Beste pauso bat eman du Hezkuntza Legeak: Eusko Jaurlaritzak testua igorri ostean, hasi da lege proiektuaren inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarrean. Atzo izan ziren testuari ekarpenak egiteko lehen agerraldiak Hezkuntza Batzordean. Hezkuntzaren munduko lau ordezkari eseri ziren legebiltzarkideen aurrean: Eduardo Ubieta, ISEI Irakats Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeko zuzendaria; Xabier Balerdi, Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Nagusiko ikuskaria; Urtza Garai, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa; eta Joseba Ibarretxe, Berritzegune Nagusiko hizkuntzen aholkularia. Oro har, proiektuari buruzko balorazio positiboa egin zuten; ordea, bakoitzak bere arloko ekarpenak ere egin zizkion.
«Uste dut lege berri bat behar dugula, hizkuntzen arlotik begiratuta bederen». Legearen beharrezkotasuna mahai gainean jarriz hasi du hitzaldia Ibarretxek. Baina zergatik lege berri bat? Haren esanetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak badu ezaugarri berezi bat: bi hizkuntza ofizial daudela eta horietako bat desorekan dagoela, egoera minorizatuan. Eta erantsi du azken hamarkadetan «ebidentzia askok eta askok» erakutsi dutela «euskararekin esposizio esanguratsuak» dituzten hezkuntza proposamenak izan direla eraginkorrenak desoreka hori gainditzeko eta elebitasun orekatua lortzeko. Horrenbestez, nabarmendu du «lehentasunezko trataera» eman behar zaiola euskarari.
Alabaina, aldaketarako premia ikusten du; izan ere, aitortu du ikasleen «ehuneko inportante batek» euskaraz hasierako maila duela. «Tresna» berriak behar dituztela dio: «Ezin ditugu eskolak eman duela 40 urte bezala».
Legea, «tresna»
Uste du «tresna» horietako bat izan daitekeela Hezkuntza Lege berria. Izan ere, ikusten dizkio nabarmentzeko moduko puntuak. Esaterako, uste du lagungarria izango dela hizkuntza helburuak —bi hizkuntza ofizialetan B2 maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako— «lehen baino zehatzago» adieraztea: «Iparra argiago ikusiko dugu». Testuan jasota dagoenez, irakasle taldearen esku egongo da helburuak betetzen dituzten ala ez aztertzea. Ibarretxeren irudiko, «logikoa» izan daiteke hori irakasleen gain uztea, baina nabarmendu du «ardura eta erantzukizun handia» dela haientzat.Beraz: «Uste dut laguntza zerbitzuok aholkularitza eta formazioa eman beharko diegula, lan berri hori ondo egin dezaten».
Halaber, ikastetxeen eginbeharra izango da helburu horiek lortzeko hizkuntza proiektuak egitea ere. Egokia iruditzen zaio Ibarretxeri, baina uste du «atzean» egon beharko dutela Hezkuntza Sailak, laguntza zerbitzuek... Bestelako proposamen batzuk ere baditu; esaterako, irakasleei formakuntza ematea «etengabe hizkuntza irakasleak ere» izan daitezen.
Baikorra izan da Ubieta ere. Haren irudiko, proiektuak hezkuntza sistema «nahiko koherentea eta indartsua» planteatzen du. Nabarmendu du, besteak beste, berrikuntzaz eta sistema inklusibo batez hitz egiten duela, euskara eta euskal kultura «oinarrizko elementu» gisa jasotzen dituela, ebaluazioa eta kontuak ematea aipatzen dituela...
Xeheago landu ditu azken bi puntu horiek. Ebaluazioari dagokionez, goraipatu du diskriminaziorik eza, objektibotasuna eta antzeko irizpideak jasota daudela. Gustatzen zaio irakasleen inplikazioa «esplizituki» agertzea ere: «Oso garrantzitsua dela uste dut: sistemak jaso behar ditu irakasleen bertuteak eta gabeziak». Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkideak, berriz, euskara helburuen ebaluazioaz galdetu dio, ea ISEIk berak egin beharko ote lukeen. Ubietak erantzun dio ez dela ausartzen gai hori «ixtera».
Kontuak ematearen inguruan, berriz, Ubietak uste du lege proiektuak gehiegi lotzen duela zentroen eginbeharrekin, eta harago joan behar dela: «Sistemak ere kontuak eman behar ditu».
Aldaketa eta berrikuntza horiek guztiak egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da zuzendaritzen eta irakasleen parte hartzea. Horiei buruz aritu da Balerdi. Iruditzen zaio lege proiektuak «oso apustu garrantzitsua» egiten duela lidergoaren inguruan: «Garrantzi handia ematen zaie ikastetxeen zuzendaritza taldeei; ezin da beste modu batera izan». Ordea, faltan du zuzendarien funtzio batzuk zerrendatzea. Egin du proposamena: hezkuntza administrazioa ikastetxean ordezkatzea, eskolan legeak eta bestelako arauak beteko direla bermatzea, ikastetxeari atxikita dauden langileen buru izatea...
Eta lidergoaz gain, ikasleek ikas dezaten, irakasleen formakuntza ere garrantzitsua izango da. Horri buruz aritu da Garai; uste du xehetasun gehiagorekin jaso behar dela testuan. Adibidez, proposatu du unibertsitateetan etengabeko formakuntzarako programak sortzea: «Sumatu dugu hezkuntzan lanean ari diren profesionalak oso gutxi bueltatzen direla unibertsitatera trebatzera».
Agerraldi gehiago
Atzokoa hasiera baino ez zen izan. Oraindik ere dozenaka eragile joango dira Eusko Legebiltzarrera legeaz mintzatzera: 21 agerraldi dauzkate eskatuta EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk; hamazazpi EH Bilduk; eta hamahiruPP+C's-ek. Gero, alderdiek zuzenketak aurkeztuko dizkiote lege proiektuari.
Hezkuntza Legea positiboa iruditu zaie legebiltzarrean izandako lehen adituei
Hezkuntza Lege proiektuaz aritzeko, agerraldiak egin dituzte ISEIko, EHUko, Berritzegune Nagusiko eta Ikuskaritza Nagusiko ordezkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu