Koronabirusa

Hezkuntza arloko sindikatuek «plan integral bat» eskatu diote Jaurlaritzari

Esan dutenez, Hezkuntza Saila ez da beraiekin harremanetan jarri greba egunaz geroztik. Urriaren 2an mobilizazioak egingo dituzte

Sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza arloko sindikatuek esan dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ez dela oraindik beraiekin harremanetan jarri irailaren 15eko grebatik astebete igaro den honetan, eta segitzen duela COVID-19aren pandemiak eskoletan duen eraginari erantzuteko «plangintza oso bat» egin eta horren araberako baliabideak eskaini gabe. Horregatik, berriro ere mobilizazioei ekingo dietela iragarri dute.

Bilbon atzo egindako agerraldian, Miren Zubizarreta (ELA), Irati Tobar (LAB), Ana Perez (Steilas), Pablo Garcia de Vicuña (CCOO) eta Joseba Ander Muñoz (UGT) egon ziren; izan ere, egoeraren analisian bat datoz hezkuntza arloan ordezkaritza duten sindikatu guztiak. Irailaren 15ean egindako grebaren balorazioa egin dute: ordezkarion arabera, deialdiak «babes zabala» izan zuen, eta hezkuntza komunitatearen sostengua ere bereganatu zuen.

Baina grebaren ingurumarian Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek elkarrizketaren alde egindako adierazpenak ez dira ezertan gauzatu, sindikatuek adierazitakoaren arabera: astebete baino gehiago igaro da, eta «sailaren berririk gabe» jarraitzen dute. «Ez daukagu solaskiderik, eta ez dira gurekin bildu ere egin».

Geroztik, egoera ez da hobetu, sindikatuek diotenez: «Ikastetxeetan bakartutako gela kopurua gorantz doa, eta eskola barruko transmisio kasuak hasi dira azaleratzen. Osasun neurriak bermatzeko baliabideak planifikatu eta lehenbailehen helarazi ezean, gure eskoletan handitu egingo dira kutsatze arazoak».

Hala, urriaren 2an manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 18:00etan, «ikasturte seguru eta adostu baten alde». Sindikatuek ez dute baztertzen geroago bestelako protesta moldeak erabiltzea, ezta greba egitea ere.

32 ikasgela itxi dituzte

Azken orduetan, 32 ikasgela itxi dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik gehienak, Nafarroan: 24. Orotara, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean, 231 ikastetxetan. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina jakina da zenbait ikasgela itxi dituztela, Miarritzen, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.