Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko grebak ez du hausporik galdu deialdiaren bigarren egunean. LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuen arabera, protestak jaso duen babesa lehen egunekoaren antzekoa izan da. «Oihartzun handia izan du, %75etik gorakoa, atzo bezala», zehaztu dute elkarrekin publiko egin duten balorazioan. Halaber, nabarmendu dute milaka pertsona batu direla Bilbon, Donostian eta Gasteizen eginiko manifestazioetan.
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, ordea, erantzuna apalagoa izan da. Oraingoz, ikastetxeen %93ren datuak dituzte, eta irakasleen %47k egin dute greba.
Erlazionatuta
30.000 langile deitu dituzte grebara sindikatuek. Halere, salatu dute askok ezin izan dutela bat egin Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direlako. Deitzaileek nabarmendu dute bi egun hauetako deialdien «arrakastak» argi erakusten dutea langile gehienek haien eskakizunak babesten dituztela, eta, aldaketarik ezean, otsailaren 27an eta 28an grebara joko dutela berriz.
Sindikatuek nabarmendu dute hamabost urte igaro direla lan hitzarmenak eta haiei loturiko lan baldintzak azkenekoz berritu zituztenetik
Greba honen bidez, sindikatuek hiru mezu bidali nahi izan dizkiote Jaurlaritzari. Batetik, hamabost urte igaro direla lan hitzarmena eta lan baldintzak azkenekoz eguneratu zituztenetik. Bestetik, lan zama, enpleguen kontsolidazioa, erosahalmena, lan osasuna, euskara, hezkidetza eta halako gaiak mahai gainean jartzeko garaia dela. Eta, azkenik, grebekin jarraitzeko «indarra» dutela.
Ikastetxe askotan ez da jardunik egon
Deitzaileek nabarmendu dute hainbat ikastetxetan ez dela batere jardunik egon. Haien arabera, esaterako, Gipuzkoan, Martuteneko ikastetxean, Lauaizeta Bigarren Hezkuntza Institutuan eta Harri Berri Oletan erantzuna %100ekoa izan da. Igeldo Herri Eskolan %93koa izan da; Koldo Mitxelenan, %80koa; eta, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastolan, %85ekoa. Bizkaian, berriz, Atxuriko eta Txurdinagako eskoletan (Bilbon) greba erabatekoa izan da; Albizen %70ko erantzuna izan du; Sestaoko Itxasoko aman, %97koa; Santurtzin, %100ekoa; eta Barakaldoko Minas BHIn, %81ekoa. Araban, azkenik, Toki Eder ikastolan langileen %74,6k egin dute greba; Salburuan, %90k; Lopez de Gereñun, %82k; eta Zabalgana BHIn, %80k.
Gauzak horrela, hezkuntza sailari «edukirik gabeko mahaiak» deitzeari uzteko eskatu diote, eta grebak desaktibatzeko estrategiak alboratzeko. Hezkuntza publikoa indartzeko inbertsioa handitzea ezinbestekoa dela adierazi dute, eta, hartara, lan baldintzak hobetu ahal izateko.
Greba egun gehiago ere izango dira aurki hezkuntza publikoan, otsailekoak baino lehen. Izan ere, hurrengo astean greba egunak dituzte Haurreskolak partzuergoko langile, sukaldariek eta garbitzaileek. Haurreskolak partzuergoan urtarrilaren 28an eta 29an izango dira grebak; eta, sukaldean eta garbiketan, urtarrilaren 30ean eta 31n.