Hezkuntza Legean euskal kultura transbertsala izateko eskatu dute

Kulturgintzako hamaika elkarte eta erakundek bat egin dute Durangoko Azokan, eta kezka agertu dute legearen aurreproiektuaz. Proposamen zehatzak egingo dizkiote Jaurlaritzari

Katixa Agirre eta Imanol Epelde, agiria irakurtzen, eta kultur eragileak eta sortzaileak atzean, atzo, Landakoren kanpoaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñigo Astiz - Mikel P. Ansa
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza lege berriak kezka eragin du kulturgintzaren arloan dabiltzan eragile eta sortzaileen artean. Lege horren zirriborroari buruzko «irakurketa kritikoa» plazaratzeko asmoz elkartu ziren hamaika kulturgile, atzo eguerdian, Durangon (Bizkaia), azokaren atarian. Kultur transmisioa eta ezagutza bermatzeko, hezkuntza lege berrian zein ikastetxeetako curriculumean «ezinbestekoa» izan beharko luke euskal kulturak, agerraldian parte hartu dutenen esanetan. Baina legearen aurreproiektua irakurrita, ez dute ikusten kultura «zehar-lerro» izango den bermerik. «Ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza eremu batzuetan ere». Horregatik, Landako plazan irakurritako manifestuan «kezka handia» azaldu dute, eta gabezia horiek betetzeko eskaria egin diete ordezkari politikoei.

Katixa Agirre idazleak eta Imanol Epelde kultur eragileak irakurri dute kulturgileen testua, eta beste hamaika sortzaile ere izan dira bertan, atxikimendua agertzeko. Bertan izan dira, besteak beste, Joxemari Agirretxe Porrotx, Oier Guillan, Iñaki Ziarrusta eta Eneritz Artetxe antzerkigileak, Elkar, Txalaparta zein Euskal Editoreen Elkarteko ordezkariak, Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendaria, Iratxe Retolaza kultur ikerlari eta eragilea, Laura Mintegi, Jose Luis Otamendi eta Nerea Loiola idazleak, Eider Eibar ilustratzailea, Unai Iturriaga bertsolaria, Mikel Urdangarin musikaria eta Amagoia Gurrutxaga Lanarteako kidea.

Beste kultur eragile askok ere bat egin dute eskariarekin, eta Durangoko adierazpen horri batu zaizkio ondorengo erakunde hauek ere: Jakin, Euskaltzaleen Topagunea, Hik Hasi, EIZIE, Bertsozale Elkartea, Dantzan, Ibaia, EHAZE, Musika Bulegoa, Galtzagorri elkartea, Dantzaz, Ahotsenea, Euskal Pen Kluba, Musikari elkartea eta Euskal Idazleen Elkartea.

Kultura ardatz izateko

Legearen lehen zirriborroak aztertuta, kezka eragiten dieten lau puntu nabarmendu dituzte agerraldian. Bat: lege berriak ez du kultur hezkuntza edo hezkuntza artistikoa «funtsezko adartzat» jotzen. Bi: diotenez, zirriborroak ez dakar euskararen eta euskal kulturaren egoera diglosikoari buruzko aipamenik. Hiru: ez dago euskal kulturari espresuki uztartutako helbururik ere. Eta lau: aurreproiektuak ez du euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatuko duen erakunde, edo funtzio iraunkorrik zehazten.

Hezkuntza lege berrian kulturak zentralagoa behar lukeela uste dute agerraldian izan diren eragileek. Haien hitzetan, kultur hezkuntza baita «jardun eraginkorrenetariko bat», besteak beste, pentsamendu sortzailea eta kritikoa sustatzeko, nortasunaren garapena sustatzeko, zein gizarte kohesioan urratsak egiteko.

Euskarak eta bere kulturak «bereizezinak» behar luketela ere uste dute eragileek, eta hizkuntzaren normalizazioarekin lotuta deskribatu dute kulturgintza. «Euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe». Joan-etorrikoa da harreman hori, gainera, euskara normalizatu ezean, ezinezkoa izango baita ekosistema osasuntsu hori ere, sinatzaileen esanetan.

«Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak prozesuaren amaieran euskaldun oso izango diren ikasleak hezi nahi baditugu, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea». Euskararen eta euskal kulturgintzaren «historia eta oraina» irakasteaz gainera, beharrezko ikusten dute, ikasleei «euskaraz sortzeko grina» transmititzea ere.

Azterketa kritikoa egiteaz harago, proposamen zehatzak egiteko asmoa ere azaldu dute agerraldian, «euskararen eta bere kulturaren transmisioa bermatzeko oinarriak jartzeko». Iragarri dutenez, prest dute horretarako dokumentua, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari igorriko diote aurki. Euren kezka bera duten eragileei deia egin diete plataformarekin harremanetan jartzeko, proposamen horiek zabaldu eta adosteko.

Euskalgintzaren eskaria

Jaurlaritzak irailean aurkeztu zuen hezkuntza lege berriaren oinarria, eta kezkak eragin ditu, ez soilik hezkuntza munduan. Joan den astean 200 lagunek baino gehiagok izenpetutako eskari bat plazaratu zuten Euskalgintzaren Kontseiluak sustatuta, eta atzoko agerraldiarekin bat egiten du horrek ere. Haien ustez, lege berriak ekarri behar du euskara irakas-hizkuntza izatea eta hezkuntza ez arautua ere osorik euskaraz garatu ahal izatea. Baina, horrekin batera, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculum bat garatzeko ere eskatu zioten Jaurlaritzari orduan: «Ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte kohesiorako elementua baita».

Kezka ez da oraingoa, nolanahi ere. Urteak dira kulturgileen artean eztabaidatzen ari dela euskal kulturaren transmisioak dituen ahuldadeez. Joan den ekainean beste agerraldi bat egin zuten kulturgileek, atzo Durangon bezala. Orduan argi esan zuten euren kezkaren arrazoia: «Azken urteotako inkestek eta azterketek erakutsi dutenez, eten bat gertatu da, eta gaur egun hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa».

Duela sei hilabeteko agerraldi hartan, Jaurlaritzari eskatu zioten hezkuntza lege berrian «modu esplizituan» jasotzeko euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatu behar duela hezkuntzak. Hiru hilabete geroago, irailean, legearen aurreproiektuak ez zuen halako ezer jaso. Orain, legeari ekarpenak egiteko aukera baliatu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.