EAE-ko HEZKUNTZA LEGEA

Hezkuntza Legeak euskalduntzeko «berme» izan behar duela gogoratu dute

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du hezkuntzako hainbat eragilerekin, eta legea ontzeko prozesuan «ardura» eskatu diete alderdi politikoei.

Euskalgintzaren Kontseiluko eta hezkuntzako eragileen ordezkariak, agerraldian. ARANTXA IRAOLA, BERRIA
arantxa iraola
2023ko urriaren 20a
12:07
Entzun

Gaur, Donostian, Euskalgintzaren Kontseiluak eta haren inguruan elkartu diren hainbat eragilek gogora ekarri dute bi urte eta erdi joan direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege bat ontzeko prozesua abiatu zenetik. Akordio zabala ere lortu zen 2022ko apirilean legea ontzeko itun baten inguruan; hain justu ere, Eusko Legebiltzarreko taldeen %90ek onetsi zuten, baina ordutik eskastuz joan da adostasun hori, eta bereziki kritikak ozendu dira asteotan, legea ontzeko zuzenketen fasean EAJk eta PSE-Eek adostu baitute hizkuntza ereduek lege berrian ere bere horretan jarraitzea. Horren gaineko kezka azaldu nahi izan dute gaurko agerraldian: «Legea hizkuntza ereduen gainean eraikitzeko aukerak kezka bizia piztu du, ikasgeletako egungo errealitateak jada gainditutako sistema bat den heinean, atzerapauso bat». Horiek horrela, legea euskalduntzeko «berme eta giltza» izan dadin, «ardura» eskatu diete talde poltikoei.

Kontseiluaren agerraldian izan dira gaur hezkuntzako eragile Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi; hezkuntzako gehiengo sindikala —ELA, LAB eta STEILAS—; bai eta Kontseiluko zuzendaritzako kide diren Elkar, AEK, BERRIA eta Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkariak ere. Bertaratu ezin izan diren arren, agerraldiarekin bat egin dute Euskaltzaleen Topaguneak, Artez Euskara Zerbitzuak eta IKAk.

Hizkuntza ereduak guztiz bazterrean utzi beharreko bidea direla gogoratu dute. A ereduan ikasgai bat besterik ez da euskara, B ereduan ikasgai batzuk bakarrik ez dira izaten euskaraz, eta era horretan ikasleak euskalduntzea oso zaila dela gogoratu dute. «Adituen txostenek, datuek eta esperientziak erakusten dute bide horrek eragotzi egiten diela milaka haur eta gazteri euskaraz jabetzea, eta, horrenbestez, oztopo direla euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta gizarte kohesioa sendotzeko».

Ikusi gehiago:Urkulluk esan du Hezkuntza Legea onartzeko «gehiengo zabal-zabala» lortu nahi dutela

Datozen hamarraldietan hezkuntza sistemaren bideak zein izango diren zedarrituko du Hezkuntza Legeak, eta gogoratu dute hizkuntza ereduek ez dutela balio bide horretan. «Ereduen mantentzeak ondorengo belaunaldietan milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo du, eta ateak ixtea. Hau da, milaka haur eta gazteri euskara menderatzeko aukera eragotziko zaie, eta haiei kalte nabarmena eragin, aukera sozial eta profesionalak areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean. Eta, orokorrean, euskararen normalizazioari kalte egingo zaio, eta, horrenbestez, gizarte kohesioari eta bizikidetzari ere bai», esan dute.

Gizarteari dagokion arazo bat dela gogoratu dute, ez hizkuntzaren garapenarekin bakarrik lotutakoa. «Izan ere, ereduen sistemak euskara gutxien dutenei are eta gutxiago ematen die sarritan, eta gizarte kohesioa indartzea eragotzi. Eta, era berean, beste milaka herritarrek hizkuntza eskubideak egikaritzea zailduko du, bizikidetzan sakontzea trabatuz». Hizkuntza ereduen alde talde politiko zenbaitek egunotan erabili dituzten argudioak ere kritikatu dituzte. «Kezkagarria iruditzen zaigu gurasoen erabakitzeko ahalmenaren argudioa erabilita etorkizuneko belaunaldien aukera berdintasuna baldintzatzea. Ereduen sistemak benetako monolinguismo edo elebakartasun batera kondena ditzake milaka haur, gaztelera soilik menderatzera, bertako hizkuntzaren ezagutza nahikorik izan gabe».

Bestelako ildoak

Jarraitu beharreko lan ildoek guztiz bestelakoak izan behar dutela gogoratu dute. «Hezkuntza Legeak, halako atzerapauso baten ordez, aurrera begirako urrats ausartak behar ditu: euskarazko ikasteredua orokortzea; euskara gehiago». Lanabes zaharrak bazterrean utzi behar dira horretarako: «Ezinbestekoa da orain dela berrogei urte oso bestelako testuinguru batean sortutako tresneria berritzea». Bide horretan, aurrez hainbatetan egin duten eran, Kontseiluarentzat eta haren ondoan ari diren eragileentzat jarraitzeko bidea zein den gogoratu dute: «euskarazko ikasteredu orokortu eta inklusiboa ardatz» izango duen hezkuntza sistema bat. Hezkuntza komunitatearen «adostasun zabala» duela gogoratu dute.

Legearen zuzenketak ontzeko prozesu betean dire honetan, «garai kritikoa» dela esan dute. Lege proiektua aurkeztu zenean, balorazio «gazi-gozoa» egin zuten. Ikusi zituzten baleko aldaketak: derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek hizkuntza ofizial bietan B2 maila izateko helburua zehaztea, adibidez, eta, halaber, ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektua landu eta garatu beharra. «Hutsune» asko ere ikusi zituzten, ordea, batez ere ikusi zutelako orokorrean «erabateko lausotasunean» utzi zirela legean bertan hizkuntza arloan jasotako helburuak lortzeko bideak.

«Azken batean, euskara gehiago behar du legeak», nabarmendu dute. «Hain zuzen ere, euskara gehiago, gutxien duenari gehiago emateko». Halaber, curriculumaren ardatza euskal kultura izatea «ezinbestekoa» dela gogoratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.