«Goiz feminista» egin zuten Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle, irakasle eta gomitek astelehenean. Bigarreneko ikasleek indarkeria matxista prebenitzeko tailer ez-mistoetan parte hartu zuten. Leheneko eta terminalekoek, berriz, Emaztea euskal jendartearen erdiguneetan izenburupeko solasaldiak entzun zituzten, taldeka. Horretarako, 38 emazte gomitatuak zituzten, haien ibilbidea eta bizipenak aipa zitzaten.
Etxepare lizeoko ikasleen eta langileen arteko talde feminista bat badute ikastetxean. Martxoaren 8aren karietara, aztertzen aritu ziren zer egin dezaketen urrunago joateko, eta lizeo guziak parte hartuko zuen egunaldi bati pentsatu zuten; preseski, hori egin zuten apirilaren 24an. Hezkuntza ikastetxea denez, «heziketa parekidea» landu nahi dute Etxeparen, «euskal jendarte hobea ipar izanik», egunaren aurkezpenean ziotenez, «eraldaketa eragile izanen diren ikasle euskaldunak» nahi dituztelako.
Ihintza Ostolaza euskara irakaslea da lizeoan, topaketen antolakuntza taldean ibili da, eta erran du hastapeneko ideia gaikako hitzaldiena izan zela: «Adibidez: emazteak eta borroka edo engaiamendu politikoa; emazteak eta kooperatibismoa». Baina ohartu ziren interesgarriago zitzaiela ezaugarri orotako emazteen jinaraztea beren artean ere trukea izan zedin, «haiek ere problematika zabalagoen inguruan hausnar zezaten».
Idurre Eskisabel, Maddi Zubeldia, Xole Aire, Maika Brust, Itxaro Borda, Garbiñe Ubeda, Nora Arbelbide, Maddi Sarasua... Izen ezagunak eraman zituzten antolatzaileek solasaldietara, baita hain ezagunak ez direnak ere. Ezaugarri, ibilbide eta «engaiamendu ezberdinetako» emazteak nahi zituztela esplikatu du Ostolazak: «Batetik, baziren ezagunagoak diren emazteak, hizketan ohituagoak eta diskurtso egituratua dutenak. Bestetik, bazen gure amatxi edo izeba izan daitekeen emazte hori, bere bizi esperientziari balioa eman nahi baikenion; plazara atera». Halako ariketa bat jende anitzen aitzinean egiteko usaia hain handia ez dutenak ere; «teorian, deus errateko ez duen hori ere».
Funtsean, gomitatzeko deitu dituenean, euskara irakasleari ohargarria egin zaio frankotan ukan duen arrapostua: zergatik hautatu duten. «Oso harrigarria egin zait, emazteen erdiek erran baitzidaten: 'Zergatik ni? Nik ez dut deus errateko'. Pentsatzen dut gizon bati deitzen diozularik pentsatuko duela: 'Deitzen badidate, izanen da zerbait dudalako errateko, ezta?».
Heziketa osoa
«Feminismorako heziketa» bultzatu nahi du Etxepare ikastetxeak. Horretarako, Ostolazak dio eskolako formatuaz kanpoko halako egunen antolatzeak munta baduela: «Ez da dena kaier, sailkatzaile eta liburuetan; bizitza esperientzia ere inportantea da elkarrengandik ikasteko».
Seaskak izan nahi duen heziketa mota osoaren menturan doala uste du irakasleak: «Seaskako kide izatea —izan ikasle, izan irakasle edo izan langile—, ez da bakarrik euskaraz bultzatzen den proiektu baten partaide izatea, baizik eta balio batzuk ukaitea, hertsiki lotuak direnak euskarari».
Belaunaldi berrietan, gainera, horretarako gogoa sentitzen dute ikastetxean berean: «Sekulako bilakaera ikusten dut nik bederen», segitu du Ostolazak. Bereziki, nesken artean ikusten du betaurreko feministen indartzea: «Gauza batzuk biziki argi dituzte: genero binarioa, ez-binarioa... Gu ere, irakasleak, pixka bat jokoz kanpo utzi gaituzte; akuilatu gaituzte». Halere, iruditu zaio «ekimenean» bidea badela egiteko. «Antolaketan neskak dira ibilki, baina, espazioa hartu behar dutenean, oraindik ere zaila zaie».
Hizlariak
Goizeko solasaldietarik atera berri ziren ikasleen multzo batek bere inpresioak eman zituen. «Gizonez osatuak diren arloetan haien bizipenak nolakoak izan diren eta horrek zer eragin duen beren nortasunean emakume gisa; beti borrokatu behar izatea puntu horretatik»; hala laburbildu zuen Garikoitz Agirre Sotok hizlarien erranetarik atxiki zuena.
Laia Igerategik azpimarratu zuen ulertu zuela halakoak urte osoan egin behar direla, «emakumeei hitza ematea ez dela bakarrik egin behar Martxoaren 8an edo Azaroaren 25ean, urte osoko gai bat dela».
Igerategik gehitu zuen emazteek bizi dituzten egoeretan badela oraino zer alda: «Ikusten da puntu batzuetan gaur egungo gizartea desberdina dela lehengoarekin konparatuz, baina, beste batzuetan, gizarteak gizonekin ezarri desberdintasun horrek emazteak hunkitzen gaitu oraindik».
Santi Latapy Torrek gogoan hartu zuen berdintasunaren aldeko borroka denen esku dela. «Ez da beti argi edo funtsezko, baina zinez inportantea da emazteen borroka denen borroka izatea».
Ibai Lekuonak borroka feministen transmisioa aipatu zuen, eta nola feminismoa gazte belaunaldiraino heldu den: «Feminismoan borrokan ibili diren emazte horiek gugan zer inpaktu eduki duten eta guk nola ulertzen dugun feminismoa horri esker».
Haira Aizpurua Ibargaraik hizlariek ekarri ñabardurak ere oroitarazi zituen: «Feminismoaren barnean badira ideia eta pentsamolde desberdinak; kontraesanak ere badira».
Heziketa parekidea helburu
Baionako Etxepare ikastetxeak 38 emazte mintzatzera gomitatu zituen astelehenean, «goiz feminista» baten karietara. «Feminismorako heziketa» bultzatu nahi du lizeoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu