Internet, sare sozialak eta bideojokoak ongi menperatzen dituzte egungo nerabeek: teknologien belaunaldikoak dira. Tresna horien erabilerak bizi kalitatean eragina dutela frogatu du Juan Manuel Matxinbarrena ikerlariak (Donostia, 1988). Zehazki, Interneten erabilera problematikoak eta bideojokoek eragindako nahasmendua. 11 eta 18 urte bitarteko 2.024 gaztek parte hartu dute ikerketan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ikastetxetako ikasleak daude tartean.
Ikerketan, zertako erabaki duzue arreta bideojokoek eragindako nahasmenduan paratzea?
Lehen, Interneten erabilera orokorra ikertzen zen, baina, urteen poderioz, gauza zehatzagoetarako erabiltzen dugu Internet: bideojokoetarako, sare sozialetarako, apustuetarako... Gure helburua zen ikustea ea garai batean aztertzen zen erabilera orokorra eta bideojokoena lotuta zeuden. Ikerketan frogatu da harreman hori existitzen dela, eta bizi kalitate apala lotuta dagoela bi arazo horiekin; biak batera izaten direnean, are gehiago.
Hobekiago azaldu dezakezu nahasmendu hori zertan datzan?
Nahasmendu bat da, adikzioen osagarriak dituelako. Zera izango litzateke: esnatzea eta bideojokoetan jolasteko beharra izatea; denbora gehiegi ematea bideojokoetan pentsatzen; ikastolan edo unibertsitatean lan egitea edo ikastea, baina etxera noiz iritsiko zaren pentsatzea jolasteko.
Eta Interneten erabilera problematikoa?
Desberdina da. Problematikoa izateko, konpultsibotasuna izan behar da, eta arazoak, Internet erabiltzeagatik: gauzak ez egitea Interneten egoteko, sarea lehenestea, eta zailtasunak izatea Internet gabe emozioak erregulatzeko. Denok ditugu emozioak kudeatzeko erak, baina egia da Internetek aukera ematen duela hori oso erraz egiteko, eta pertsona batzuk beharrezkoa dute hori.
Emozioak modu horretan kudeatzeak zer eragin du gazteengan?
Ez da bere hartan txarra: gauza txarragoak badaude. Baina gure emozioak kudeatzeko era bakarra baldin bada, hor arazoak sor daitezke. Helburua izango da emozioak kudeatzeko askotariko moduak izatea.
Zein lotura dute bi faktore horiek eta bizi kalitateak?
Ez dakigu, zehazki. Ez dugu ondorioztatu bata bestearen ondorioa dela, baizik eta elkarren arteko lotura dagoela, eta egia da erabilera problematikoa eta bideojokoek eragindako nahasmendua agertzen direnean bizi kalitatea apala dela. Baina hori haien bizi kalitateagatik izan daiteke.
Beraz, bizi kalitateak berak eragina izan dezake bideojokoen edo Interneten erabileran?
«Interneten erabilera problematikoak ondorioak sortzen ditu» edo «bizi kalitatea apaltzen du» [bezalako esaldiak] entzuten ditugu askotan. Baina baliteke kontrakoa izatea. Gazte batek arazoak baldin baditu bere bizitzan, haren bizi kalitatea nahiko apala izango da, etorkizuna gris ikusten duelako. Baina bideojokoetan espazio seguru bat baldin badu, ondo sentitzen da: hori da bizi kalitate apalaren ondorio bat. Beraz, badakigu lotura dagoela, baina ez dakigu zenbaterainokoa den.
Ikerketan parte hartu dutenen %15,5ek erabiltzen dute Interneta modu problematikoan eta %3,3k, berriz, bideojokoek eragindako nahasmendua dute. Kopuru horiek zer erakusten dute?
Ez dugu kezkatu behar gure testuinguruan egiten den erabileragatik. Uste dut munduan gertatzen den hori bera gertatzen dela euskal gazterian ere. Esango nuke kopuruak orokorrean ez direla oso handiak: orokorrean, gazteen %85k ez dute arazorik. Aldatuko da lekuaren arabera, gure lagina batez ere hirikoa baita. Agian, hirietan hori da normalena; beharbada, herrietan gutxiago izango da.
Emaitzak horiek diren arren, maiz entzuten da gazteek arazo anitz dituztela teknologiekin.
Badago joera hori esateko, baina ez dut uste. Askotan, diskurtso hori sortzen da gu ez garelako jabetzen gure erabileraz; gure erabileraren inguruan hausnartuko bagenu, konturatuko ginateke besteengan ikusten duguna guri ere gertatzen zaigula. Gazte guztiek sakelakoa modu problematikoan erabiltzen dutela esatean irizpide berekin aztertuko bagenu gure erabilera, guk ere sentitu beharko genuke multzo problematiko horren parte.
Nola eragotz daiteke haurrek arazo horiek izatea?
Landu egin behar dugu haur eta nerabeengan nola sartzen diren teknologiak. Hau da, heziketa behar da teknologiaren inguruan; ezin diogu ume bati telefono bat eman eta horrekin bakarrik konpontzen utzi. Gurasoek gainbegiratze handia egin behar dute. Askotan ez daukagu denborarik horretarako, eta hori da problema. Guri inork ez digu esan teknologia nola erabili behar den, baina, beharbada, guk egin behar dugu hori. Badakigu alde onak eta txarrak dituela, eta gauza horiek azaldu egin behar zaizkie umeei.
Zein litzateke hurrengo urratsa?
Ikerketa gehiago behar da kausalitatea ikusteko. Helburutzat hartu behar da ikerketa longitudinalak egitea, eta, ikusten dugunean bizi kalitate apala dagoela bideojokorik gabe, ea bideojokoek hori hobetzen duten, edo are gehiago apaldu. Bestalde, programak sortu behar dira erabilera problematikoa lantzeko, erabilerak ez dezan nahi eta nahi ez bizi kalitate apala eragin. Bideojokoak onak izan daitezke neurri batean, baina pasatu gabe.
Juan Manuel Matxinbarrena. EHUko irakasle eta ikerlaria
«Heziketa behar da teknologiaren inguruan»
Internet eta bideojokoak gazte anitzen eguneroko bizitzaren parte dira. Batzuetan, lagungarriak izan daitezke haien ongizaterako; bertzeetan, baina, osasun arazoak eragin ditzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu