Asteartean amaituko da Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen egitasmoari zuzenketak aurkezteko epea, eta, orduan, EH Bilduren esanetan, «karta guztiak ahoz gora» egongo dira, jakingo baita alderdi bakoitzak nolako aldaketak proposatzen dituen. Horri lotuta, EH Bilduko Hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek dei egin die Hezkuntza Akordioa sustatu zuten alderdi guztiei, «zorrotz» joka dezaten eta akordio horren «espirituari eta hitzei» leial izan daitezen.
2022ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk— Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen oinarriak ezartzeko hezkuntza akordioa sinatu zuten. Geroztik, prozesua malkartsua izan da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere gain hartu zuen akordioaren edukiak lege egitasmo batera eramateko eginkizuna, baina emaitzak ez ditu denak asebete eta, esaterako, EP-IUk iragarri zuen akordiotik kanpo gelditzen zela. Orain, prozesua azken txanpan sartuko da: alderdi bakoitzak bere zuzenketak aurkeztuko ditu, eta eztabaidatzeko epea irekiko da.
Egoeraren garrantziaren jakitun, EH Bilduk ohartarazi nahi izan du egon daitekeela «tentazioa» akordioan jasotako adostasunetik aldendu eta «bestelako interes labur eta alderdikoiak» gailentzeko. «Herri honen etorkizunerako hain garrantzi handia duen eztabaida politikoan zorrotz» jokatzera deitu ditu Arresek gainerako alderdiak, eta Hezkuntza Akordioaren «espirituari eta hitzei» leial izatera. Iragarri du EH Bilduk «amaierara arte» eutsiko diola lau indar politiko nagusiek hitzartutako Hezkuntza Akordioari, «amaiera edozein delarik ere».
Arresek esan du EH Bildu bere zuzenketak prestatzen ari dela, eta jakinak direla horien norabide politikoa eta «legearen testua hobetzeko intereseko eztabaida eremuak». Koalizioaren ustez, Jaurlaritzak onartutako lege egitasmoan badaude «lege on batera iristeko behar diren osagai nagusiak», baina orain beharrezkoa da «kalitatezko eztabaidari» ekitea, «non alderdi politikoen epe laburreko interesek kanpoan geratu behar duten».
Bost multzo nagusi
Arresek esan duenez, EH Bilduk aurkeztuko dituen zuzenketak bost multzo nagusitan banatuko dira: Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren definizioa, euskalduntzea, segregazioaren kontrako neurriak, ikastetxeen autonomia eta digitalizazioa.
Osoko zuzenketen eztabaidarekin abiatuko da prozesua. Urriaren 19an izan daiteke hori.
Hezkuntza
Hezkuntza Akordioarekin «leial» izateko deia egin die EH Bilduk alderdiei
Asteartean amaituko da lege egitasmoari zuzenketak aurkezteko epea. Eusko Legebiltzarrean abiaraziko da eztabaida, eta «lege on bat» erdietsi nahi du EH Bilduk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu