Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sexu osasunari buruzko gida bat sortu nahi du hezkidetza planean

Hezkidetza Planaren Jarraipen Batzordea gaur bildu da. Lau urteko lana ontzat jo du. Indarkeria mota berriei tresna berriekin erantzun behar zaiela aurreikusi du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Hezkidetza Planeko Jarraipen Batzordeko kideak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Hezkidetza Planeko Jarraipen Batzordeko kideak, gaur, Bilbon. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2024ko maiatzaren 22a
13:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza Saila pozik agertu da Hezkidetza Planarekin. 2019-2023ko Euskal Hezkuntza Sistemarako II. Hezkidetza Planaren Jarraipen Batzordeak «balorazio positiboa» egin du legegintzaldiko lanaz, eta «erronka berriak» proposatu ditu gaur Bilbon egin duen bileran. Besteak beste, hirugarren planera begira, Osasun Sailarekin batera sexu osasunari buruzko gida bat sortzeko beharra ikusi dute, «ikastetxe guztiei zuzendua».

Plan horrek helburu hauek jarri zituen, hezkidetzan lehentasunez lantzekoak zirenak: «Sexismoaren aurrean pentsamendu kritikoa garatzea, hizkuntzaren eta irudien erabilera sexista saihestea, gatazkak modu baketsuan eraldatzea, hezkuntza afektiboa eta sexuala berdintasunean lantzea, eta emakumeen eta kalteberatasun egoeran dauden kolektiboen aurkako indarkeria prebenitzea eta horren aurrean jardutea».

Jarraipen Batzordeak esplikatu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek autoebaluaziorako tresna finkatu dute desafioen jarraipena egiteko. «Ikastetxeak ezinbestekoak dira ikasleen arteko botere harremanak eraldatzen laguntzeko, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko hezkuntza bermatzeko», erran du Eusko Jaurlaritzako lantaldeak. Halaber, ikastetxeak espazio egokiak zaizkio «ikasle guztiek existitzen diren sexu identitateen aniztasuna errespetatuz izan ditzaten giza harremanak».

Indarkeria mota berriak

Eman beharreko segidari begira, Jarraipen Batzordeak dio indarkeria mota berriei tresna berriekin iharduki behar zaiela. Molde berri horien adibideak eman ditu: «sexting, sextortsio, child-grooming edo revenge porn»deiturikoak.

Horrez gain, «arrisku eta egoera bereziki ahulean dauden kolektiboei» arreta eman behar zaiela dio batzordeak, «hala nola genero indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabei, desgaitasunen bat duten pertsonei, transexualei».

Adostekoa litzatekeen plan berriari begira —Hezkidetzaren III. Plana—, Sexu Osasuneko Gida «ikastetxe guztiei zuzendu» nahi lioke batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.