Hezkuntza ekosoziala, larrialdi garairako

Ikasleak klima aldaketaz kontzientziatzeko helburuarekin, hezkuntza curriculumak aldatu zituzten Hego Euskal Herriko erakundeek, eta ikastetxeak egokitzen ari dira orain. Zenbait adituren iritziz, baso eskolek ekarpen garrantzitsua egin dezakete.

Lizartzako baso eskola
Haur talde bat, Lizartzako baso eskolaren jarduera batean. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 16a
08:52
Entzun

Hezkuntza da mundua aldatzeko armarik boteretsuena; hala esan zuen Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiak. Eta, hala bada, argi dago ezinbesteko baliabide bat izango dela klima larrialdiari aurre egiteko. Mandelaren esana, baina, Stephen Sterling hezkuntza ikerlariaren hitzekin osa daiteke: «[Hezkuntza] Sistemak eraldatu egin behar dira eraldatzaile izan daitezen». Azken urteetan aldaketa batzuk bultzatu dituzte erakundeek, klima aldaketaren eragin ekologikoei eta sozialei garrantzi handiagoa eman diezaieten ikastetxeetan. Hego Euskal Herrian, hezkuntza curriculumetan txertatu dute ikuspegi ekosoziala, eta tokian tokiko zentroak moldatzen ari dira eskakizun horietara. Ikasleak klima larrialdiaren kontrako eragile aktibo bihurtzea da helburua.

Ikuspegi ekosoziala hezkuntzan txertatzen laguntzeko prozesuetan murgilduta dago Carlos Gomez Chulia, Fuhem fundazioko hezkuntza teknikaria. Haren iritziz, funtsezkoa da hezkuntzak zer egiteko duen klima larrialdiari eta ingurumenaren suntsitzeari aurre egiteko. «Bizi dugun garaia ez da edonolakoa, eta hezkuntzak izan beharko luke konpromiso bat proposamen eraldatzaile bat egiteko».

Espainiako LOMLOE legeak bere helburuen artean zerrendatu du klima aldaketaren kontrako konpromisoa bultzatzea ikasleengan eta «garapen jasangarriaren defentsa» egitea eskoletan. Espainiako legeak ezarritakoaren bidetik, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak curriculumak berritu dituzte —2022an Nafarroak eta iaz Jaurlaritzak—, eta ikastetxeek landu beharreko gaitasunen artean jaso dituzte ikuspegi ekosozialarekin lotutako batzuk.

Aldaketa horien garrantzia nabarmendu du Gomez Chuliak. «Ikusten dugu eskoletan curriculuma aldatzeak duela eragin eraldatzailerik handiena, ikasketa prozesuan esku hartzeak. Efemerideak edo proiektu jakin bat lantzeak baino askoz ere indar handiagoa du». Fuhem horretan ari da elkarlanean Hego Euskal Herriko ikastetxe batzuekin, ikuspegi ekosoziala curriculumean nola txerta dezaketen aholkatzen.

Hezkuntza ekosozialaren xedea da ikaslea gaitzea hiru gai nagusitan, «agente aktibo» izan dadin: jasangarritasuna, justizia soziala eta prozesu demokratikoetan edo parte hartzaileetan sakontzea. «Jasangarritasunari buruz ari garenean, ari gara gizakion ekomenpekotasuna barneratzeaz, bizitzaren sarearen parte garela ohartzeaz; ari gara biosferaren funtzionamendua sakon ezagutzeaz, harekin bateragarriak diren gizarte ereduak irudikatu ahal izateko; eta ari gara bizi dugun zibilizazio krisia onartzeaz: klima krisia zer den ikastea, haren kausak zein diren identifikatzea, espezieen desagertze tasak eta ekosistemen degradazio tasak zein diren jakitea, eta Lur planetaren mugak ezagutzea».

«Ikusten dugu eskoletan curriculuma aldatzeak duela eragin eraldatzailerik handiena, ikasketa prozesuan esku hartzeak».

CARLOS GOMEZ CHULIAFuhem fundazioko hezkuntza teknikaria

Ingurumenaren egoerari buruzko edukiekin batera, ordea, gizarte gaiek duten garrantziaz ohartarazi du Gomez Chuliak. Biak «uztartuta» daude ezinbestean. Bigarren hanka horrek bultzatu behar du, besteak beste, ikasleen artean «aldaketa ekosozialaren aldeko eragileak» sortzea, «pentsamendu holistikoa eta kritikoa» sustatzea eta «justizia sozialaren beharra» azaleratzea. Horrekin batera, «taldean erabakitzeko eta hausnartzeko erremintak» eskaintzea da xedea, «prozesu demokratikoetan sakontzeko».

Fuhemek Hego Euskal Herriko hainbat ikastetxeri laguntzen die ikuspegi ekosozialeko edukiak prestatzen eta irakasleak formatzen, eta, horrez gain, hezkuntza ekosozialari buruz hausnartzeko artikuluak eta txostenak argitaratzen ditu. LOMLOEk ezarritako aldaketek «ikastetxe askoren ateak ireki» dizkie. «Ia guztiak publikoak, eta %10 inguru itunpekoak».

Naturarekin loturan

Euskal Herrian, baso eskolekin ere ari da elkarlanean fundazioa, «dagoeneko oso ondo egiten dutena nola egituratu daitekeen aztertzeko». Gomez Chuliaren iritziz, eskola horiek ikasgeletatik kanpo egiten dituzten jarduera guztiak «oso indartsuak» dira, «naturarekin zuzeneko harremanean» egiten direlako, baina horiek hezkuntza programazio batean sistematizatzea interesgarria da, halako jarduerek iraun dezaten.

