Eremu digitalean, eta nerabeen artean, matxismoa dagoela ikertu du Estibaliz Linares (Barakaldo, Bizkaia, 1991) gizarte langileak. Adierazi du zibereraso sexualak eta sexistak daudela sarean eta, horiek gainditzeko, ziberfeminismoa eta hezkidetza beharrezkoak direla. Belaunaldi berrien garrantzia ere azpimarratu du.
Izeberg digital matxista aztertu duzu. Zer dago horren barruan?
Ikertu dut matxismoak eremu digitalean ere eragina duela. Horretarako hiru arrakala digital aipatu behar dira. Lehenengoa, mundu informatikoan sarbidea edukitzea da, eta, batez ere, baldintza sozioekonomikoekin du lotura. Mendebaldeko gizartean, baina, bi arrakalari buruz hitz egin daiteke: bigarren eta hirugarren arrakalak, generoarekin lotuta. Ikerlan honetan, hirugarrena garrantzitsuagoa da. Neskek eta mutilek dituzten jarrerak, kodeak eta erabilerak hartzen ditu barne, eta, horretarako, bideo jokoak, sare sozialak eta Youtube hartu behar dira kontuan.
Hor al dago ziberindarkeria?
Bai, horregatik diogu iceberg digitala matxista dela. Icebergaren azpian, uretan, kodeak, jarrerak eta estereotipoak daude. Horiek elkarrekin lotu egiten dira, eta icebergaren punta eraikitzen dute; indarkeria. Funtsean, asimetria horiek eraikitzearen, pairatzearen eta kontrolatzearen ondorioa da indarkeria.
Eta horren barnean zibereraso sexistak eta sexualak daude.
Emakumeen aurkako indarkeriari buruz hitz egitean, zibereraso sexistak eta sexualak hartu behar dira kontuan, baina badago euritako handi bat: ziberindarkeria matxista. Horren barruan egongo litzateke emakumeen aurkako indarkeria propioa, baina baita heteroarauaren kodea apurtzen duten pertsonen aurkako indarkeria ere; esate baterako, transexual bat. Interneten asimetria kulturalak ere eraikitzen dira, eta horien barne daude indarkeria propioak. Azken batean, gizarteko errealitatearen ispilua da mundu digitala. Teknologiak ez du asimetria eta indarkeria eraikitzen; funtsean, gure mundua beste kanal batean interpretatzeko tresna bat da.
Halere, sarean, ziberfeminismoaren garrantzia funtsezkoa dela diozu.
Teknologiak ditugu bidelagun, eta ezin dugu ezer egin haien aurka. Beharrezkoa da gure jarrerak, kodeak eta posizioak lantzea; nondik hitz egiten dugun eta zerjarrerarekin. Beharrezkoa da txikitatik lantzea ziberfeminismoa; hala egin ezean, nerabeek jada kode jakin batzuk izango dituzte barneratuta. Egia da kode horien inguruan egin daitekeela hausnarketa kritiko bat, baina benetan zerbait landu nahi bada, haurtzarotik eutsi behar zaio gaiari. Mundu digitala kontraesanezkoa da; batetik, badaude arriskuak, sarean erreproduzitzen direnak; baina, bestetik, onuragarriak dira ziberfeminismoa lantzeko aurki genitzakeen zenbait eduki ere. Hezkidetza ere garrantzitsua da.
Hezkidetza al da prebentziorako tresnetako bat?
Hezkidetzaren prozedura iraunkorra eta egonkorra izan behar da. Txikitatik hasiko bagina hezkidetza programak eta planak jarraitutasunez lantzen, arrakalak ere ezberdinak izango lirateke seguru asko. Hori lantzeko ezinbestekoa da haurrek, eta lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleek hezkidetza zer den eta haien ikasgeletan nola landu daitekeen jakitea. Hezkidetza bi orduko ikastaro batetik haragoko kontua da.
Eta nola landu behar da teknologiaren erabileran?
Haurrak oso txikitatik dituzte egun teknologia baliabideak, eta, beraz, beharrezkoa da laguntzarako gida bat edukitzea. Instrumentu indartsuak dituzte esku artean, eta sar daitezke nahi duten tokietan. Edonoiz izan dezakete nahi duten edukia. Hezkidetza behar da arlo digitalean ere. Irakatsi egin behar zaie teknologiak nola erabili.
Zer egin behar da horretarako?
Batetik, teknologien beldurra kendu behar diegu. Beldurra dugu, ez baitakigu haurrek eta nerabeek nola eta zertarako erabiltzen duten teknologia. Baina, bestetik, onartu behar da normala dela haren erabilera, eta, beraz,jabetu behar gara garrantzitsuagoa dela haiei nola erabili erakustea. Kontrola ezartzetik harago, teknologia erabiltzen ari diren bitartean haiekin egon gaitezke eta jakin genezake zer ikusten duten. Garrantzitsua da beste kontsumo baten alde egiten duten aukerak ere eskaintzea, eta egoera zenbaiten jabe egitea.
Emakumeak etengabe daude halako jabekuntza prozesuetan barneratuta. Eta gizonezkoak?
Ikerketaren ondorioetako bat izan da neskak jabekuntza prozesuetan barneratuta daudela, eta identifikatzen dutela haien burua feministatzat. Gertatzen da, gehienetan, egiten diren kanpainak neskontzako bideratuta daudela, esaten digute guk egin behar dugula guztia: zaindu, ikasi eta ahaldundu, besteak beste. Zama gehiegi da. Mutilek ekin behar diote hausnarketari, pentsatu behar dute gizartean dituzten abantailen inguruan. Maskulinitate berriak ez dira existitzen, eta ez dago salbatuko gaituen gizonezko berririk. Baina erreferenteak eskaini behar zaizkie, edo eraiki.
Beraz, itxaropena izan behar al da belaunaldi berriengan?
Sarritan, nerabeak izaki ezezagun batzuk balira bezala identifikatzen ditugu, baina nerabeak ere pertsonak dira. Haiekin lan egitean kontatzen dituzten gauzak eta egiten dituzten hausnarketak ikaragarriak dira. Askotan esaten da egoerak okerrera egin duela, baina ez da horrela. Nahiko nuke nik gazteagoa nintzenean haiek egiten dituzten hausnarketak egin. Gauzak aldatu behar dira, eta lan asko dago egiteko, baina ez goaz gero eta okerrago.
Genero arrakala digitala. Estibaliz Linares. Gizarte langilea
«Hezkidetza behar da arlo digitalean ere»
Linaresek ohartarazi du arlo digitaleko ziberindarkeriari aurre egiteko beharrezkoa dela hezkidetzaren prozesu iraunkorra eta egonkorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu