Hezkuntza publikoa «indartzeko» ituna sinatu du Nafarroako Gobernuak, gehiengo sindikala kontra duela

Akordioa kritikatu dute Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek: «Oso eskasa da». Ituna sinatu duten sindikatu minoritarioen «jarrera kolaborazionista» txarretsi dute.

Hezkuntza publikoaren aldeko ituna sinatu dute Nafarroan. Irudian, Carlos Gimeno kontseilaria —bigarrena ezkerretik—, ANPE, Afapna eta UGTren ordezkariekin batera. NAFARROAKO GOBERNUA
Hezkuntza publikoaren aldeko ituna sinatu dute Nafarroan. Irudian, Carlos Gimeno kontseilaria —bigarrena ezkerretik—, ANPE, Afapna eta UGTren ordezkariekin batera. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2025eko apirilaren 14a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako hezkuntza sistema publikoa zurrunbiloaren erdian dago ikasturtea hasi zenetik. Irakasleek eta sektoreko sindikatuek behin eta berriro salatu dituzte ratio handiegiak, irakasleek urteetan galdutako erosahalmena, lan gainkarga eta kontratuen behin-behinekotasuna. Ez hori bakarrik: Hezkuntza Departamentuaren eta, batez ere, Carlos Gimeno kontseilariaren «itxikeria» eta «jokabide harroa» kritikatu dituzte orain arteko mobilizazio guztietan. Egoera onbideratzeko xedez, «ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko ituna» sinatu dute gaur Nafarroako Gobernuak eta ANPE, Afapna eta UGT sindikatuek. Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk, aldiz, gogor kritikatu dute agiria, eta iragarri «borrokari» eutsiko diotela aurrerantzean ere.

Gimenok berak aurkeztu du ituna, ANPEren, Afapnaren eta UGTren ordezkariekin batera. Kontseilariaren irudiko, «eragile sindikalen eta departamentuko negoziatzaileen esfortzuaren fruitua» da dokumentua, eta «oso positiboa» izanen da, «irakasleen eskaera garrantzitsuenei erantzuten dielako», hala nola ratioen jaitsierari, errefortzu orduei eta lan burokratikoa murrizteari. Soldatei dagokienez, agirian ez dute neurri zehatzik jaso, «sinatzaileek planteatutako hobekuntzak Funtzio Publikoari helarazteko» konpromisoaz harago.

Hezkuntza Departamentuaren oharrean irakur daitekeenez, ituna «kontsentsuzko dokumentua» da, eta hezkuntza publikoaren mahai sindikalean adostu dute: «Hezkuntzako Sektorearen Mahaiarekin izandako kontaktuak eta negoziazioak jarraituak izan dira ikasturte honetan, eta astero egin dira bilerak». Egiazki, baina, mahai horretako ordezkari sindikal gehienek ez dute begi onez ikusi proposamena. Are: Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek ohar bateratua argitaratu dute itunaren harira, eta, bertan, azaldu dute «oso eskasa» dela gobernuak mahai gainean jarritako neurri sorta.

Ratioak behera

Hezkuntza Departamentuak ohar bidez azaldu du gaur sinatutako itunari esker ratioak jaitsiko dituztela Haur eta Lehen Hezkuntzan 2025-2026 ikasturtetik aurrera, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, hurrengo ikasturtean: 2026-2027koan. Ratio horiek ez dira era berean aplikatuko ziklo eta ikastetxe guztietan: Haur eta Lehen Hezkuntzan, adibidez, ikasgela bakoitzak 23 ikasle hartu ahalko ditu gehienez ere, eta «ikaslerik zaurgarrienak» dituzten zentroetan, berriz, are txikiagoa izanen da kopurua: 20 ikaslekoa Haur Hezkuntzan eta 22koa Lehen Hezkuntzan, datorren ikasturtetik aurrera.

DBHn, ikasleen ratioa koska bat gorago egonen da: ziklo horretako lehen mailan, 28 ikaslekoa izanen da gehienez ere, 2026-2027 ikasturtetik aurrera. Gobernuak «konpromisoa» hartu du, gainera, murrizketa hori gainerako mailetan ere aplikatzeko, «era progresiboan», ituna indarrean den bitartean. Ratioen murrizketari buruzko lerroburu handiek, ordea, badute letra xehez idatzitako pasarterik ere: bat, ikasle errepikatzaileak ez dituzte zenbatuko ratioak kalkulatzeko garaian; eta bi, gobernuak atea zabalik utzi du itunean jasotako ratioak «berrikusteko», baldin eta datu demografikoen gaineko azterketa batek halakorik aholkatuko balu.

