Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatuko duen hezkuntza legea erdiestea. Horixe dute xede euskaraz aritzen diren dozenaka kultur eragilek eta sortzailek. Eusko Jaurlaritza hezkuntza lege berria idazten ari den garaiotan, haien eskea eta eskaintza lau haizeetara zabaltzeko baliatu dute Donostian gaur goizean egin duten agerraldia. Batetik, eskaria egin diote administrazioari: legean berariaz jaso dezatela euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatuta egongo dela. Bestetik, eskua luzatu diete: prest agertu dira helburua erdiesteko lan egiteko.
Egungo sistema bestelakoa dela irizten diote, ez dagoela bermatuta euskarazko kulturgintzaren transmisioa. Irakurri duten testu bateratuan jaso dutenez, azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu egin dira: «Sorkuntza testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira...». Eta, hori horrela, itzalak daude transmisioan: «Paradigma honen baitan eta azken urteotako inkestek zein azterketek erakutsi dutenez, eten bat gertatu da, eta gaur egun hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa».
Kezka ez da gaurkoa. Agerraldian azaldu dutenez, hainbat eragile 2019ko urrian jardunaldi batzuetan batu ziren euskal kultur transmisioa hezkuntza aratuaren testuinguruan lantzeko. Orduan ondorioztatu zuten transmisioa «egituratzeko eta sendotzeko» beharrezkoa dela kultur eragileak eta kultura transmisioan aritzen diren eragileak saretzea. Giro horretan iritsi zitzaien hezkuntza akordioaren eztabaida: «Premiazkoa iruditu zaigu hezkuntza itunaren testuinguruan kulturgintzatik geure ikuspegia gizarteratzea, geuk ere ahotsa hartzea etorkizuneko legeak euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntzan berma dezala eskatzeko». Halaber, beharrezkoa iruditzen zaie gaia «lehen lerrora» ekartzea.
Hain zuzen ere, horixe dute eskari nagusia, transmisioa bermatzea: «Egin nahi den hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatu behar du hezkuntza eraldatzailea lortu nahi badugu, eta, hori hala izan dadin, garrantzi handia du legeak modu esplizituan behar hori jasotzeak». Baina, eskatzearekin batera, eskaintzekorik ere badute: «Euskarazko kulturgintzaren ekosistemako eragile garenok kulturgintzaren transmisioa bermatu dadin hartu beharreko neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi dugu». Beste hitz batzuekin esanda: prest daude transmisio hori bermatzearen alde lan egiteko.
Izan ere, berebiziko garrantzia aitortzen diote hezkuntza arautuan egiten den lanari: «Euskararen eta bere kulturgintzaren normalizaziorako estrategikoa da hezkuntza arautuan ere transmisioa bermatzea. Guk ardura eta prestasun osoa dugu hala izan dadin».
63ren babesa
Babes zabala jaso du testuak. Honatx zerrenda osoa:
-Ahotsenea
-Aiaraldea Ekintzen Faktoria
-Bertsozale Elkartea
-Dantzan
-Elkar Fundazioa
-Euskal Aktoreen Batasuna
-Euskal Editoreen Elkartea
-Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea
-Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea
-Euskal Idazleen Elkartea
-Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
-Euskal Herriko Trikitixa Elkartea
-Euskaltzaleen Topagunea
-EuskalPEN
-Galtzagorri
-Gerediaga
-Ibaia
-Jakin
-Lanartea
-Tupust!
-Xabiroi
-Amaia Lasa
-Andoni Tolosa
-Antton Olariaga
-Arkaitz Miner-Beñat Gaztelumendi
-Eñaut Aiartzaguena
-Gari Otamendi
-Irene Aldasoro
-Joseba Tapia
-Oihana Iguaran
-Peter Ansorena
-Xabi San Sebastian
-Yolanda Arrieta
-Ainara Azpiazu
-Alaitz Olaizola
-Ana Galarraga
-Ander Lipus
-Anjel Lertxundi
-Bixente Martinez
-Danele Sarriugarte
-Dorleta Kortazar
-Eider Rodriguez
-Ekaitz Goikoetxea
-Eñaut Elorrieta
-Harkaitz Cano
-Imanol Epelde
-Ines Osinaga
-Irati Goikoetxea
-Iratxe Ormatza
-Jon Maya
-Joseba Irazoki
-Iurgi Ekiza
-Mielanjel Elustondo
-Mikel Inuntziaga
-Mikel Urdangarin
-Nerea Loiola
-Oier Guillan
-Petti
-Rafa rueda
-Txuma Murugarren
-Uxue Alberdi
-Ximun Fuchs