Hezkuntza

Hezkuntza profesionalak suizidioaren arloan trebatzen hasiko da Jaurlaritza

Osasun Sailarekin batera ondutako estrategia bat aurkeztu dute, zeina ondu baituten ikasleen «ongizate emozionala» bere zabalean aintzat hartzeko helburuarekin uztartuta

arantxa iraola
2022ko urriaren 13a
11:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Osasun Sailak eskoletan suizidioaren gaia lantzeko plan bat atondu dute. Gaur goizean egin dute aurkezpena. 2019an abiatu zuen Jaurlaritzak suizidioaren gaiari era zabal batean erreparatzeko estrategia, eta bide horretan aurrera urrats bat harago egin nahi dute orain gaia eskoletara ere eramanda. Izurriaren harira, eskoletan ikasleen «ongizate emozionala» aintzat hartzeko urratsak ere egin direla gogoratu dute, eta lanerako «esparru» ere hori aintzat hartuta landu dutela plana. «Mimo handiz egindako lana izan da», nabarmendu du Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak. Ondoan izan ditu Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendari Lucia Torrealdai eta Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendari Jose Antonio de la Rica. Planari atxikita, ikasturte honen bigarren hiruhilekoan bertan hezkuntzako profesionalak suizidioaren arloko trebakuntza jasotzen hasiko direla jakinarazi dute.

Plana Osasun eta Hezkuntza sailen arteko «elkarlanaren» fruitua dela nabarmendu dute, eta EHUko eta Osakidetzako hainbat adituk ere parte hartu dutela. Honen bidez «sistematizatu» egin nahi dute eskoletan suizidioarekin lotutako egoerak agertzen direnean nork eta nola jokatu behar duen. Bide batez, eskola bera gaiaz mintzatu ahal izateko espazio bat izatea nahi dute. «Tutoretza orduak, adibidez, egokiak izan daitezke gai horiez hitz egiteko. Hori da prebentzioa», azaldu du Pedrosak. Gaia hizpide nahi dute «egunean eguneko martxako» espazioetan: «Naturala izan behar du«. Aurrerago, bereziki nerabeei begira, «berdinen arteko laguntza» ere sustatuko dute, «balio erantsia» ekar dezakeelakoan. Trebatu egin nahi dituzte horretarako ikasleak ere, baina zehaztu gabe dute oraindik nola egingo duten. Familiekin lan nola egin ere aztertuko dute.

Trebakuntza saioak egiteaz aparte, ondorengo ikasturteetan aztertu nahi dute «trebakuntza» horrek zer emaitza ematen dituen ere. Bide beretik, material curricularrak ere landu nahi dira gaia landu ahal izateko. «Lan handia dugu egiteko», onartu du Pedrosak: «Ez da erraza».

Plana taxuz garatze aldera, «sinergiak» oso garrantzitsuak direla nabarmendu du Pedrosak. Gogoratu du eskoletan bizikidetza «positiboa» sustatzeko lan ildoak martxan direla, eta horien barruan «ahaldundu» behar dela hezkuntza komunitatea suizidioaren inguruan ere. «Horretarako beharrezkoa da gure ikasleei leku seguruak eskaintzea eta interakzio positiboak bermatzea, aukera izan dezaten ikastetxeko parte sentitzeko», azaldu du. «Ikasleek entzunak sentitu behar dute, eta ikusi behar dute irakasleak gai direla zenbait egoera irakurtzeko». Bizikasi programa norabide horretan martxan dela gogoratu du, eta horren barruan irakasleei «estrategia» gehiago ematea dela orain asmoa.

De La Ricak gogoratu du «osasun publikoko arazo nagusienetarikoa» dela suizidioa. Estatuan osoan, hamar izaten dira egunean. EAEn bi egunean behin bat gertatzen da. «Zifra horien atzean pertsonak daude».

Lau mailatan

Ondu duten planak, besteak beste, prebentziorako gakoak eman nahi dituela azaldu du Torrealdaik. «Irakasleek identifika ditzaten arriskuan diren ikasleak». Bigarren maila batean, horiei laguntzeko gakoak ere eman nahi ditu: «Halakoetan zer egin, zer ez egin». Hirugarren maila batean, irizpideak eman nahi ditu jada suizidio ahaleginen bat egin duten ikasleei laguntzeko. Suizidioaren ondoriozko heriotza gertatzen denean dolu hori hezkuntza komunitate osoarekin batera partekatzeko irizpideak ere eman nahi dituzte. «Egon daitezkeen egoera guztiei erantzuteko prest egon behar dute irakasleek», zehaztu du Pedrosak, eta horretarako «erremintak» eman nahi dizkiete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.