Hamabi eguneko greba zikloa hastear da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Lan hitzarmenak berritu eta baldintzak hobetzeko helburuz, ikastetxeak hustu asmo dituzte. LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deialdia.
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
Bihar izango da lehen lanuztea; irakasleek egingo dute greba. Sindikatuek kaleak hartzeko deia egina dute. Mobilizazioa Bilbon egingo dute: manifestazioa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzaren atarian hasiko da, 11:30ean, eta Arriaga plazaraino joango dira. Etzi ere greban egongo dira sare publikoko irakasleak. EAEko hiru hiriburuetan izango dira mobilizazioak, denak 11:30ean hasita. Gainerako greba egunak ere zehaztuta daude: irakasleek otsailaren 26an eta 27an ere egingo dute greba; Haurreskolak partzuergoko langileek, urtarrilaren 28an eta 29an, eta otsailaren 12an eta 13an; eta sukaldeetakoek eta garbiketakoek, urtarrilaren 30ean eta 31n, eta otsailaren 19an eta 20an.
greba egunak
- Irakasleak. Bihar, etzi, eta otsailaren 26an eta 27an
- Haurreskolak partzuergoa. Urtarrilaren 28an eta 29an, eta otsailaren 12an eta 13an.
- Sukaldeak eta garbiketa. Urtarrilaren 30ean eta 31n, eta otsailaren 19an eta 20an.
Hezkuntza Saila ez dago ados deialdiekin. Joan den astean, ohar bat bidali zien irakasleei, eta hartan esan zien «zaila» dela ulertzea grebarako deialdia egin izana «negoziazioak zabalik dauden honetan». «Akordioak eskura daude». Halaber, orain arteko «hobekuntza esanguratsuak» ere izan zituzten hizpide: zenbait hezkuntza etapatan ratioak jaistea, zuzendaritza eginkizunetarako ordu gehiago izatea, ingelesa 3 urtetik aurrera irakastea... Sindikatuek atzo erantzun zioten Hezkuntza Sailaren gutunari. Ez dute begi onez ikusi: «Oso larria iruditzen zaigu Hezkuntza Sailak irakasleen eta familien posta pertsonala erabili izana propaganda egiteko, familiak irakasleen kontra jartzeko eta grebak baldintzatzeko». Eta grebarako deia berretsi zuten: «Lau sindikatuok grebarako deia egiten dugu aho batez, eta ziur gara kaleak beteko ditugula».
Izan ere, sindikatuetako ordezkariek uste dute badagoela zeren alde borrokatu. Irakasleen lan hitzarmena 2010etik dago berritu gabe; Haurreskolak partzuergokoena eta sukaldeetakoa eta garbiketakoa, berriz, 2009tik. Grebara jotzea beste aukerarik ez dute ikusten. Izan ere, sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak mahai negoziatzaileetara deitu bai, baina ez du modurik ematen ados jartzeko. Hala dio Lorea Igartua LABen irakaskuntza arloko ordezkariak: «Mahai negoziatzaileetara deitu deitzen dute, baina ez dugu inoiz lortzen guk nahi ditugun edukiak mahai gainean jartzea».
manifestazioak
- Bihar. Bilbon, Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik Arriagara, 11:30ean hasita.
- Etzi. Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 11:30ean. Bilbon, Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik abiatuko da; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Bilbo plazatik.
Gauzak antzera ikusten ditu Steilaseko idazkaritza nazionaleko kide Haizea Arbidek ere: «Uste dugu [Hezkuntza Sailak] grebarako aukera baino ez digula utzi». ELAko hezkuntza arduradun Miren Zubizarretak gehitu du «aitzakiak» erabiltzen ari direla «negoziazio errealik» egon ez dadin. Haren ustez, bi dira nagusiki: dirurik ez dagoela eta eskumenik ez dutela. «Uste dugu eskumenak defendatu egin behar direla. Zerbitzu publikoei dagokienez, hemen erabaki behar dugu zer zerbitzu publiko nahi ditugun, zenbat langile publiko behar ditugun eta zer soldata eta baldintza izango dituzten. Uste dugu Eusko Jaurlaritzak borondatez egin diola uko eskumenak defendatzeari».
Eta lan akordioak berritu eta eguneratu ez izanak ikasgeletan isla duelakoan dago Zubizarreta: «Ondorioak ditu langileen lan baldintzetan, eta zailtasunak daude lan egiteko orduan». Lan zama handiak, osasun arazoak, erosahalmenaren galera, burokrazia... Sindikatuetako ordezkariek berehala deskribatu dute eskoletako egunerokoa.
