Ikasturtea hasi berritan, egoeraren azterketa egin du Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak, Eibarren egindako agerraldi batean. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari egokituko zaio Hezkuntza Legea garatzea, eta, landu beharreko plan estrategikoari begira, langile eta baliabide gehiago jartzea eta euskara indartzea galdegin dio.
Plataformaren arabera, sare publikoak izan behar luke hezkuntza sistemaren ardatza, eta «eskaintza publikorik ez dagoenean itundu beharko lirateke gela pribatuak». Sare pribatuak «gehiegizko presentzia» duela deritzote, eta hori azken hamarkadetako politiken ondorio dela gaineratu dute.
Euskarari dagokionez, ikasleak euskalduntzeko sare publikoa «ezinbesteko tresna» dela iritzi diote: iragan ikasturtean, bi urteko haurren %98 D ereduan matrikulatu ziren. Hala ere, euskalduntzen ez duten ereduen finantzaketak etengabe handitzen jarraitzen duela salatu dute.
Era berean, kritikatu dute ikasle zaurgarrienak modu orekatuan banatzeko «ustezko saiakerak» ez duela fruiturik eman. Haien ustez, egungo publikoaren eta itunduen arteko sistema dualak ikasleen segregazioa sortzen du, eta hori «kaltegarria da euskalduntzeari eta bizikidetzari begira». Ikastetxe pribatuei finantzaketa etetea galdegin dute, azkenik.