Iosu Zabala. Mondragon Unibertsitateko errektorea

«Hezkuntza eredua ezin daiteke inolako aldaketa politikoren menpe utzi»

Irakasteko eta ikasteko era nabarmen eraldatu dela aitortu arren, 2020ko lan ildoei begira da jada Zabala, etor daitekeenari aurrea hartuz. Agintaldiz agintaldi erreformak egiteari ez deritzo egoki.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Arrasate
2014ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ingeniari mekanikoa ikasketaz, 2007. urtetik da Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala (Donostia, 1952). Ikerketa sustatzea, finantzaketa lantzea eta unibertsitateko eskaintza gizartearen beharren eskutik joatea ditu erronka nagusi. «Gustura» dago karguan, baina ez du argitu 2015etik aurrera segituko duen: «Ez dut astirik izan pentsatzeko».

Zertan aldatu da unibertsitatearen antolaketa zazpi urte hauetan?

Ikasteko eta irakasteko modua asko aldatu da karguan nagoenetik. Bolognako prozesura egokitu genituen ikasketak 2008an, eta horrek baldintzatu du dena. Titulazio berriak martxan jartzeko, sekulako aukera eskaini digu. Hala ere, alde handia dago ulertu zenaren eta ezarri zenaren artean.

Aurrenekoak izan zineten eskaintza akademikoa prozesura moldatzen. Esperotako fruituak jaso dituzue?

Irtenbide aproposa eman diogula uste dut, behar bezala prestatu ginelako Mendeberri proiektuarekin. Ez genuen derrigortuta egin, sinesten genuelako baizik. Irizpideak bat zetozen gure proiektuarekin, bai metodologia aldetik, bai antolaketa aldetik: ebaluazio iraunkorra abiatu, eta curriculuma konpetentzia jakinetara bideratu genuen, ikasleak prestatuago irten zitezen lan merkatura. Emaitzak nabarmen hobetu dira.

Zein hobekuntzaz ari zara, zehazki?

Bologna ezarri baino lehen, ingeniaritza, irakasle eskola, enpresagintza eta ikus-entzunezko ikasketak genituen. Besterik ez. Dekretuari esker, berriz, bost titulu aitzindari sortzeko parada izan genuen; ausardiaz. Erabat berritzaileak denak: ekintzaileak hezteko LEINN gradua eta gastronomiaren ingurukoa, besteak beste.

Ekintzailetasunaren alde egin duzue irmo. Zer moduz doa?

Nahiz eta sarbidea zorrotza izan, eskaera gero eta handiagoa izaten ari da. Ekintzailetasunarekiko interes handia dago, eta beharra nabari da. Elkarlanean aritzeko bideratutako gradua da. Horrelako ikasketak egiten ahalegintzen gara, gure eskaintza hobeto uztar dadin gizartearekin eta enpresekin. Tituluak ez ditugu kapritxoz ateratzen; jendartean errotutako behar bati erantzutea dugu xede.

MUko lehenengotariko ikaslea izan zinen atzerrian ikasten. Zer dela-eta da garrantzitsua kanpora irtetea?

Nik bost urte eman nituen Tolosan (Okzitania), garai hartako eskaintza askoz murritzagoa zelako eta han aurreratuago zeudelako. Kanpora irtetea esperientzia aberasgarria da. Ahaztezina. Ez da soilik etxetik at sei hilabete edo urtebete igarotzea; beste hizkuntza bat ikasten duzu, harreman estuak egiten dituzu, beste toki bateko kulturan barneratzen zara... Eguneroko arazoei aurre egiten ikasten duzu. Niri, gutxienez, bide berri bat zabaldu zidan.

Kezkatzen zaitu Erasmus beketarako diru laguntzak murrizteak?

Zalantza asko daude horren inguruan. Ikusiko dugu nola geratzen den, baina, noski, kezkatzen nau. Izugarri. Bekak gutxitu, eta gehienez sei hilabeteko egonaldiak baimentzeko arriskua dago. Jakinda gure esku ez dagoela, dena jarriko dugu Erasmuserako laguntzei eusteko. Kanpora irteteko aukera emateko ardura dugu.

Sostengurik izan ezean, estudiante ugarik uko egin beharko al diote?

Atzerrira ikastera doazenak geroz eta gehiago dira. Argi dago zailtasunak izan ditzaketela, eta konponbidea lortzea dagokigu.

Wertek, gainera, selektibitatea kendu gura du; ikasleen hautaketa unibertsitateen esku uzteko asmoa du.

