Hezkuntza

Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk

Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko

EH Bilduko Ikoitz Arrese, artxioko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko irailaren 28a
13:42
Entzun

Asteartean amaituko da Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen egitasmoari zuzenketak aurkezteko epea, eta, orduan, EH Bilduren esanetan, «karta guztiak ahoz gora» egongo dira, jakingo baita alderdi bakoitzak nolako aldaketak proposatzen dituen. Horri lotuta, EH Bilduko Hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek iragarri du «leial» jokatuko dutela eta «amaierara arte» eutsiko diotela lau indar politiko nagusiek hitzartutako Hezkuntza Akordioari, «amaiera edozein delarik ere».

«Herri honen etorkizunerako hain garrantzi handia duen eztabaida politikoan zorrotz» jokatzera deitu ditu Arresek gainerako alderdiak, eta Hezkuntza Akordioaren «espirituari eta letrari» leial izatera.

Arresek esan du EH Bildu bere zuzenketak prestatzen ari dela, eta jakinak direla horien norabide politikoa eta «legearen testua hobetzeko intereseko eztabaida eremuak». Koalizioaren ustez, Jaurlaritzak onartutako lege egitasmoan badaude «lege on batera iristeko behar diren osagai nagusiak», baina orain beharrezkoa da «kalitatezko eztabaidari» ekitea, «non alderdi politikoen epe laburreko interesek kanpoan geratu behar duten».

Arreseren ustez, abagunea garrantzitsua da, «orain ikusiko baita legea akordioaren norabidean joango den ala ez», eta nabarmendu du gaiak «garrantzi estrategikoa» duela hurrengo belaunaldientzat eta «adostasun handiak» eskatzen dituela, Hezkuntza Akordioaren inguruan lortu zirenen modukoak. Hori nabarmendu nahi izan du «bestelako tentaziorik baldin badago edo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.