Alderdi politikoak eta hezkuntza eragileak hasi dira iritzia ematen Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak onartutako hezkuntzako lege egitasmoaren inguruan, eta lehen ondorioa da arrakalak sortu direla iazko apirileko Hezkuntza Itunean lortutako adostasunean. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU bat etorri ziren itunean: orain, berriz, EH Bilduk esan du «bide onean egindako aldaketa funtsezkoak» sumatu dituela testuan, «zer hobetu» badagoela uste duen arren, baina EP-IUk iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko diola egitasmoari. PSE-EEk ere «kezkak» agertu ditu testuaren inguruan, eta horrek Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzen «harridura» eragin du, gobernu kontseiluan sailburu sozialistek ez zutelako «ezadostasun nabarmenik» agertu, Bildarratzen esanetan.
PELLO OTXANDIANO
EH Bilduko Programa arduraduna
«Nahiko oinarri badago legegintzaldi honetan lege on batera iristeko»
Oposizioko alderdi nagusiak, EH Bilduk, atzo egin zuen lege proiektuaren analisi sakona. Pello Otxandiano koalizio abertzaleko Programa arduraduna prentsaren aurrera atera zen Donostian, eta, ñabardurak ñabardura, ontzat jo zuen: «Atzo [herenegun] onartutako lege proiektuan, funtsezko aldaketak ikusten ditugu bide onean». Ziurtatu zuen Eusko Legebiltzarrean lanean jarraitzeko prest daudela: «Uste dugu lege proiektu honetan nahiko oinarri badagoela eztabaida parlamentarioari ekiteko eta legegintzaldi honetan lege on batera iristeko».
Gaiz gai balorazioa eginda, hizkuntzaren atala «zehaztuta eta hobetuta» sumatu dute, esaterako, irailean jakinarazi zen aurreproiektuaren zirriborroarekin alderatuta. Halere, herenegun Jokin Bildarratzek hizkuntza ereduak mantendu egingo zirela ziurtatu bazuen ere, atzo kontrakoa esan zuen Otxandianok: «Lege honetan ez zaie inolako aipamenik egiten hizkuntza ereduei; beraz, desagertu egiten dira».
Horren ordez, azaldu zuen hizkuntza proiektu bat egin beharko dutela diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek, euren errealitatera egokituta, eta derrigorrezko hezkuntza amaitzerako ikasleek B2 maila lortu beharko dutela euskaraz nahiz gazteleraz: «Planteamendua bat eta bakarra da diru publikoa jasoko duten ikastetxe guztientzat, Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatuko duten ikastetxe guztientzat».
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ere izan zuen hizpide Otxandianok. Testuan zehaztuta daude bertako ikastetxeek zer «printzipio» izango dituzten «oinarri»: besteak beste, segregazioaren aurkako konpromisoa izatea, euskara lehenestea eta ezarritako hizkuntza helburuak betetzea.
Otxandianok nabarmendu zuenez, baldintza batzuk izango dira diru publikoa jasotzeko: «Interes soziala edo balio publikoarekiko konpromisoa adierazten duten ikastetxeek osatzen dute Euskal Hezkuntza Zerbitzua. Bete beharreko baldintzak argi adierazten dira, eta, beraz, eskubide eta betebehar berberen arabera jardungo duten ikastetxeek osatutako sistema irudikatzen da». Gainera, «begi onez» ikusten dute euskara egoera minorizatuan dagoela jaso izana ere.
Inklusioaren aldeko «funtsezko neurriak» ere jasota geratu direlakoan dago. Hiru aipatu zituen: eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka gordetzea, eragin eremu bakoitzeko ikastetxeei zaurgarritasun indize bera adjudikatzea eta hori erdiesteko ikasleen sarbidea arautzea. Eskola publikoaren aldeko eragileek arlo horretan egindako lana goraipatu zuen: «Haiek ekarri dute lehen lerrora segregazioaren arazoa, eta haiek kokatu dute hezkuntza eztabaidaren erdigunean».
Horiek horrela, Otxandianok uste du «alferrik galdu ezin den aukera bat» dela oraingoa, eta nabarmendu zuen «onena» emango dutela. Akordioetarako prest agertu zen: «Gainontzeko alderdiekin eta eragileekin ados jartzeko prestasun osoa adierazten dugu». Dena dela, zuzenketak ere aurkeztuko dituzte. Esaterako, hau da ikusten duten «hutsune nabarmen bat»: «Zioen azalpenean egiten den kontakizun politikoa kamutsa dela deritzogu. Euskal Herria falta da».
MIREN GORROTXATEGI
EP-IUko legebiltzarkidea
«Denak berdin jarraitzearen aldeko apustu bat da»
Elkarrekin Podemos-IUk babestu egin zuen iazko apirilean Eusko Legebiltzarreko gehiengoak adostutako hezkuntza ituna, baina ez dago ados Eusko Jaurlaritzakaurkeztutako Hezkuntza Lege proiektuarekin, akordio hartan ezarritakoarekin bat ez datorrelakoan. Hala, egitasmoari osoko zuzenketa jarriko diola iragarri zuen atzor Miren Gorrotxategi talde parlamentarioko bozeramaileak, Gasteizen egindako agerraldi batean. Testuari egotzi zion eskola publikoa ardatz gisa jartzeko «interesik ez» izatea, eta «ituntze unibertsala blindatzea».
«Oso dezepzionatuta» agertu zen Gorrotxategi, baina onartu zuen espero izatekoa zela, Jaurlaritzak «behin baino gehiagotan» utzi baitu bete gabe hezkuntza ituna. Hain zuzen, itunean erdietsitako akordioak gauzatzea «atzeratu» egiten du lege testuak, gerora garatuko diren arauen menpe uzten baitu. Izan ere, itunari erreparatuta, legeak hezkuntza politika «biratzea» espero zuen koalizioko bozeramaileak, baina, haren arabera, «denak berdin jarraitzearen aldeko apustu bat da».
Egitasmoa bera «orokorregia» dela esan zuen, batez ere itunpeko zentroei buruz aritzean. Gorrotxategiren arabera, ituntzea berresteko «baldintza erreal bakarra» ezartzen zaie ikastetxe horiei, hau da, ikasle zaurgarrien segregazioa amaitzea; aldiz, testuak ez dakar ituntzea baliogabetzeko xedapenik. «Beraz, praktikan, ituntze unibertsala da».
Euskal hezkuntza sistema kontzeptua ere auzitan jarri zuen: «Ezin dira berdin tratatu sare publikoa eta itunpekoa. Lege proiektu honentzat, titulartasun publikoa ez da garrantzitsua».
Era berean, uste du egitasmoari «konpromisoa» falta zaiola segregazioa amaitzeko, ez duelakoan «neurri zehatzik» aipatzen. Hala, osoko zuzenketa jarriko dio koalizioak testuari, eta, hori aurrera ateratzen ez bada, zuzenketa partzialak ere aurkeztuko dituzte.
JOKIN BILDARRATZ
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
«Itunaren espirituari eta literaltasunari eutsi diogu lege egitasmoan»
Jokin Bildarratz «harriturik» azaldu zen atzo, PSE-EEk Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan izandako erreakzioa dela eta. Bildarratzek jakinarazi zuen gobernu kontseiluan alderdi horretako sailburuek ez zutela «ezadostasun nabarmenik» helarazi. PSE-EEk, ordea,proiektuaren irizpideekin dituen «aldeak» plazaratu zituen hura argitaratu eta berehala, ohar bidez.
Sozialistek nahiko lukete Eusko Legebiltzarreko tramite prozesuan konpontzea proiektuan gaineko kezka horiek. Baina, edonola ere, alderdiak garbi utzi du agiriak ez dituela betetzen «finkatutako helburu guztiak». Hizkuntza ereduak «oparitu» egiten direla helarazi du, «adostutako eredu elebiduna nola gauzatuko den zehaztu gabe».
Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean, Bildarratzek gogoratu zuen Eusko Legebiltzarreko kideen %90ek baino gehiagok egindako akordioaren «mandatua» jaso zuela 2022ko apirilean, «joko zelaia» mugatuta: «Espiritu eta literaltasun horri eutsi diogu». Horregatik, «ezustean» harrapatu du PSE-EEren kritikak, baina ez dio «garrantzirik» eman nahi horri: «Lanean jarraitu behar dugu».
Hauteskunde kanpainaren itzalak ia dena estaltzen duen garai honetan, hezkuntza «ika-mika politikotik kanpo» uzteko eskatu zuen Bildarratzek: «Eusko Legebiltzarra ez dago kanpainan».
CARLOS ITURGAIZ
PPko EAEko presidentea
«Eskandalua da, eta Espainiako hizkuntzaren aurkako atentatua»
Carlos Iturgaizek ere eman du iritzia Hezkuntza Legearen lege proiektuari buruz. «Larrialdi nazionala» eragin duela uste du, «euskara inposatzen duelako, eta gaztelania baztertzen». Iturgaizentzat, «zentzugabekeria» da proiektua, «eskandalua eta Espainiako hizkuntzaren aurkako atentatua». Jaurlaritza EAJk eta PSE-EEk osatzen dutela gogoratu du, eta hark idatzi duela proiektua, «legean agintzen duenari obedituz, Bilduri».
STEILAS
«Ez du neurririk hartzen eskola publikoa ardatz nagusia izan dadin»
Steilas hezkuntza alorreko sindikatuak salatu du «ordezkaritza pluralak alde batera utzita» egin duela Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege proiektua, «hezkuntza komunitatea» kontuan hartu gabe eta «aldarrikapen historikoak» bazter utzita.
Gobernuaren eta hura «babestu duten alderdien espiritu pribatizatzaileari» erantzuten dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak plazaratutako proiektuak, sindikatuaren esanetan. «Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoa sare publikoa eta itundua parekatzen dituen erakunde gisa izendatzen hasi da». Kontzeptu hori «11 aldiz eta letra larriz» azaltzen dela nabarmendu du Steilasek.
Segregazioaren aurka egiteko «pauso zehatzik ez» duela ematen ere erantsi du sindikatuak: «Batetik, ez duelako benetako neurririk hartzen euskal eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz nagusia izan dadin, eta, bestetik, ikastetxeen arteko lehia sustatzen duelako». Halaber, Jaurlaritza «logika neoliberalarekin» aritu dela uste du, eta horren adibidetzat jarri du programa kontratuen erabilera: «Termino hori 26 aldiz agertzen da dokumentuan».
EAEko Hezkuntza Legea. Erreakzioak
Hezkuntza itunean alderdiek lortutako adostasuna kolokan utzi du lege proiektuak
EH Bilduk uste du «bide onean egindako aldaketak» daudela testuan. EP-IUk, aldiz, osoko zuzenketa iragarri du. Bildarratz «harriturik» agertu da PSEren kritikak direla eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu