Hezkuntza komunitatearen premiak erdian jartzea eskatu dute zenbait eragilek

Hezkuntza Plazara egitasmoak protestak egin ditu Hegoaldeko auzo eta herrietan. Curriculumak berrantolatzeko beharra azpimarratu dute

Hezkuntza Plaza mobilizazioa, Otxandion (Bizkaia). HEZKUNTZA PLAZARA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hezkuntza komunitateko zenbait kidek Hego Euskal Herriko hainbat auzo eta herri aldarriz josi zituzten atzo, Hezkuntza Plazara egitasmoa oinarri hartuta. Hain zuzen, hezkuntzaren alorrean aritzen diren edo gertuko sentitzen duten norbanakoen eskutik sortutako talde bat da; pentsatzen dute, besteak beste, COVID-19aren kudeaketak «larriagotu» egin dituela aurrez dagoeneko bazeuden egoerak. Haien arabera, hezkuntzan dauden beharrak gero eta ugariagoak dira, baina «eskasak» dira administrazioek horiei aurre egiteko osatutako plangintzak. Hezkuntza komunitatearen premiak erdigunean jarri behar liratekeela uste dute, eta horretarako aldarrikapen zerrenda bat osatu.

Ikastetxeak egoera «latzean» daudela adierazi du Andoni Lariz irakasle eta Hezkuntza Plazara-ko kideak. «Iruditzen zaigu planifikazio seriorik gabe ari direla jardunean administrazioak, inprobisatzen; benetan bizipen hori dugu hezkuntza komunitateko kideok, eta horregatik erabaki genuen sarea sortzea». Hala, norbanako zenbaitek zuten kezka hori partekatu beharra identifikatu, eta inguruko sareetara jotzea erabaki zuten, mobilizazio egun deszentralizatu bat egiteko. Helburua hezkuntza komunitatea aktibo mantentzea izan da, eta ahots propioa entzutea, norbere testuingurura egokituta.

Hezkuntza komunitatearen premiak ezarri dituzte lehentasun gisa. «Hezkuntza prozesuaren erdigunean ikaslea dago, eta ikasle horren heziketa prozesua bermatzeko ezinbestekoa da bere inguru hurbila ere; ikastetxe baten ekosistema guztia». Areago, Larizek erantsi du aisialdia ere eremu horretan sartu beharko litzatekeela, eskolako lau paretetatik kanpo egon ohi bada ere. Helburua lortzeko, berriz, hainbat aldarrikapen jarri dituzte mahai gainean, hala nola ikasgeletako ratioak jaistea, euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisioa bermatzea eta curriculumak egokitzea. «Finean, ikasleen beharrak eta erritmoak errespetatu behar dira, eta bizitzarekin bat egingo duten curriculumak berrantolatu».

Bukaera bainoago, mugarri

Larizek adierazi duenez, lehen mobilizazioak «bukaera bat baino gehiago, mugarri bat» izan dira. Haren iritziz, orain arteko mugimenduak arrasto bat utziko du, eta aukera berriak sortuko ditu aurrerantzean norabide berri bati eusteko. Izan ere, hezkuntza sistema beste era batera ere antola daitekeela erakustea da egitasmo honen beste helburuetako bat. Gainera, atxikimenduak ere jaso dituzte, bostehun norbanako baino gehiagorenak eta 70 kolektibo ingururenak. Larizek uste du hori dela asteotan egindako lanaren irismenaren adierazleetako bat. «Sortzen ari garen sare hau, norabidea, datozen hilabeteetan gorpuztu egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.