Datorren ikasturtea mobilizazioekin hasiko dute hezkuntza publikoko ikasleek. Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek irailaren 26an greba egitera deitu dituzte alor publikoan aritzen diren 11.000 irakasleak. «Mobilizazioak ugarituz joango dira, eta iritsi behar den tokira iritsiko gara», adierazi du ANPEko Carlos Rodrigok.
Nafarroako Gobernuari eta batik bat Hezkuntza Departamentuari jarrera aldatzeko eskatu diote, Iruñeko Lan Auzitegiko egoitzan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira Steilaseko Ane Apezetxea, ANPEko Carlos Rodrigo, Afapnako Yolanda Erro, LABeko Josu Arraiz, CCOOko Pello Arana, ELAko Uxue Itoiz eta UGTko Maria Jose Anaut.
Ikusi gehiago
Azken hilabeteetan gutxienez bi aldiz bildu dira Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin, eta, euren aldarrikapenak aztertzeko mahai sektorialak osatu badira ere, «esku hutsik» atera dira: «Denbora galtzea izan da, eta gaur-gaurkoz ez dugu hobekuntzarik hurrengo ikasturterako», argudiatu du Steilaseko Ane Apezetxeak.
Euren arabera, amaitu berri den ikasturtean lau puntuko proposamena egin diote gobernuari, eta haien gainean hitz egiteko prest agertu dira. Alta, salatu dute gobernuak entzungor egin diela euren eskaerei. «Hezkuntza Departamentuarekin egindako bilera guztietan erantzun bera jaso dugu sindikatuok: irakasleen eskaerei heltzeko aurrekonturik ez dagoela».
Lau puntuko eskaera
Alde batetik, haien lehen eskaera izan da ikastetxe publikoetako gela bakoitzeko ikasle ratioa murriztea, horrek hobetu egingo bailuke kalitatea. Maila eta etapa bakoitzean murrizketa hori mailakatuta egiteko prest azaldu dira. Bigarrenik, ordainsariak hobetzea aldarrikatu dute, irakasleen erosahalmena %15 inguru apaldu baita. Sindikatuen arabera, prest daude eskaera hori malgutasunez ezartzeko.
«Mobilizazioak ugarituz joango dira, eta iritsi behar den tokira iritsiko gara».
CARLOS RODRIGO ANPE-ko ordezkaria
Gainera, sindikatuen asmoa da hurrengo ikasturtean irakasleen ordutegiak «arrazionalizatzeko» eta gainkarga murrizteko neurri batzuk ezartzea. Azkenik, langileen egonkortasuna hobetzeko eta lan eskaintza publikoetan eta lekualdatzeko lehiaketetan behin-behinekoen kopurua aztertzeko eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, egindako bileretan.
Horrek guztiak aurrekontuak igotzea eskatzen du, baina elkarrizketak hasi zirenerako Nafarroako Gobernuak aurtengo aurrekontu proiektua aurkeztua zuen Nafarroako Parlamentuan —azkenean martxoaren 7an onartu ziren—. Horrez gain, urtarriletik honako bileretan «ez da gutxieneko aldaketarik gertatu», sindikatuen arabera. «Egiaztatzen dugu hasieran salatzen genituen arazo berberak ditugula: lan gainzama, gehiegizko ratioak, erosahalmenaren galera eta plantillen ezegonkortasuna».
Hala, honako galdera hau luzatu diote gobernuari datorren ikasturteari begira: «Zer nahi dute, ikasturtea benetako negoziazioekin hasi eta irakasleen aldarrikapenei erantzun, ala ikasturte gatazkatsua izan?».
Departamentuari eta gobernuari eskatu diete euren eskaerei «prestutasunez» erantzutea. «Badakigu arazo guztiei aldi berean irtenbidea ematea ezinezkoa dela, baina hori bideratuko duen egutegi bat osa daiteke», azpimarratu dute.
«Denbora galtzea izan da, eta gaur-gaurkoz ez dugu hobekuntzarik hurrengo ikasturterako»».
ANE APEZETXEASteilas-eko ordezkaria
«Gobernuari dei egiten diogu gure aldarrikapenak seriotasunez han ditzan. Gure asmoa da mobilizazioekin hastea», gaineratu dute. Gogora ekarri diote gobernuari, halaber, planteaturiko arazoei erantzunik ez emateak zuzenean eragiten diola hezkuntza publikoaren kalitateari.
Nafarroako Parlamentuan taldeei helarazi dizkiete euren lau puntuak, eta sistema publikoaren arazoei aurre egiteko eta irtenbideak negoziatzeko beharrarekin bat egin dute guztiek, baita gobernuaren bazkide diren hiru taldeek ere.
Mobilizazioak hasiko diren garaian, Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuaren foru lege aurreproiektua lantzeari ekingo dio, eta prozesu horretan banatuko dira departamentukako diru sailak. Urriaren amaieran edo azaroan, berriz, parlamentura ailegatuko da auzia. «Ekiteko ordua dela uste dugu, eta badela garaia Nafarroako Gobernuak lehentasuntzat har ditzan hezkuntza publikoko irakasleak», adierazi dute. «Espero dugu kontseilariak eta Nafarroako Gobernua errealitateaz ohartzea eta aintzat hartzea irakasleen eskaerak».