Hezkuntza ekosoziala eta baso eskolen jarduna nola uztar daitezken aztertzen ari dira Larraitz Altuna eta Jon Diaz EHUren Hezkuntza Zientzien saileko ikertzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako proiektu batean. Ikerketaren abiapuntuko hipotesia da baso eskolen aire zabaleko metodologiak indartu egiten duela hezkuntza ekosozialaren irismena. Hori hala ote den argitzeko, zenbait proiektu pilotu jarri dituzte martxan, eta emaitzak biltzen ari dira. Joan den maiatzaren 28an, gai horri buruzko jardunaldi bat antolatu zuten Donostian, eta han aurkeztu zituzten Gipuzkoako zenbait baso eskolak beren esperientziak.

Altunaren esanetan, baso eskolak eta hezkuntza ekosoziala lotzeak onurak dakartza batak bestearentzat. Dimentsio ekosozialak «aitortza» eman diezaioke baso eskolari. «Ainguratu egin dezake curriculum berrian, eta, horrela, egonkortasun handiagoa lortu». Lagundu diezaioke «naturarekiko lotura estaliagoak ikusarazten» ere. Aldi berean, baso eskolak naturarekiko atxikimendua indartu dezake, Altunaren iritziz. «Baso eskoletan ikaskuntzak askoz ere esanguratsuagoak dira, bizitza errealetik askoz ere gertuago dagoelako, eta ikasitakoari zentzu handiagoa ematen diote. Gainera, motibagarriagoak ere izaten dira».

COVID-19aren pandemian, eta haren ondoren, baso eskolek «sekulako bultzada» izan dute, aire zabaleko jarduerek hartu zuten garrantziaren ondorioz. «Baso eskolaren zentzu propioan izan ala ez, aire zabaleko hezkuntza geroz eta gehiago ari da hedatzen».

Altunak adierazi duenez, ezaguna da baso eskolan hezitako haurrek harreman estuago bat garatzen dutela naturarekin, hezkuntza sistema tradizionalean hezitako haurren aldean. «Naturan gustura sentitzen dira, naturarekin gozatu egiten dute eta seguru sentitzen dira». Baso eskola eta hezkuntza ekosoziala uztargarri egiten dituzten oinarrietako bat da hori, Altunaren eta Diazen arabera. Haurren eta naturaren arteko harreman hurbila iturri izan daiteke ikasleek «krisi ekosozialarekiko jarrera aktibo bat» gara dezaten.

«Natura espazio biofisiko baten gisa ulertzeaz gain, ulertu behar dugu badela ekosistemen sistema bat ere. [...] Orduan has gaitezke ulertzen basoan ez gaudenean ere naturarekin konektatuta gaudela».

LARRAITZ ALTUNASoziologoa eta EHUko ikertzailea

Baina ikertzaileen ustez hori ez da nahikoa, eta ezinbestekoa da «naturaren adiera zabalago bat» lantzen hastea ikuspegi ekosozial batetik. «Normalean, naturari buruz pentsatzen dugunean, irudikatzen dugun giza jarduerek ia moldatu gabe dagoen espazio biofisiko bat», azaldu du Altunak. Naturaren ikuspegi horrek, baina, gizakiaren eta naturaren arteko «disoziazioa» errazten du. «Natura gure zentzumenetatik desagertzen denean, eta itzultzen garenean gure ohiko sozializazio eremuetara, jarraitzen dugu fikziozko deskonexio batean. Jarraitzen dugu plastiko artean erosketak egiten, milaka kilometroko hegaldiak egiten astebeterako, eta ez ditugu lotzen gure ekintzak eta ingurumena».

Baso eskolak beharrezkoak dira, Altunaren ustez, baina, ikuspegi ekosozial bat landu ezean, ez daude salbu disoziazioaren arriskutik, natura gizakiarengandik banatuta dagoen espazio gisa irudikatzetik. Urruntze hori gainditzera deitu du.

Altunaren arabera, garrantzitsua da hezkuntzak naturaren izaera dinamikoari erreparatzea, giza jarduera hartatik banaezina dela jabetzeko. «Natura espazio biofisiko baten gisa ulertzeaz gain, ulertu behar dugu badela ekosistemen sistema bat ere; materia, organismo eta energia fluxuekin,Termodinamikaren bigarren legearekin, fotosintesiarekin, eta abarrekin. Orduan has gaitezke konexio sakonagoak egiten, has gaitezke ulertzen basoan ez gaudenean ere naturarekin konektatuta gaudela».

Ikuspegi ekosoziala hezkuntza curriculumean txertatzeak «jauzi handi bat» ekarri du baso eskolentzat, eredu pedagogiko horri «zilegitasuna» aitortzen diolako. «Orain arte, esparru arau-emailea eragozpen bat izan zitekeen, baina, orain, ez da horrela». Altunari garrantzitsua iruditzen zaio ikastetxeak horren jakitun izatea, «beldurrak desaktibatzeko».

Hezkuntzan egin diren aldaketez gain, Altunak bestelako lege egitasmo bat ere nabarmendu du: Eusko Legebiltzarrak joan den otsailean onartu zuen Haur eta Nerabeen Legea. Legebiltzarrean adostasun zabal bat lortu zuen —EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos indarrena—. «Lege horrek jasotzen du haurrak baduela eskubidea ingurumena ezagutzeko eta hartaz gozatzeko, eta naturarekin harreman jarraitua izateko. Hori eskubide bilakatu da, eta hori ere oso interesgarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.