Hezkuntza Legea ez du babestuko EH Bilduk, bere eskariei erantzun ezean

Ikoitz Arresek Iñigo Urkulluri leporatu dio «joko arauak» aldatzea eta EH Bildu legearen eztabaidatik kanpo utzi nahi izatea. Arreseren esanetan, beren zuzenketa nagusiak atzera botatzen ari dira

Ikoitz Arrese, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EH BILDU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
EAEko Hezkuntza Legea gehiengo zabal batek onartzea zalantzan dago. Izan ere, inoiz baino argiago mintzatu da EH Bildu haren aurka: joan den astean egin zituzten proposamenei erantzun ezean, EH Bilduk ez du legea babestuko. Beren jarrera eta arrazoiak azaltzeko, atzo egin zuen prentsaurrekoa Ikoitz Arrese EH Bilduren hezkuntza idazkariak, Eusko Legebiltzarrean.

Osoko zuzenketak atzera bota ostean, aurreko astean hasi zen lanean Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege proiektuari jarritako zuzenketa partzialak eztabaidatzeko lantaldea. Eztabaidarik, baina, ez da sortzen ari, Arreseren hitzetan, eta, horregatik, «larritasuna» adierazteko egin dute agerraldia: «Hezkuntza akordioaren prozesuan izan genuen alderdien arteko harremana, konfiantza eta eztabaida maila ukatzen ari dira EAJ eta PSE». Lantaldea bi aldiz batu da, eta «debatea ukatzen» ari zaizkiela adierazi du: «Zer gizarte eta hezkuntza sistema nahi dugu arautu, debatea ukatu egiten bada eta guztia bi alderdien artean itxi nahi badute?». Gehitu du: «Gizarte eta legebiltzar akritiko bat nahi dute, eta hezkuntza sistema alderdiarena izatea eta ez herriarena. Hau, herri gisa, pena bat da».

Lantaldean EH Bilduren zuzenketa nagusiak «sistematikoki» atzera botatzen ari direla esan du, baita adibide bat jarri ere: «Sistema berri bat proposatzen genuen, argituko zuena zer baldintza bete behar dituzten ikastetxeek laguntza publikoak jasotzeko eta zerbitzua eman ahal izateko. Eta zuzenketa hori atzera bota dute».

Hala ere, lege proiektuari aurkeztutako beste zuzenketa batek sortu du eztabaidarik handiena, EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatuz egindakoak. Arreseren irudiko, EAJ eta PSE-EE ez daude ados, eta bakoitzak gauza bat esaten du. Areago joan da: Arreseren hitzetan, PSE-EEk Voxen jarrera du hizkuntza ereduei dagokienez, eta «ulertezina» egiten zaio «EAJk PSE-EEri markoa onartu izana».

Irmo mintzatu da Arrese: «Hau txapuza juridiko bat da». Horregatik, uste du ezen horrela jarraituta, ziurgabetasunagatik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak izango duela azken hitza, eta hark erabakiko duela nola interpretatu behar den hizkuntzen afera. Gainera, Arreserenesanetan, ereduen sistemak «segregazioa bultzatuko du», batez ere Gasteizen, Bilbon, Ezkerraldean eta Donostian. Eta euskararen aurka egingo du, eragotzi egingo baitu «hezkuntza akordioak planteatzen duen hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza». Halaber, uste du bide eman diezaiokeela Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiaren eredu hirueledunari.

«Egoera onbideratze» aldera, EH Bilduk proposamena egin zuen iragan astean. Arresek azaldu duenez, hizkuntza ereduen zuzenketa ezabatzea nahi dute, edo zuzenketa horren «interpretazio zuzena» zein den testu artikulatuan «ahalik eta zehatzen» azaltzea. Alabaina, nabarmendu du oraindik ez dutela proposamenik jaso. Eta ziurtatu du erantzunik jasotzen ez baduteez dutela Hezkuntza Legea babestuko. Zergatik? «Akordioaren parametroetatik aldenduko litzateke, eta ziurgabetasun juridiko eta nahasmen politiko handia eragin». Hilaren 21ean eztabaidatuko dute hizkuntza ereduen zuzenketa lantaldean.

Hiru urteko bidea

Hiru urte. Arresek azaldu duenez, hiru urte pasatu dituzte EAJrekin «hausnartzen eta adosten». Eta ados zeuden orain arte. Ordea: «Erabakia beste norbaitek hartu du, bestelako arrazoiengatik, herri akordioen gainetik jarriz interes alderdikoiak». Hain zuzen ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari «joko arauak» aldatzea egotzi dio, «baita EH Bildu eztabaidatik kanpo utzi nahi izatea ere».

Aldiz, koalizio abertzaleko eledunak ziurtatu du «azken minutura arte» prest egongo direla eztabaidarako: «EH Bilduren borondatea erabat irekia da, ahalik eta legerik onena lortu dezagun hezkuntza akordioa sinatu genuen alderdi guztion artean. Eta azken minutura arte hezkuntza akordioan jarraituko dugu, eta lege honen lantaldean jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.