Hain zuzen, ratioak murrizteko era txarretsi dute Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek, gaur zabaldutako oharrean. Gaizki iruditzen zaie Lanbide Heziketa eta Batxilergoa ratioen murrizketatik kanpo utzi izana, eta baita landa eremuko eskolak eta orientatzaileak ere. Horrez gain, kritikatu dute ikasle errepikatzaileak aintzat hartu ez izana ratioak kalkulatzeko: «Era horretan, ikasgeletan ez dute nabarituko inongo ratio jaitsierarik».

«Oso zehaztugabea da»

Irakasleen gainerako aldarrikapenei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak dio «neurri ugari» jaso dituela itunean, «irakasleen osasuna» babesteko eta «behin-behinekotasuna murrizteko». Horietako asko, baina, ez daude zehaztuta, eta beste batzuk prozedura administratibo luzeen menpe daude. Adibidez: kontratuen behin-behinekotasunari aurre egiteko tenorean, itunean jasota dago «lantalde bat» sortuko dutela gobernuak eta sindikatuek 2025eko ekaina baino lehen, eta lantalde horrek helburutzat izanen duela «behin betiko postua lortzeko irizpideak ezartzea, Nafarroako ikastetxe publikoen beharrak kontuan izanik».

Zehaztugabetasun hori kritikatu dute Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk: «Lan gainkargari buruz proposatutako neurriak oso zehaztugabeak dira, eta gehienak lotuta daude burokrazia arintzearekin». Kontratuen egonkortasunari dagokionez ere «neurri eraginkorrik eza» txarretsi dute: «Ezegonkortasunak bere horretan iraunen du, ez baitago borondaterik benetako interinitatea murrizteko».

Halaber, hezkuntzako mahaian gehiengoa duten sindikatuek nabarmendu dute departamentuak ez duela proposamen zehatzik egin irakasleen soldatak igotzeko: «Lansariei buruz egin duten aipamen bakarra da sindikatuen proposamena eramanen dutela Funtzio Publikoaren mahai orokorrera, konpromisorik hartu gabe». Horiek horrela, ez dirudi hezkuntza publikoaren aldeko itunak balioko duenik departamentuaren eta gehiengo sindikalaren arteko sua amatatzeko.

Lanuzte sortan azkena

Gaur, adibidez, Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek protesta egin dute Iruñerriko ikastetxe publikoetan. Azkenekoa izan da, otsailean iragarritako mobilizazio sortaren barruan. Bi hilabetez, lanuzte partzialak egin dituzte eskualdeka, eta, horietaz gain, lau greba egun, ikasturtea hasi zenetik: hiru hezkuntza publikoaren sektorean —irailean, urrian eta aurtengo urtarrilean—, eta azkena, iragan astean, Nafarroako funtzio publiko osoari eragin ziona.

Denbora horretan, Hezkuntza Departamentuak zenbait proposamen egin ditu mobilizazioen zikloa desegiteko xedez, baina ez du lortu langileen ezinegona apaltzerik. Azaroan, hezkuntza publikoko bigarren greba egin berritan, Carlos Gimeno kontseilariak aurreakordio bat sinatu zuen Anpe, Afapna eta UGT sindikatuekin, eta, horren ondorioz, hiru erakunde horiek protestak babesteari utzi zioten. Gaurko oharrean, hiru sindikatu horien «jarrera kolaborazionista ulertezina» salatu dute Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk: «Hala ere, ez zuten lortu mobilizazioa gelditzea, urtarrileko greban irakasle askok parte hartu baitzuten».

Eskualdekako lanuzteen zikloa bukatuta, «borrokari» eutsiko diotela iragarri dute sindikatuek: «Jasotako guztiarekin, erabakiko dugu zer bide jorratu behar den borrokari eusteko, Hezkuntza Publikoaren arazoak ez baitira konponduko itun honekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.