Beste 48 ordu protestan etenik gabe, hezkuntza publikoko baldintzak hobetzearen alde

Berrogei bat irakaslek Eusko Jaurlaritzako bulegoen aurrean igaro dute gaua: «Nekea nabari da, baina geroz eta indartsuago gaude». Iragarri dute beste gau bat emango dutela han, biharko manifestazioa bertan egingo denez gero.

Greban dauden hezkuntza publikoko irakasle batzuk, atzo iluntzean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean bilduta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Greban dauden hezkuntza publikoko irakasle batzuk, atzo iluntzean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean bilduta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko apirilaren 1a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Hotza izan da egunsentia Gasteizen. Termometroan bost gradu 08:00etan, eta ihintzak bustita daude belardiak, baina gogotsu esnatu dira gaua Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean pasatu duten irakasleak. Hezkuntza Sailari presio egin nahi diote, lan baldintzak hobetzeko dauzkaten eskakizunak onartu ditzan. Hezkuntza publikoko irakasleen greba zikloaren barruan egin dute kanpaldia.

Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean belardi zabal bat dago, autobus geltokiaren alboan. Han elkartu zen irakasle talde bat, atzo 19:30 inguruan, Lan hitzarmen duina orain! lelopean. «Nahiko era inprobisatuan elkartu ginen», gogoratu du bertan gaua pasatu duen irakasle talde batek. «Ikastetxeetan elkartzea zen asmoa, baina, azkenean, erabaki genuen hemen elkartzea, indar handiagoa izango zuelakoan», zehaztu du Mikel Irisarri irakasleak. Berrogei bat lagun elkartu dira, dozena bat kanpin dendatan, baina atzo iluntzean egin zuten elkarretaratzean are gehiago izan ziren. «Gaua ondo joan da. Udaltzainak etorri dira gu identifikatzera, baina ez dugu arazorik eduki».

Zehaztu dute mobilizazioa sindikatuek deitutakoetatik apartekoa dela. «Honek erakusten du irakasleak elkartuta gaudela, saretuta. Hori ona da», kontatu du Irisarrik. Aitortu du nekea geroz eta ageriagoa dela, ez baitira alferrik pasatu zortzi greba egun urtea hasi zenetik, eta, gainera, erosotasun handirik gabe igaro dute gaua, baina «geroz eta indartsuago» ikusten ditu irakasleak. «Biharkoa gauza handia izango da», iragarri du. «Ez badituzte gure eskakizunak onartzen, borrokan jarraituko dugu».

Gaur ere kanpaldia egingo dute berriro, 19:00etan. Jende gehiago espero dute, irakasle gehiago daudelako jakinaren gainean eta sindikatuek biharko antolatutako mobilizazioak Gasteizen izango direlako.

«Honek erakusten du irakasleak elkartuta gaudela, saretuta. Hori ona da» 

MIKEL IRISARRIGaua kanpatuta igaro duen irakaslea

Eguna argitu duenean, bereizi eta eskoletako atarietara joan dira, piketeetan parte hartzeko. 11:30ean, Gasteizko erdigunean elkartu dira, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako manifestazioan joateko. Jendetsua izan da mobilizazioa, eta bete egin dute Foru plaza. Hezkuntza publikoaren eta negoziazioaren aldeko oihuak etengabeak izan dira; «Pedrosa, tranposa, entzun gure ahotsa», abestu dute aho batez, esaterako. Itunpeko eskolekiko aldeak nabarmentzeko kartelak eta aldarriak ere izan dira.

Bilbon eta Donostian ere mobilizatu dira. Han ere jende ugari elkartu da. Sindikatuen zenbaketaren arabera, grebara deituta zeuden 27.000 irakasleen hiru laurdenek bat egin dute grebarekin. «Zorionak. Gaur ere Gasteizko, Bilboko eta Donostiako kaleak hartu ditugu, eta jada badira zortzi egun», txalotu dute Gontzon Moratalla LABeko ordezkariak eta Ainhoa Ferran Lopez ELAkoak, Gasteizko manifestazioaren ostean hitza hartu dutenean deitzaile guztien izenean. Hiru mobilizazioetan mezu bera irakurri dute.

Hezkuntza publikoko irakasleak, gaur, Bilboko manifestazioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Hezkuntza publikoko irakasleak, gaur, Bilboko manifestazioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Lan hitzarmena berritzeko garaia dela azpimarratu dute. «Hamabost urte dira ez dela eguneraketarik egin. Aski da». Hitzarmen berriak hauek jaso behar ditu, haien hitzetan: lan zama arintzeko neurriak, klaustro egonkorrak, irakasleen osasun fisikoa eta mentala zaintzeko baldintzak, soldata hobeak, lantaldeak gaztetzeko planak, euskalduntzean eta berdintasunean aurrera egin ahal izateko baliabideak, burokrazia gutxiago, eta ikasleentzako denbora gehiago. «Gure lan baldintzak dira, ikastetxeak dira, ikasleak. Hezkuntza publikoa da». Hain zuzen, salatu dute Hezkuntza Saila mintzo dela eskaerek zerikusirik ez balute bezala hezkuntza publikoarekin eta ikasleen beharrei erantzutearekin.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gaurko gobernu bileraren ostean esan du gobernua negoziatzeko prest dagoela. «Akordioak lortzeko borondatea irmoa da. Jaurlaritzaren ateak zabalik daude. Baina, negoziazioak aurrera eramateko, lasaitasuna behar da. Horregatik, sailak erabaki du mobilizazioak amaitu arte itxarongo duela negoziazioei berrekiteko». Bi aldeek bilera tekniko bat adostua zuten atzoko, baina Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen azkenean. «Benetan inporta duen horretan jarri behar da arreta. Ez gara lan gatazka batez ari, baizik eta oso garrantzitsuak diren beste gauza batzuez: gure hezkuntza sistema, ikasleak, atzean dauden familiak eta eman beharreko zerbitzu publikoa».

Bederatzigarrena

Bihar ere greba eguna izango da hezkuntza publikoan. Bost greba eguneko zikloko azkenekoa izango da, urteko bederatzigarrena. Gasteizen elkartzekoak dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzara joango dira. Orain arteko mobilizazioetan, irakasleek idatzi egin dituzte euren eskakizunak,  eta kutxa batean gorde; bada, bihar exijentzia horiek guztiak entregatuko dituzte. Eskola publikoetako familiek ere babesa adieraziko diete: «kalitatezko hezkuntza publikoaren» alde egingo dute protesta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan, 17:00etan.

«Grebek mugiarazten dute Jaurlaritza», esan dute Moratallak eta Ferranek, erreferentzia eginez Haurreskolak partzuergoko, sukaldeetako eta garbiketako langileen kasuari. Zenbait greba egunen ostean, langileen ordezkariek eta Hezkuntza Sailak lortu zuten ados jartzea, eta sektore bakoitzerako lan hitzarmen berria izenpetu zuten. Hortaz, argi adierazi dute zer asmo duten: «Kaleak hartzen jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.