukera ematen baitu ikastetxeetan esku hartze inklusiboen kalitatea hobetzen jarraitzeko eta hezkuntza laguntzako premia espezifikoak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko». Sailaren arabera, aldaketak 1.600 profesionali eragingo die.
LAB sindikatuak bata bestearen atzetik zerrendatu ditu hobekuntzak. Azaldu dutenez, hezkuntza laguntzako espezialisten, keinu hizkuntzako interpreteen eta transkribatzaileen soldatak Haurreskolak partzuergoko hezitzaileen soldatekin parekatuko dituzte. Gainera, lan zama ere «arinduko» zaie: arreta zuzena 25 ordura jaitsiko da, eta ikastetxean koordinatzeko eta materiala prestatzeko bost ordu izango dituzte astean. Halaber, desagertu egingo da gainerako profesionalekiko duten «mendekotasun hizkuntza».
Baina, sindikatuak nabarmendu duenez, lorpenak ez dira horretara mugatu. Besteak beste, kategoria guztietan behin-behinekotasuna %5 baino txikiagoa izango da, eta LEP lan eskaintza publikoak hiru urtetik behin egingo dituzte. Gainera, ziurtatu dute «hobekuntzak» daudela baimenen arloan. Hizkuntzari dagokionez, zerrendetan izena emateko, besteak beste, euskarazko C1 maila eskatuko dute.
2004ko hitzarmena
Orain arte sektorean indarrean zegoen hitzarmen kolektiboa 2004koa da. LABek gogorarazi duenez, 2008an, zortzi greba egunen ostean, hitzarmen hori hobetzeko akordio bat izenpetu zuten. Orain, uste dute lorpen berriak «orube bat» ezarri duela heziketa bereziko hezitzaileen lanaren aitortzan aurrera urrats gehiago egiteko.