Egun gutxi falta dira irailaren 26rako, Nafarroako hezkuntza publikoko grebarako. Haren atarian, sare publikoko sindikatu guztiek —Steilas Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT— prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Iruñean, eta jakinarazi dute greba batzordeak bilera bat eskatu diola Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiteri. Hauxe da xedea: sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan «benetako negoziazioa» bultzatzea.
Izan ere, haien irudiko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez du negoziatzeko asmorik erakutsi. Azaldu dutenez, «hilabete asko» daramatzate departamentuarekin negoziatu nahian, eta sindikatuek «borondate onarekin» parte hartu izan dute proposatu dizkieten lantalde guztietan, baina «erantzun eskasa» jaso dute bueltan. Horregatik: «Aho batez erabaki dugu mobilizazio egun batera deitzea, sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren artean benetako negoziazio bat has dadin».
Negoziazio faltaren adibidetzat, adierazi dute irailaren 6an erregistratu dutela sindikatuek greba deialdia, baina askoz ere lehenago egin zutela deialdiaren jakinarazpena, ekainaren 27an. Tarte horretan, baina, Nafarroako Gobernuko inor ez da haiekin kontaktuan jarri. Hala, erabaki dute Txibiteri bilera bat eskatzea: «Benetako negoziazio baterako prest gaudela adierazi genuen».
irailaren 26ko mobilizazioak
- Goizean. Altsasun, Elizondon, Lizarran, Iruñean, Tafallan eta Tuteran egingo dituzte goizeko mobilizazioak. Ez dute eman ordu eta leku zehatzen berri.
- Arratsaldean. Iruñean egingo dute manifestazioa, 18:00etan, Gurutze plazatik abiatuta.