Urte honen hasierarako hamabi greba egunetara deituak zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko langileak: lau eguneko deialdia zegoen irakasleentzat; beste laukoa garbiketako eta sukaldeko langileentzat; eta beste laukoa Haurreskolak partzuergokoentzat —bi egin zituzten, lan hitzarmen berria ontzeko akordioa lortu baitzuten—. Eta gaur amaitu da ziklo hori. Alabaina, langileen ordezkariek zabalik utzi dute protestan jarraitzeko atea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aldarrikapenei erantzun ezean kalera ateratzen segituko dutela esan dute: «Grebekin jarraitzeko indarra daukagu».
Izan ere, Steilas, LAB, ELA eta CCOOren arabera, grebek «oihartzun zabala» izan dute; gaur, esaterako, nabarmendu dute irakasleen %75ek lanuztearekin bat egin dutela. Horregatik, aztertuko dute aurrerantzean zer bide urratu: «Gaurko emaitza kontuan izanda, deialdi honetan gauden sindikatu deitzaileok baloratuko dugu datozen mobilizazioak nolakoak izango diren».
Aldiz, grebaren erantzuna dezente apalagoa izan da Hezkuntza Sailaren arabera. 27.000 irakasle zeuden deituta, eta, haien esanetan, %47k egin dute bat grebarekin —eskolen %93ren datuak dituzte—.