Horiek horrela, badituzte hezkuntza publiko osorako eskaera batzuk. Arbidek zerrendatu ditu. Bat: langileen lan zamak arintzea. Bi: langile taldea gaztetzea. Hiru: galdutako erosahalmena berreskuratzea. Datu bat eman du: «2010etik, %23 galdu dugu dirutan». Eta lau: lanpostuak egonkortzea. Egungo hezkuntzaren erronka nagusietako bat aipatu du Zubizarretak: jaiotze tasaren jaitsiera. «Aukera hori probestu behar da eskoletan hezkuntza hobea eskaini ahal izateko. Ikasle gutxiago baldin badaude matrikulatuta, probestu beharko litzateke ratioak jaisteko, baliabide gehigarriak jartzeko, gaztetze planak aktibatzeko...». Halaber, badute beste eskaera bat ere, funtsezkoa: hezkuntza publikoa erdigunean jartzea. Arbide: «Diru gehiago inbertitu behar da hezkuntza publikoan, bertako langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko; kalitatezko euskal eskola publikoa behar dugu». Igartuaren irudiko, langileen lan baldintzak hobetzeak lagunduko du zerbitzu hobea eskaintzen: «Inbertsioa handitu behar da eskatzen dugun guztia aurrera eramateko. Uste dugu horren guztiaren bidez bermatu egingo dela hezkuntza publikoa kalitatezkoa izatea; ez gara lan baldintzen inguruan bakarrik ari».
Eskaera zehatzak
Eske orokorrak ez ezik, sektore bakoitzaren beharrak eta eskaerak ere aletu ditu Igartuak. «Baldintza prekarioenak» dituen eta feminizatuena dagoen sektorea sukaldeetakoa eta garbiketakoa dela dio. Azaldu duenez, gainerako sektoreetakoek baino lanaldi luzeagoa dute, eta ezinbestekoa da ratioak jaistea eta garbitu beharreko metroak gutxiago izatea. Bada, beraz, zer hobetua: «Soldatarik apalena daukate, eta zerbitzu asko pribatizatuta daude; zerbitzu horiek lehengoratzea nahi dugu, pribatizazioa bukatzeko neurriak hartzea, baita gutxieneko kontratuak lanaldi erdikoak izatea ere».
Haurreskolak partzuergoari dagokionez ere, eskaera errenkada: lan zamak arintzeko, ratioak hobetzea; lantaldea gaztetzeko plan bat negoziatzea; erosahalmena berreskuratzea; lanpostuak egonkortzea eta bermatzea, lizentziak eta baimenak hobetzea, euskara eguneratzeko formakuntza planak negoziatzea... Igartuak bereziki aipatu du ordezko langileen egoera: «Ordezkapenak oraindik ere telefonoz banatzen dira, eta gainerako taldeetan badago aplikazio bat, lan hori guztia errazten duena».
Sindikatuek irakasleen baldintzetan ere eragin asmo dute. Gehiegizko lan zamak hartu ditu hizpide Igartuak. Horiek murrizteko, nabarmendu du irakas-orduak murriztu behar direla etapa guztietan, eta eskatu du eskolak baliabidez hornitzeko, hala nola baliabide gehiago jarriz hezkuntza premia bereziak dituzten umeak artatzeko. Zera gaineratu du: «Burokrazia eta lan zamak arintzeko, neurri zehatzak ezarri behar dira, zeren gero eta denbora gehiago eskaini behar zaie lan burokratikoei». Bestelako neurrien zerrenda bat ere egin du: lanpostuak egonkortzea eta bermatzea, behin-behinekotasuna apaltzea, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen mahai propioa eratzea, lana eta bizitza uztargarri izateko neurriak hartzea.... Lan osasuna bermatzea ere ezinbestekotzat dauka, «hutsune handia» baitago: «Eskatzen dugu bermatuta izatea mediku azterketak egiteko eskubidea». Baita euskara sustatzea ere: «Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duten politikak ezarri behar dira, bai ikasleen bai langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko».
Greba egunak gerturatu ahala, sindikatuetako ordezkariek nabaritu dute giroa berotzen ari dela ikastetxeetan. Hala azaldu du Zubizarretak: «Uste dugu hezkuntza publikoko langileak gogotsu daudela». Kalean indar erakustaldia egitea espero du Arbidek: «Argi daukagu hezkuntza komunitateak badaukala kontzientzia, komunitate sendoa dela eta hezkuntzako langileek beti erantzuten dutela indartsu. Uste dugu langileen haserrea adierazteko ordua dela». Ezinbestekoa izango baita hobekuntzak lortzeko. Igartua: «Espero dugu borrokaren bidez lortu egingo ditugula eskatzen ditugun gauza hauek guztiak».
Eta, aurrera begira, zer? Irizten diote «balorazio bat» egin beharko dela greba dinamikaren bukaeran. Baina zera ohartarazi du Zubizarretak: «Uste dugu parte hartzea zabala izango dela langileen artean, eta espero dugu Hezkuntza Sailaren aldetik aintzat hartzea eta erantzun egokiak ematea eskaerei. Bestela, dinamika honekin aurrera egiten saiatuko gara, eta erantzun egokirik ez badago, ez dugu baztertzen grebei jarraipena ematea».
Nafarroan ere bai
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan ere egina dute grebarako deia. Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk deituta, hezkuntza publikoko irakasleek egingo dute, urtarrilaren 30ean. Ez da ikasturte honetako bakarra. Ikasturte hasieran ere bi lanuzte egin zituzten, eta, horren ostean, Afapna, ANPE eta UGT sindikatuek —gutxiengoa dira— akordio bat izenpetu zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin. Alabaina, Steilas, LAB, CCOO eta ELA ez zeuden ados, eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki zuten, «ozen» aldarrikatzeko ez dutela «xantaiarik eta ultimatumik» onartuko, eta «benetako negoziazio prozesu bat» bultzatzeko.