Egungo hezkuntza sistema «duala, klasista eta arrazista» dela salatu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak gaur goizean, Bilbon. «Bi mailako» ikasleak sortzen dituela deitoratu dute, eta manifestazioa egingo dute azaroaren 6an, eskola publikoak administrazioaren «lehentasun osoa» izan dezala eskatzeko. Maribel Lopez de Luzuriaga bozeramaileak nabarmendu du sare publikoa eta pribatua «ez direla berdinak», eta hezkuntzak ez lukeela «merkatuaren menpe» egon beharko.
Egoeraren larritasuna azpimarratu du Lopez de Luzuriagak: «Europako eta Espainiar Estatuko erkidegorik segregatzaileenetako bat gara». Topagunearen arabera, eskola publikoa da gizarte kohesioari ekarpenik handiena egiten diona, «jatorrizko ezberdintasunak berdintzen» dituelako, «inklusiboa den bakarra» delako, eta «ikasle gehien euskaldundu eta euskalduntzen dituena» delako. Salatu du, bestalde, sare pribatuak segregazioa eragiten duela: «Sare pribatuko ikastetxeek kuota ekonomikoak, erlijioa eta gardenak ez diren beste irizpide batzuk erabiltzen dituzte maiz egoera zaurgarrian dauden familiei sarbidea [ukatzeko]».
Lege berria, arrisku
Hezkuntza lege berriaz Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren adierazpenak «kezka handiz» hartu dituztela aipatu du Lopez de Luzuriagak, eta adierazi du prozesu gardena izan behar dela. Haien aburuz, lege berria «ez da eskola publikoaren komunitatetik atera». «Oraingo presa horrek beldurtzen gaitu. Beste eragile batzuen presiopean izan dela uste dugu, eta beldur gara ez ote duen balioko dugun sistema hau legitimatzeko», azaldu du Lopez de Luzuriagak. «Horregatik ikusten dugu momentua publikoa aldarrikatzeko eta kalera ateratzeko».
Besteak beste, hezkuntza pribatu eta itunpekoari mugak jartzeko eskatu diote administrazioari, eta «eskola bakarra» eskatu dute. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudi» bat sortzeko.
Hainbat eskualdetako plataformak eta sindikatuk babestu dute deialdia. LAB, Steilas, CCOO, ESK eta CNT izan dira horien artean. Antolatzaileek azaldu dute ELA sindikatua ez dela batu deialdira «gauza batzuetan» ez dutelako Topagunearekin bat egiten, baina egin diotela manifestaziora joateko gonbita eta haien erantzunaren zain daudela.