Heziberri 2020ko azken curriculum dekretuak mahai gainean daude jadanik. Datorren urtetik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn landuko dituzten edukiak aurkeztu ditu Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, hezkuntzako eragile ugariren aurrean. Dekretuak «eragile guztiekin batera egindako bidearen» fruitua dela azaldu du Uriartek; aldiz, Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak ez datoz bat testuarekin, ezta EHIGE, BIHE eta Sarean ikasleen gurasoen elkarteak ere.
BERRIAk Heziberriko azken curriculum dekretuen aldaketa nagusiak aurreratu zituen. Jaurlaritzak diagnostiko ebaluazio itxura emango die LOMCEk agintzen dituen amaierako azterketei, proba diagnostikoa Espainiako araudiaren epeetara egokituta. Halaber, zenbait edukiri ordu gehiago eskainiko dizkie; atzerriko hizkuntzak eta zientziek ordu gehiago izango dituzte astean, erlijioaren kaltetan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren curriculumak hiru hizkuntza ereduak mantenduko ditu, eta ikastetxeei autonomia handiagoa eskainiko die Hezkuntza Sailak.
Uriartek berretsi du Heziberriko curriculumen asmoa LOMCEren «gainetik pasatzea» dela: «Hezkuntza hobetzeko helburuarekin abiarazi genuen prozesua». Dena den, aitortu du oinarrizko araudi bat dagoela —LOMCE, gaur egun— eta hori bete egin behar dutela: «Ez dago beste irtenbiderik».
Oinarrizko Hezkuntzako curriculum dekretuak onartzeko tramiteak abiarazi dituzte. Datorren ikasturtea hasi baino lehen onartzeko asmoa du Uriartek. Edonola ere, edukiak datorren ikasturtean ezarriko direla iragarri du, «makineria» martxan jarri baita.
Gehiengo sindikala Cristina Uriartek atzo aurkeztutako curriculum dekretuen aurka agertu da. Hezkuntza sistemaren beharrei ez erantzutea leporatu dio Heziberriri, ez aurkeztutako curriculumek ezta marko pedagogikoak berak ere. Halaber, Heziberri Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan LOMCE sartzeko tresna dela salatu dute. Horiek hala, Euskal Herriko hezkuntza sistema garatzeko galdegin diote Uriarte sailburuari.
EHIGE, BIHE eta Sarean ikasleen gurasoen elkarteek ere jakinarazi dute «arduratuta» daudela curriculum dekretuek sustatzen duten eskola ereduarekin. «Euskal eskola publiko, barneratzaile, bidezko eta demokratikotik» urruntzen dela uste dute.
Ikastolen Elkarteak ontzat jo du Hezkuntza Sailaren «ahalegina», baina gaineratu du elkartearen jardunaren ardatza «euskal curriculuma» dela. Bestetik, Hezkuntza Legea garatzeko prozesuan parte hartzeko asmoa agertu du, Heziberriko «faserik garrantzitsuena» dela iritzita.
Legearen zirriborroa
Hain justu, Oinarrizko Hezkuntzako curriculum dekretuak idatzita eta Batxilergoko curriculumak eztabaidatzen hasita Heziberri 2020 egitasmoaren azken faseari ekin diotela jakinarazi du Uriartek: EAEko Hezkuntza Legeari. «Adostasuna» lortzen saiatuko da Uriarte, aldaketa politikoei aurre egin ahal izateko. Oraingoz Eusko Jaurlaritza barruan lantzen hasi dira. Nolanahi, iragarri du legegintzaldi bukaerarako «oinarri batzuk eta zirriborroa» prest izatea nahi duela.
Heziberri aurrera doa, sindikatu eta guraso elkarteen babesik gabe
2015-2016ko ikasturtetik aurrerako Oinarrizko Hezkuntzako edukiak aurkeztu ditu Hezkuntza Sailak.Zientziek ordu gehiago izango dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu