xabier martin

Hezkuntza Legea ez, trantsizio ekologikoarena bai

2024ko urtarrilaren 19a
14:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuak ez zituzten adostu talde politikoek iazko hondarrean. «Hauteskundeen gertutasunak» eman zion modua Azpiazu Ogasun sailburuari aurreikusteko ez zela posible izango. Bozen usaina areagotu egin da, baina hori ez da oztopo izan orain legealdiko akordio garrantzitsuenetako bat erdiesteko, Jaurlaritzako bi alderdien eta oposizioko talde nagusiaren artean, EAJ, PSE eta EH Bilduren artean. Hezkuntza Legea ez, trantsizio ekologikoarena bai. Zer logika dago akordio estrategia horren atzean?

Lege bakoitzean bere irizpideak eta esanak aintzat hartuz alderdi bakoitza non kokatzen den, horrek azaltzen du zati batean alderdi bakoitzaren erabakia. Badatozen bozen kanpainan egin ahalko dituzten kontakizunetan bilatu behar da beste zatia, helarazi nahi dituzten mezu nagusietan.

Kalkulu politikoak aurrera dezake, EAJri dagokionez, ituna lagungarria dela adosten dakien alderdi gisa azaltzeko, gehiengo absolutua izan arren. Iradoki dezake ezen, Hezkuntza Legean EH Bildurekin bi urtez landutako adostasuna aldatu eta PSE-EEren alde egin duen arren, joko politikotik harago beharko lukeen beste eduki batean (ingurumenean) jakin duela «auzolana» egiten. Eta badoazen agintari jeltzale batzuei, Iñigo Urkulluri eta Arantxa Tapiari esaterako, agian emango die besteekin gobernatzen dakitela esateko abagunea.

Kalkulu politikoak jasoko zuen EH Bildurentzat zein arriskutsua izan daitekeen Ingurumen Sailarekin batera azaltzea, hain zuzen Mikel Oteroren kritika handien ostean.

EH Bilduri dagokionez, berriz, litekeena da gizartearentzat funtsezkoak diren gaietan arduraz jokatzen duen alderdi gisa azaltzeko kontakizuna sendotzea akordioak; eduki estrategikoetan, trantsizio ekologikoan kasurako, oposizio gogorrena utzi eta itunak egiteko gai dela helaraz dezake. Kalkulu politikoak jasoko zuen, gainera, koalizioarentzat zein arriskutsua izan daitekeen Ingurumen Sailarekin batera azaltzea, hain zuzen Mikel Otero legebiltzarkideak hain kritika handiak egin eta gero. «Alderdiaren aurretik herritarrak» daudelako mezua gailendu dela ematen du, ordea.

Klima aldaketari buruzko batzordea, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Klima aldaketari buruzko batzordea, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Eta Hezkuntza Legeak ez ote zien horretarako modua ematen EAJri eta EH Bilduri? Baiezkora darama logikak, baina kalkulu politikoa gailendu zen abenduan alderdien posizio ideologikoen gainetik; izan ere, jeltzaleek PSE-EEren beharra izango dute nahitaez bozen ostean, eta sozialistentzat euskara botoak eskuratzeko edukia da, nahiz eta hura eztabaida politikotik atera behar dela esan aldiro, «euskara denona» delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.