Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri dio Zarauzko ikastolari

Ikastolak esan duenez, 2023an Jaurlaritzak ezezkoa eman zien bertan matrikulatu nahi zuten zortzi familiari, baina erabaki zuten denei «ateak zabaltzea». Ikastolak isuna ordaindu beharko du ikasle horiek onartzearen truke; diru bilketa abiatu dute.

Gaur arratsaldean egindako elkarretaratzea, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU
Zarauzko ikastolaren alde egindako elkarretaratzea, gaur arratsaldean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urtarrilaren 21a
16:30
Entzun

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako (Gipuzkoa) ordezkariek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri dio ikastolari. Adierazi dutenez, sailak ikastolatik zortzi familia «kanporatu» nahi izan zituen 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan, baina ikastolako kideek erabaki zuten guztiei «ateak zabaltzea». Horren harira jaso dute zigorra, baina zortzi familiek ikastolan jarraitu ahal izango dute, Hezkuntza Sailarekin izenpetu duten akordio bati esker. Salbatore Mitxelena ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek gaur eman dute xehetasunen berri, prentsaurreko batean, eta salatu dute Hezkuntza Sailak ikastolarekin izan dituen zenbait jarrera eta jokabide «onartezinak» direla. Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolaren arabera, momentuz ez dute izan Zarauzkoaren antzeko kasurik, baina Ikastolen Elkarteko VII. Batzarrean, ekainean, erabaki zuten nola jokatu: «Erabaki genuen gurean egon nahi zuten ikasle eta familia guztien borondatea errespetatzeko eskatuko genuela, eta horretan arituko gara».

Auzia ulertzeko, 2023-2024ko ikasturteko matrikulazio epera egin behar da atzera. Orduan, Hezkuntza Sailak zenbait neurri jarri zituen martxan; nabarmendu zuten eskola segregazioa apaltzea eta ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea zela helburua. Horretarako, zaurgarritasun indize bat ezarri zuten. Desadostasunak sortu ziren, eta zenbait ikastetxetan protestak ere egin zituzten, besteak beste Zarauzko ikastolan bertan.

Izan ere, Hezkuntza Sailaren erabakiek eragina izan zuten eskoletan. Zarauzko ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, herrian lau ikastetxe daude, eta matrikulazio ehunekoek berdintsu eutsi ohi diote urtez urte; gutxi gorabehera umeen %30 hartu ohi dituzte ikastolan. 2023ko otsailaren 6an, matrikulazio epearen aurretik, ikastolak Hezkuntza Saileko plangintza arduradunengana jo zuen lehen aldiz, «ustez akats bat izan zena zuzentzea» galdegiteko. Ordura arte, ikastolan hiru ikasgela zeuden HH Haur Hezkuntzako maila bakoitzerako; «ageriko arrazoirik gabe», ordea, Hezkuntza Sailak bi lerrora mugatu zuen ikastolaren HH2ko matrikulazioa, nahiz eta ikasturte hartan aurrekoan baino hogei ume gehiago zeuden Zarautzen matrikula egiteko adinean. «Datu objektibo horiek kontuan izanik, Hezkuntza Sailari azaldu genion urteroko ehunekoei eutsiz gero hiru gela izateko adina matrikula eskaera jasoko genuela». Ezetz erantzun zieten. Zera izan zen arrazoia: irizpidea zela aurreko ikasturtean adina postu ituntzea: bi lerro, 50 postu. Historikoki, hiru lerroko ikastola izan da, baina, zehaztu dutenez, justu ikasturte hartan jaiotze tasa ohi baino txikiagoa izan zen, eta bi lerro izan zituzten HH2n.

Iritsi zen matrikulazio garaia, eta, nabarmendu dutenez, bete egin ziren haien usteak: «55 familiak hautatu zuten ikastola beren seme-alabentzat, herriko familien %30ek. HH2ko hiru lerro behar genituen, indarrean zeuden ratioetan oinarrituta». Horiek horrela, Zarauzko ikastolak, Ikastolen Elkarteak, kanpoan geratutako familiek eta ikastolako gainerako familiek «erreklamazio eta alegazio segida amaiezina» abiatu zuten. Esan dutenez, zera eskatu zuten: «planifikazio akatsa zuzentzeko» eta aplikatzeko Hezkuntza sailburuaren 2022ko abenduaren 21eko agindua. Azaldu dutenez, hartan jasota dago Hezkuntza Sailak ikastetxeei jakinaraziko diela zenbat ikasle hartu ahal izango dituzten gehienez, baina zenbaki hori «egokitu eta doitu» egingo dutela eskola bakoitza lehen aukera gisa hautatzen duten familien kopuruaren arabera. «Eta gure galdera da: zergatik ez ditu Hezkuntza Sailak berak ezarritako irizpideak betetzen? Zergatik ez da zenbaki hori egokitu eta doitu gure kasuan?».

Ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkarien prentsaurrekoa, gaur, Zarautzen. BERRIA
Ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkarien prentsaurrekoa, gaur, Zarautzen. BERRIA

Alegazioei erantzun zien Hezkuntza Sailak: ezetz, «hotz eta lehor, inolako arrazoiketarik gabe». Horrek izan zuen ondoriorik: «2023ko maiatzean ulertu genuen alferrikakoak izan zirela ordura arteko ahalegin guztiak: Hezkuntza Sailak erabakita zeukan zortzi familia horiek ikastolatik kanporatzea. Bide administratiboa jorratzen jarraitu genuen arren, egoerari aurrez aurre heltzeko garaia iritsi zitzaigun». Eta erabaki zuten ikasle horiek ikastolan segituko zutela. «Bilera amaiezinen ondoren, eta Ikastolen Elkartearen babesarekin, Zarauzko ikastolako komunitateak —544 familia— erabaki zuen gure komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabaltzea».

2024-2025eko ikasturteko matrikulazioan, «beste saiakera bat» egin zuten familia horiek, eta, kasu hartan, 58 familiak aukeratu zuten ikastola lehen aukera gisa. Azaldu dutenez, berriro jarri zituzten erreklamazioak eta alegazioak, baina Hezkuntza Sailak ezezkoa eman zien. Alabaina: «Ikastolak bere bidea berretsi du; ez dizkio inoiz inori ateak itxi, eta ez dizkio itxi nahi».

«Ikuskaritza gogorrak»

Ikastolako ordezkariek adierazi dutenez, azken bi ikasturteetan «hainbat ikuskaritza» egin dizkiete ikastolan, horietako batzuk «gogorrak»: «Langileak, gurasoak eta haurrak miatuak sentitu gara, zelatatuak, erregistratuak». Salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ikastola «zigortzeko» prozedura bat abiatu zuen ikuskapen horien ondorioz: «Adiskidetze mahaia izena jarri zioten bilera batera deitu gintuzten. Han, aldaketarik ia onartzen ez zuen proposamen itxi bat aurkeztu ziguten».

Amaitu berria da prozesu hori. Ikastolak 140.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta, trukean, zortzi familiek ikastolan jarraituko dute. Uste dute zigorra «bidegabea» dela, «ikastolak prozesu honetan ez baitu inolako diru iruzurrik egin, ez baitugu inoiz jaso guri ez zegokigun diru publikorik». Azaldu dutenez, ikastolak bere gain hartu ditu sortutako gastuak, umeen aseguruak-eta.

Hezkuntza Sailaren jarrera salatu dute, «boterekeriaz» aritu delakoan; nabarmendu dute sinatu dutena ez dela akordio bat, «hura sinatu beste aukerarik ez baitzegoen ume horiek, haien familiek eta ikastolak berak kalte larriagorik ez jasateko». Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak jakinarazi die ez dituztela ikasle horiek kontuan hartuko gelak ituntzean, eta ikastolak erantzun dio ez daudela ados, bestela ere hezkuntza publikoan baino ratio handiagoak dituztela. Iruditzen zaie «zigor horrek» kalte egiten diola haurrek jasoko duten hezkuntzaren kalitateari.

Horiek horrela, herritarrei dei egin diete zigorrari «herri gisa» erantzuteko. Elkarretaratze bat egin dute gaur arratsaldean, Ikastolak Euskal Herria eraikitzen lelopean. Era berean, dirua biltzeko zenbait ekintza jarriko dituzte martxan, eta kontu korronte bat ere zabaldu dute, nahi duen orok ekarpena egin dezan. Izan ere, ezinbestekotzat daukate ikastola «indartsu» iraunaraztea: «Gure egitekoa oso argi daukagu. Zarauzko Ikastolan lanean jarraituko dugu euskara Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko. Euskal Herriaren luze-zabalean dauden ikastola eta euskararen aldeko proiektu guztiak babesten eta indartzen jarraituko dugu. Eta, horretarako, beharrezkoa da Zarauzko ikastola indartsua izatea». Ikastolaren etorkizunari lotuta, zera ohartarazi dute: «Ezarri zaigun matrikulazio muga ikusita, 2023-2024ko ikasturteko arazoa behin eta berriz errepikatu daiteke, eta horrek nabarmen ahulduko du ikastola etorkizunean». Ez dute zehaztuta nola jokatuko duten hurrengo urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.