Hezkuntza euskaraz izango da. Ikasleek aldarri horixe zabaldu zuten atzo kalean. Esaldiari buelta ere eman dakioke: salatu zuten hezkuntzak ez duela behar beste euskalduntzen eta Euskal Herriak ez duela hezkuntza sistema propiorik. Egoera hori eztabaidagai izateko eta kritikatzeko antolatu zituzten atzo Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskara taldeek eta Ikamak manifestazioak, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Donostian, EHUko campusean, 11:15erako geratuta zeuden ikasleak, denak elkarrekin joateko manifestaziora. Bidean, ikasle bat beste bati kontatzen ari zitzaion zer gertatu zen goizean ikasgelaz ikasgela gainerako ikasleei informazioa ematen ari zirenean: «Irakasleek horrela egiten ziguten [txaloak jotzeko itxura egin zuen]».
Dozenaka ziren Ibaetako campusetik abiatu zirenak; 12:00etarako ehunka zeuden Bulebarrean. Hezkuntza euskaraz izango da zioen pankartaren atzean elkartu ziren. Denak aldarri baten atzetik, bakoitza bere arrazoiekin eta bizipenekin. Hala esan zuen Musikeneko lehenengo mailako ikasle batek —ez zuen izenik eman nahi izan—: «Nik, adibidez, ez daukat euskaraz ikasteko aukerarik. Musika ikasten dut Musikenen, eta egia da jende gutxi dagoela euskalduna, baina uste dut aukera eduki beharko genukeela hemengoak garen gutxi horiek euskaraz egiteko; nik ikasgai bat bera ere ez daukat euskaraz».
EHUn, izatez, egoera hobea da, badago euskaraz ikasteko aukera. Baina badago hutsunerik. Ane Agirrek eta Araia Asiainek, esaterako, gradua euskaraz izanagatik ere, zenbaitetan jasotzen dituzte baliabideak eta materialak gazteleraz. Gehitu dute: «Edo esatea hautazko ikasgai bat euskaraz dela eta, gero, gazteleraz egitera behartzea. Horren kontra atera gara, hezkuntza euskaldun baten alde».
Eta EHUn ikasiagatik ere, harago erreparatu du Luken Urtxegik: «Gehienbat Nafarroan zonifikazio legea hausteko helburuarekin eta hezkuntza euskaraz izateko helburuarekin etorri naiz». Zenbait irakasleren gain ere jarri du begirada: «Irakasleak ez dira hagitz euskaldunak; ez dute euskara eredu egokia».
Politikak aldatzea jomugan
Ikasleek «euskaraz ikastea eskubidea da», «hezkuntza honek ez du euskalduntzen» eta «Euskal Herrian hezkuntza euskalduna» oihuen artean eta kale bazterretan pilatutako herritarren begiraden eta flashen pean egin zuten bidea. Bulebarra, Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea eta Argentinar Errepublikaren pasealekua.
Hasi eta ordubete ingurura Bulebarrean bueltan ziren. Hantxe irakurri zuten manifestua Amaiur Izagirrek eta Jabi Arriagak. Nabarmendu zutenez, «aspaldi» jo zituzten kezkagarritzat euskararen aurka hartutako erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen «presentzia murritza» eta euskaraz ikasteko eskubidea «behin eta berriz urratzea».
Bata bestearen atzetik zerrendatu zituzten azkenaldiko «eskubide urraketak»: NUPeko eta EHUko ikasleen etengabeko «eskubide urraketak», Mañeruri (Nafarroa) eremu mistora sartzen ez utzi izana, Uliazpi fundazioarekin lotutako epaia... Kritiko mintzatu ziren: «Ez dugu, gaur-gaurkoz, hizkuntza eta hezkuntza politiketan euskararen aldeko erabaki ausartik ikusten».
Horiek horrela, ezinbestekoa iruditu zaie kalea hartzea: «Herritar eta eragile guztion bultzada behar dugu. Dei egiten diogu herri hau euskaratik irudikatzen duen orori herri aktibazio baterako. Dei egiten diegu instituzioei eta agintariei egoeraren ardura har dezaten eta benetan euskara aurrera eramateko hizkuntza politika eraginkorrak ezar ditzaten». Egiteko horri «behingoz» heltzeko eskatu dute: «Gure hezkuntza prozesua euskalduna izan dadin, ezinbestekoa da langile eusk(ah)aldunen kontratazioa. Premiazkoa ere bai gure edukiak euskaraz izatea, ohituegi baikaude euskaraz ikasten ari garelakoan gazteleraz irakurtzen, idazten eta ikasten».
Azken batean, hauxe ikasleen eskea: «Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat behar dugu». June Aiestaranek bertsoz laburbildu zuen Bulebarrean batutakoen aldarria: «Hezkuntza honen aurrean nola/ ez gara haserretuko/eskubide bat kenduz gero/ gu ez gara kikilduko/ zuek burua jaitsi arte ez/ gaituzue isilduko».
Lau hiriburuetan
Donostian ez ezik, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ere egin zituzten protestak. Antolatzaileen esanetan, orotara, «milaka» gaztek parte hartu zuten: «Hego Euskal Herriko hiriburuetan milaka ikasle batu ditugu hezkuntza prozesu duin eta euskaldun baten alde». Bigarren Hezkuntzako, unibertsitateetako nahiz Lanbide heziketako ikasleak zeuden deituta protestara.
Ikasleen babesa jasotzearekin batera, beste zenbait erakundek ere deialdiekin bat egin zuten: esaterako, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta AEK-k. Halaber, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak adierazi zuen hezkuntza sistema euskaraz eraikitzea «herri komunitate sendo eta feminista eraikitzea» dela.
Eguerdian Bilbora joan ziren, baina EHUren Leioako campuseko (Bizkaia) euskara taldeak campusean bertan ere egin zuen elkarretaratzea goizean. Sare sozialen bidez jakinarazi zuen Ertzaintzak taldeko bost kide identifikatu zituela, eta horietako bati salaketa jarri ziotela.