Egoera desberdina da unibertsitate publikoetan eta unibertsitate publiko ez garenetan. Ez zait gustatzen geure burua pribatutzat jotzea; ez gara publikoak, baina badugu interes publiko bat: eginkizun soziala betetzen dugu. Proposamen berriarekin, zaila izango litzateke ikasleen artean berdintasuna bermatzea. Notak eta ebaluazioak ezberdinak badira, nola emango diogu lehentasuna ikasle bati? Orain artekoarekin hausten bada, ez dakit nola jokatu beharko genukeen. Wertek akaso ulertuko du, baina nik ez. Hori kudeatzea ez da samurra izango. Ez dago aldatu beharrik, indarrean dagoenaren funtzionamendua ez baita txarra. Onartutako eredu komun bat da. Hori iruditzen zaigu errektoreoi.

Zer iritzi duzu LOMCE legeari buruz?

Luze eta zabal hitz egin da dagoeneko LOMCEri buruz. Guri ez dagokigu hitza hartzea, baina ikusiko da ea gai garen legeari aurre egiteko. Irtenbideak aurkitzea dagokigu, euskal curriculuma finkatu eta inposizioei erantzuteko.

Baina, aplikatuz gero, atzerapausoa edo aurrerapausoa ekarriko luke?

Zaila da esatea. Akordiorik lortu gabe onartu dute. Hezkuntza eredua hain da inportantea, pertsonak garatzeko eta gizartea eraikitzeko, ezin da utzi inolako aldaketa politikoren menpe. Agintaldiz agintaldi erreformak egiteak ez du zentzurik.

Ikasleek kexu egoteko arrazoiak al dituzte?

Ikasleen protestek ez naute batere harritzen, LOMCE onartzeko modua ez baita aproposena izan. Dena den, oraindik kontzientzia falta dela deritzot, hezkuntzarekin ezin baita hala jolastu.

2020. urtera begira unibertsitatearen ereduaren inguruko gogoeta bat jarri berri duzue abian. Zertarako?

Etor daitekeenari aurrea hartzeko eta gizartearen joera berrietara ahalik eta ondoena moldatzeko. Bidea jorratzen hastea da erronka, baina urratsak egitea ez da erraza. Nora iritsi nahi dugun zehazten badugu, ez da gutxi. Irakasle eta ikasleen jarduna aldatuko da. Ikasleek beraiek bilatu, kudeatu eta sortuko dute ezagutza oro. Prozesu eraginkorragoa izango da; oraingo digestiotik harago.

Enpresekin duen gertutasuna izan ohi da MUren bereizgarri nagusietako bat. Krisialdian egonik, harreman horiei eustea erdietsi duzue?

Erabat. Enpresen eskaera gehiago ditugu praktikak egiteko ikasleenak baino. Gripe moduko batean daude, baina konpromisoak tinko segitzen du. Eta joera hori areagotu egingo da, arazo demografiko bategatik: adineko pertsonak geroz eta gehiago dira; eta gazteak, aldiz, gutxiago. Kontraesan bat dirudien arren, sekulako arazoak izango ditugu, laster, jende gaztea lortzeko enpresetarako.

Zein da MUren egoera ekonomikoa?

Diru sarreren eta irteeren arteko oreka bat lortzea dugu lehentasuna, eta horretan ari gara: txukun.

EAEko Unibertsitate Planaren diru ekarpena nahikoa iruditzen zaizu?

Hemen baino ez dugu horrelakorik, eta pozgarria da egiten digun aitorpena: zerbitzu publiko gisa hartzen gaitu. Gehiago jaso nahiko genukeela? Zalantzarik ez, baina badakigu prozesua luzea dela. Hala balitz ez genuke ate-joka ibili beharko, handik hona zenbait proiektu aurrera eramateko. Ez dugu etekin ekonomikorik atera nahi, baina, sarritan, estu ibiltzen gara ikerketak-eta finantzatzeko. Ekarpena handitzen ari da, baina kopurua txikiegia da oraindik: diru sarreren %12 baino ez da.

Finantzaketa hobea balitz, posible litzateke tasen salneurriak jaistea?

Dudarik gabe. Ez dugu inolako arazorik horretarako; baina matrikulen prezioak jaisteko, diru sarrera gehiago behar ditugu. Orekari eustea ezinezkoa da, bestela. Matrikulen tasak kostuaren azpitik jartzen ditugu beti; ahalik eta merkeenak izatea nahi dugu.

Unibertsitatean ikasi nahi eta ezin duenari zelan samur dakioke bidea?

Inor ez dadila geratu MUn ikasketak egin gabe, arazo ekonomikoengatik. Bekabide egitasmo propioa dugu horretarako, eta eskaerak igotzen ari dira. Finantzaketa plan baten antzekoa da, funtsean.

Fagor Etxetresnetan bederatzi urtez aritu zinen kudeatzaile. Itxierak kalte egin diezaioke MUren irudiari?

Kolpe latza izan da, baina ez dugu aparteko eraginik edo albo ondoriorik jasan beharko.

Datorren urtean amaituko zaizu kargua. Jarraitzeko asmoa duzu?

Urtebete dut pentsatzeko; ez dut astirik izan, oraindik. Ikusiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.