Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko hainbat langilek egonkortasuna lortzeko aukera izango dute 2025ean. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak egin du iragarpena: 1.200 lanpostuko LEP lan eskaintza publiko bat egingo dute datorren urtean. Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian PPko eledun Muriel Larreak egin dion galderari erantzunez eman du erabakiaren berri.
Hala ere, oraindik zehazteko dituzte deialdiaren baldintzak eta ezaugarriak, baita zehazki noiz egingo dituzten ere, eta ez dute adierazi lanpostu horiek propio zein taldetako langileentzat izango diren ere; sindikatuekin negoziatu beharko dute. Azkenaldian, Hezkuntza Saila egonkortasuna lortzeko bidea jorratzen ari da merezimenduak aitortzeko sistemaren bidez eta oposizio lehiaketen bidez, Europako aginduetara egokitzeko.
Ez da azkenaldian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntzan egin duten lan eskaintza publiko bakarra. Esaterako, 2023 amaieran egin zuten beste deialdi bat, 2.004 lanpostukoa; maisu-maistrentzat, bigarren hezkuntzako irakasleentzat, arte plastikoetako eta diseinuko irakasleentzat eta musika eta arte eszenikoetako irakasleentzat izan ziren. Orduan azaldu zutenez, ordurako 3.300 irakasle lanpostu baino gehiago egonkortuta zeuden, merezimenduak aitortzeko sistemaren bidez.
Hezkuntza Sailak badu helburu bat jarrita: egonkortze prozesu guztiak amaitzean, sare publikoan behin-behinekotasuna %5ekoa izatea nahi dute; egun, %11koa da. Orotara, 5.000 lanpostu egonkortzeko asmoa daukate —horietako zenbait jada egonkortuta daude—.