Eutsi egingo diete hezkuntza publikoko irakasleen grebei

Eztabaida luzeen ostean erabaki dute grebak bertan behera ez uztea. Jaurlaritzak sindikatuei egotzi die «interes partikularrak» defendatzea. Gaur manifestazioa izango da Bilbon. 27.000 irakasle inguru daude grebara deituta.

Hezkuntza publikoko irakasleen protesta bat, otsailean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hezkuntza publikoko irakasleen protesta bat, otsailean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko martxoaren 25a
02:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Negoziazioak luzeak izan dira, zazpi orduan baino gehiagoan egon dira bilduta sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak; langileen ordezkariak 02:30 aldera atera dira Lakuatik, eta hizketaldiek ez dute fruiturik eman oraingoz: BERRIAk jakin duenez, ez dute lortu hezkuntza publikoko irakasleentzako lan hitzarmena berritzea, eta, ondorioz, eutsi egingo diete gaurko, biharko, etziko eta apirilaren 1erako eta 2rako deituta zeuden grebei; Steilas, LAB eta ELA eta CCOO sindikatuek egin dituzten deialdiak, eta 27.000 irakasle inguru daude grebara deituta.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordiorako proposamen bat aurkeztu zuen atzo, baina ez da nahikoa izan, sindikatuen ordezkarien ustez. Steilasek du gehiengoa hezkuntza publikoko irakasleen artean, eta sindikatu horretako ordezkariek grebei eusteko arrazoien berri eman diote BERRIAri: «Hurbilketak lortzen ari ginen arren, eta eginahalak egin ondoren, jarritako neurriak ezeztatu dituzte ordu luze hauetan, eta onartutzat ematen zena bertan behera utzi».

LABek ere beharrezkotzat jo du greban jarraitzea. Ziurtatu du «amaierara arte saiatu arren» ez dutela hitzarmena lortzerik izan. Horrenbestez, protestarako deia egin du: «Inoiz baino indar handiagoz, ikastetxeak hustu eta Bilboko kaleak txiki utziko ditugu».

Eta ELA ere ez dago konforme Jaurlaritzaren eskaintzarekin. Nabarmendu du ez dagoela «ganorazko proposamenik»: Jaurlaritzak ez duela ratioak jaisteko eskaintzarik egin, lanpostuak egonkortzeko neurririk ez dagoela... Hortaz: «Prest gaude eskariak bete arte greban jarraitzeko».

Jaurlaritzak ohar bidez salatu du grebek «kalte» egiten diotela hezkuntza sistemari, eta «interes partikularrak» defendatzen dituztela. «Greba honek ez du zerikusirik hezkuntza sistema hobetzearekin. Interes ekonomiko neurrigabeak eta helburu politikoak uztartzen dira, eta ez dira lagungarriak ikasleei kalitatezko hezkuntza emateko, ezta zerbitzu publikoek egoki funtzionatzeko ere».

Negoziazio luzea

Eztabaida ez da nolanahikoa izan; luze jo du. Gobernuak eta sindikatuek hitzordua jarria zuten atzo 16:00etarako, baina sindikatuek denbora eskatu zuten Hezkuntza Sailak mahai gainean jarritako azken proposamena aztertzeko, eguerdian jaso baitzuten proposamen hori. Bilerak 19:00ak aldera hasi ziren, eta goizaldera arte iraun. Eragile guztiak batera bildu ziren aurrena, baina Jaurlaritzak aldebiko bilkurak ere egin zituen sindikatu bakoitzarekin, banaka. 02:15 aldera amaitu dituzte negoziazioak.

Hortaz, irakasleek kaleak hartuko dituzte berriro ere. Zehaztuta dauzkate manifestazioen deialdiak: gaur, asteartea, Bilbon, 11:30ean; Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik hasita. Biharko, berriz, hiru manifestazio: Bilbon, Arriaga plazatik abiatuta; Gasteizen, Bilbo plazatik hasita; eta Donostian, Bulebarretik aterata. Guztiak 11:30ean hasiko dira. Eta ostegunean, Donostian, 11:30ean, Bulebarretik aterata.

Uste dute badutela grebarako motiborik. Izan ere, irakasleen egungo lan hitzarmena 2010ekoa da; hots, hamabost urte daramatzate itun berarekin. Langileen ordezkariek ikusten dute zer hobetua: besteak beste, lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Hezkuntza publikoko irakasleen greba hauek badute aurrekaririk: hain zuzen, urtarrilean eta otsailean beste lau egunetan egin zituzten lanuzteak. Hezkuntza Sailak aspalditxoan izan ditu beste lan gatazka batzuk ere: Haurreskolak partzuergokoa eta sukaldeetako eta garbiketako langileena; alta, zenbait greba egunen ostean, langileen ordezkariek eta Hezkuntza Sailak lortu zuten ados jartzea, eta sektore bakoitzerako lan hitzarmen berria izenpetu zuten.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.