Hezkidetza epaitegian

Skolae landu zuten hamar profesional epailearen aurretik igaroko dira gaur, programaren kontrako auzian. Aditu taldeko hirurekin solastatu da BERRIA

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Ez nuen pentsatzen, ia 30 urteko ibilbide profesionalaren ostean, epaitegian deklaratu beharko nuenik berdintasuna eskoletara eramateagatik». Marian Moreno ezin sinetsita dago oraindik. Irakasle da Xixonen (Asturias, Espainia), eta eskarmentu handia du hezkidetzaren alorrean. Bera da Skolae programa diseinatu eta martxan jarri zuten adituetako bat. Gaur, epaile bati azalpenak eman beharko dizkio horregatik. Izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak lekuko gisa deklaratzera deitu ditu Skolaen lanean aritutako hamar profesional: programa diseinatu zuten bost aditu eta irakasleak trebatzen ari diren beste horrenbeste hezitzaile. «Doilorkeriatzat» jo dute euren lana eta profesionaltasuna jopuntuan jarri izana.

«Aurreko astean jaso nuen epaitegira joateko zitazioa, eta egia aitortuko dizut: ez nuen ezuste handirik jaso, banekielako buru-belarri ari zela eskuina, hezkidetzaren aurka», azaldu du Zaloa Basabek, Iruñeko Udaleko Berdintasun alorreko koordinatzaileak. Berak ere parte hartu du Skolae taxutzeko prozesuan, eta kezkaz ikusi du programaren kontrako oldarraldia: «Hainbat bide zabaldu dituzte Skolaeri aurre egiteko: bide mediatikoa, kaleko mobilizazioak eta bide judiziala».

Basaberen ustez, hezkuntzarekin lotutako gai guztiek hautsak harrotzen dituzte, eta hezkidetzarena ez da salbuespena izan: «Eskuinak beti ikusi du hezkuntza esparru propio gisa, eta beste norbaitek planteamendu ezberdinak eskaintzen dituenean, beren burua mehatxatuta ikusten du». Kasu honetan, berdintasunak eragin du talde kontserbadoreen haserrea. «Eraso matxista bat gertatzen denean, denok argi dugu: hezkuntza da garrantzitsuena, haurrak txikitatik hezi behar ditugu berdintasunean... Baina helburu hori gauzatzeko egitasmo bat sortzen denean, hara non azaleratzen diren kontrakotasunak».

Morenoren irudiko, bi motatako jarrerak antzeman dituzte Skolaeren aurkako kanpaina abiatu dutenen artean: «Alde batetik daude ezjakintasunetik eginiko erasoak, hezkidetza zer den ulertu ez eta funtsik gabeko gogoetak egiten dituzten pertsonen aldetik; horiek baino arriskutsuagoak dira, ordea, borondate txarrez eginikoak, iritzi publikoa manipulatu nahian dabiltzan pertsonen aldetik».

Bigarren multzo horretan «asmo politiko bat» dagoela uste du irakasleak, eta horrek lotura izanen luke hauteskundeekin. «Apiril eta maiatzeko bozek zeharo baldintzatu dute auzia. 2017an, programa ezarri zenean, ez zen ezertxo ere gertatu. Inork ez zuen boza goratu. Are: Nafarroako Parlamentuak txalotu egin zuen egitasmoa. Zertara dator orain kalapita hau guztia, onura politikoa ateratzeko ez bada?».

Idoia Arraiza hezitzaile eta Bilgune Feministako kideak uste du gaurko zitazioek «bulkada ideologikoa» dutela. Hark ere epailearen aurrean deklaratu beharko du gaur, hainbat irakasleri Skolaeren inguruko formakuntza emateagatik. «Guraso talde batek jarri du Skolaeren kontrako salaketa, eta eurek eskatuta deklaratu beharko dugu epailearen aurrean. Guztira, 33 profesional ibili gara Skolaeren inguruan lanean, baina bakarrik hamar deitu gaituzte deklaratzera. Zergatik? Ene ustez, aukeraketa hori ez dute halabeharrez egin». Lekukoen zerrenda prestatzeko tenorean, «informazio pertsonal ugari» eskuratu nahi izan zutela nabarmendu du Arraizak: «Tutoreon izen-deiturak, curriculuma, baita gure aisialdian non ibiltzen ginen edota kolektiboren batean militatzen ote genuen ere. Hezkuntza Departamentuak, jakina, ez zien informazio hori eman, baina izen-deiturak ematera derrigortua zegoen, eta zerrenda horren gainean egin dute zitazioa».

Hezitzaile, tutore eta adituen datuak bilduta, akusazioak «soslai ideologiko jakin bat» osatu nahi izan duela uste du Bilgune Feministako kideak: «Igartzen da ahalegin bat hezkidetza eta feminismoa jomugan jarri eta berdintasunaren kontra jotzeko».

Egitasmo «aitzindaria»

Horren aurrean, Skolaek dituen onurak nabarmenduko dituzte Hezkuntzako adituek. Marian Morenoren esanetan, programa «aitzindaria» da hainbat alorretan, «oinarrian duelako dozenaka profesional eta hezitzailek urteetan eginiko lana». Irakaslearen esanetan, hezkidetza programa «lanabes bat» da, «irakasleei berdintasuna ikasgelara eramaten laguntzeko».

Horretarako, baina, ezinbestekotzat jotzen du plana «derrigorrezkoa» izatea. Egitasmoaren nahitaezkotasuna da, hain zuzen, Skolaeri egin zaion kritika nagusietako bat. BERRIArekin hitz egin duten aditu guztien arabera, ordea, hori da programaren indarguneetako bat. «Legea betetzeari inposizio esaten diote», dio Morenok. «Lapurtzea debekatua dago, hori ere inposizio bat al da? Zergatik ez didate lapurretan aritzen uzten? Absurdoa litzateke, legeak, definizioz, ezin direlako boluntarioak izan. Kasu honetan, legeak behartzen gaitu ikasleak berdintasunean heztera, eta Skolae da horretarako tresna».

Ikuspegi horrekin bat dator Arraiza ere: «Derrigorrezkoa den hezkidetza plan bakarra da Skolae, eta horrek badu bere garrantzia. Nafarroan, ausardia izan dute planaren nahitaezkotasuna planteatzeko. Orain arte, berdintasuna eta hezkidetza profesionalen borondatearen menpe egon dira».

Zaloa Basabek, berriz, programaren izaera integralean jarri du begirada. «Zein da programa honen berritasuna? Bada, Skolaek, lehen aldiz, ikuspegi integral bat eskaini duela eta hezkidetzaren balio guztiak sistematizatu dituela. Horrela, eraginkorragoa da. Lehen, hitzaldiak eskaintzen ziren eta irakasleek jarduera eredugarri asko egiten zituzten ikastetxeetan, baina hori guztia ez zegoen programa integral baten barruan. Skolaek gaitasun handiagoa dauka eraldaketarako».

Eragileen babesa, gaur

Basaberen irudiko, epaiketa bera baino are garrantzitsuagoa izanen da horren inguruan sortuko den eztabaida. «Jomugan jarri nahi izan gaituzte, amu gisa erabili, kontua ez baita soilik auzitegi barruan epaituko dena, eremu mediatikoan garatuko den epaiketa paraleloa baizik». Uste izatekoa da, testuinguru horretan, garrantzi handiagoa izanen dutela Skolaeren aldeko eta kontrako mobilizazioek. Gaur, esate baterako, epailearen aurrean deklaratuko dutenei sostengua adieraziko diete LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT, ESK eta CGT sindikatuek, 09:30ean, auzitegiaren aurrean, eta Hezkuntza Departamentuko zenbait ordezkarik ere babesa agertuko diete Skolaeko arduradunei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.