Hezkuntza hitzarmenerako lantaldea sortuko du legebiltzarrak

Eusko Legebiltzarrak onartu egin du EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren proposamena. EPk ere alde bozkatu du; PP+C's, berriz, abstenitu egin da

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean lehen pausoa eman dute hezkuntza legerako: aurretik lortu nahi duten hezkuntza hitzarmena adosteko batzorde txostengilea eratzea onartu zuten atzoko osoko bilkuran. Lantalde horretan, aukera izango dute akordio horren oinarriak zehazteko, eztabaidarako eta adituek esateko dutena aditzeko, besteak beste. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk egin zuten proposamena, eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideen baiezko botoak jaso zituzten; PP+C's koalizioa, berriz, abstenitu egin zen. Babes zabalarekin abiatu dute hezkuntza hitzarmenerako bidea: lantaldea sortzeak 66 aldeko boto jaso ditu, eta sei legebiltzarkide abstenitu egin dira.

Hain zuzen, PP+C's-ren mozio bati erantzunez aurkeztu dute batzorde txostengilea sortzea proposatzen duen zuzenketa. PP+C's-ek eskatu du hezkuntza legeak bermatzea familiek sare publikoan hizkuntza hautatzeko aukera izatea, eta itunpeko sarea indartzea. «Ikastetxe publikoen %98k ez dute eskaintzen A eredua, eta, eskaintzarik ez badago, ez dago aukeratzeko benetako askatasunik. Legea ez betetzea da, euskal gizarteari egia ezkutatzea da, eta oso ondo dakite zer arazo dauden ikasturte hasieran seme-alabak espainieraz matrikulatzen saiatzen direnean», adierazi zuen PP+C's-ko legebiltzarkide Jose Manuel Gilek. Batzorde txostengilea sortzearen garrantzia nabarmendu zuten beste alderdiek.

Adostasun zabalen bila

EAJko Leixuri Arrizabalagak «behar-beharrezkotzat» jo zuen hezkuntza legea, eta «akordio zabal bat» egitea proposatu du: «Gure helburua akordio zabal bat lortzea da, hurrengo 30 urteetan euskal hezkuntzak zer izan behar duen definitzeko». Hizkuntza ereduen inguruan erantzun zion Gili: «Euskal hezkuntza sisteman, familien hezkuntza eta hizkuntza ereduen aukeraketa askatasuna bermatzen dira». Baita hezkuntza sareez ere: «Itunpekoak izan edo ez izan, sare biak indartuko dira. Biak oso garrantzitsuak eta funtsezkoak dira». Erantsi zuen aukera egongo dela lantaldean horri guztiari buruz hitz egiteko.

EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek esan zuenez, egungo hezkuntza sistema «agortuta» dago, hainbat proiektu eredugarri dauden arren: «Hezkuntza komunitateaz harro egoteko hamaika motibo ere baditugu». Halere, eskatu du «konformismoan» ez erortzeko, eta konpondu beharreko «egiturazko hiru arazo» aipatu zituen: euskalduntzean izandako atzerakada, segregazioa eta hezkuntza sistema propiorik ez edukitzea. Arreseren irudiko, horri buelta emateko garaia da: «Datozen hamarkadetarako euskal hezkuntzaren oinarriak zehaztuko dituen adostasun tinkoak eta zabalak lortzeko garaia da. Ezker independentismoa erronkari heltzeko prest dago, eta Euskal Herria Bildun aukera leiho hau baliatuko dugu».

PSE-EEren izenean, Jose Antonio Pastorrek hartu zuen hitza. Hezkuntza legerako «ahalik eta adostasun handiena» lortzearen alde egin zuen, eta Gili esan zion hezkuntza legean zentratzeko garaia dela: «Ez dugu zure proposamen jakina eztabaidatzen hasi nahi izan. Askoz garrantzitsuagoa iruditzen zaigu gaur [atzo] legebiltzar honek lantaldea eratzeko eskatzea, hezkuntza lege berria aztertzen hasteko, eta horretan jardun nahi dugu gaurtik».

Azkenik, Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinezek «ezezko borobila» eman zion PP+C's-ren proposamenari, «koherentziagatik eta arduragatik». Beste alderdien zuzenketari dagokionez, azaldu zuen ez zutela sinatu, «orain arteko prozesuan ez dutelako parte hartu». Aurrerantzean, «eztabaida lasaia eta eraikitzailea», baina «erradikala» nahi dute. Argi dute helburua: «Elkarrekin Podemos-IU hezkuntza sistema publiko, demokratiko, euskaldun, berdintzaile, parte hartzaile eta berritzaile bat oinarri moduan hartzen duen lege batean bakarrik egongo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.