Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «iruzurtzat» jo du Eusko Legebiltzarra tramitatzen ari den Hezkuntza Legea, eta haren aurka mobilizatzeko deia egin dio gizarteari. Izan ere, Harrok uste du hezkuntza pribatizatzen segitzeko tresna bat dela, eta ez duela lehenesten sare publikoa.
Plataformak uste du sare publikoko eragileen «proposamen bakar bat ere» ez duela jaso legeak. Kontsentsu falta leporatu dio. «Sare pribatuaren finantzaketa bermatu egiten du, inolako baldintzarik gabe, eta baztertzen du eskola publikoa, finantzaketa planik gabe utzita». Sare pribatuari hezkuntzaren kalitatea bermatzeko eskola publikoak behar dituen baliabideak ematea gaitzetsi du.
Gasteizen elkarretaratzea egin du Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, eta bertan egin ditu, berriro ere, salaketa gogorrak Hezkuntza Legearen aurka. «Ez du bermatzen ikasleak euskalduntzea, eta hizkuntza ereduen jarraipena bermatzen du. Ez du neurririk jasotzen segregazioari aurre egiteko». Merkatu logikaren menpeko lege bat dela eta sare pribatuari men egiten diola gaineratu du. Alderdiei eskatu diete lehentasuna emateko sare publikoari, sistemaren ardatz bihurtu ahal izateko.