Hesien gainetik, berdintasuna

Kontseiluak deitutako manifestazioan, euskaldunen eskubideen bereizkeria amaitzeko aldarrikatu dute milaka herritarrek. Bilbaok alderdiei eskatu die estuago har dezatela PSN

Atzo, Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean bukatu zuten manifestazioa, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Partida ez da amaitu». Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat lelopean manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Iruñe erdialdean, eta, amaieran, Gazteluko plazako kioskoaren inguruan milaka herritar aurrean zituela, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak parlamentuko taldeak deitu zituen azken hilabeteetan euskararen inguruan hartu diren neurrien aurka «presio handiagoa egiten hastera». Egungo hesi eta oztopo guztien gainetik hizkuntza eskubideen berdintasuna aldarrikatu zuen Kontseiluak, kezkaz ikusten baitituzte Nafarroako Gobernuak azken hilabeteetan bultzatutako «atzerapausoak», hala funtzio publikoko merezimenduen dekretuarekin nola PAI programako langileen inguruko legearekin. «Tristea bezain larria da herritarrak gutxiesten dituzten erabakiak hartzea, bata bestearen atzetik, boto batzuen truke», salatu zuen.

Minutu batzuk berandu hasi zen manifestazioa, Antoniutti parkean. Hamar minutu lehenago abiapuntu horretan jende gutxi bazegoen ere, ordua ailegatu ahala ehunka herritar bilduz joan ziren. Giro lasaia izan zen nagusi une oro. Pankarta zabaldu aurretik, Bilbaok bere amaierako diskurtsoa laburbildu zien kazetariei, euskaraz zein gazteleraz. «Paradoxikotzat» jo zuen bertako hizkuntzari trabak jartzea eta, alderantziz, atzerriko hizkuntzak balioestea funtzio publikoko merezimenduen dekretuan.

Hain zuzen ere, dekretu horren edukia izan zen manifestaziora deitzeko arrazoi nagusia, baina asteotan PAI programako langileen legea onartu dute parlamentuan, PSNren eta Navarra Sumaren botoei esker. Eskuineko koalizioak etorkizunean PAI hezkuntza eredu bihurtzeko konpromisoa hartzera behartu zituen sozialistak aldeko botoaren truke. Bilbaoren esanetan, euskalgintzak ez du ezer ingelesaren irakaskuntzaren aurka, baina «tristea da» derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten hamar ikasletik seik euskararen gutxieneko ezagutzarik ez izatea:«Guk nahi dugu belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izatea, eta PAIk ez du horretarako balio».

Kazetariekin hitz horiek partekatuta, abiatu zen manifestazioa. Antoniutti parke inguruko etxe batetik Espainiako bandera zintzilikatu eta ereserkia ozen jarri zuten batzuek. Inork ez zion jaramonik egin probokazio saio hari, eta berehala Armada etorbiderantz zuzendu ziren manifestariak, aurretik zein atzetik zihoazen Espainiako polizien begiradapean.

Etorbidea 730 metro inguru luze da, eta manifestazioaren tamaina neurtzeko balio izan zuen. Etorbidearen noranzko bakarreko lau bideko errepidean, 350 metro inguruko luzera bete zuten manifestariek. Erritmo lasaian, dekretuaren kontrako aldarriak entzun ziren: «Ez, ez, ez, dekretu honi ez»; «ez dekretu ez PAI, eta euskara bai»; «euskaraz bizi nahi dugu»; «eskubideak nafar guztiontzat»; «Txibite, entzun, Nafarroa euskaldun»... Vianako Printzea plazan, berriz, UPNren egoitzaren aurretik igarotzean ere mezu bera helarazi zioten eskuineko alderdiari: «UPN, entzun, Nafarroa euskaldun».

Merindadeen plazaraino joan, eta, han, Karlos III.a etorbidea hartuta, Gazteluko plazarantz zuzendu ziren. Udaberriko arratsalde lasaian, paseoan zein erosketetan zebiltzan herritar ugarirekin gurutzatu zen manifestazioa. Zenbaitek harrituta begiratu zuten, ziurrenik jakin barik zertan datzan auzia edo manifestazioa zegoenik ere susmatu gabe.

Hala, Gazteluko plazaraino heldu zen manifestazio burua: lehen lerroan, pankartari helduz, Kontseiluko Nafarroako kideak zihoazen, eta, hurrengo lerroetan, Nafarroako eskualdeetako herritar bana, bakoitza bere eskualdearen izena idatzia zuen kartel bati helduz. Plaza erdialdeko kioskora igo ziren euskalgintzako ordezkariak, eta, manifestariek plazaren erdialdea bete ahala, heldu zen azken txanpa: diskurtsoen txanda.

1986tik, Nafarroako Euskararen Legea onartu zenetik, lurraldea hiru hizkuntz esparrutan banatuta dago. Eremu bakoitzeko herritar batek bere errealitatea laburbildu zuen. Izan ere, guztiak euskaldunak izan arren, eskubideak zonifikatuak dituzte.

Lehenik eta behin, Elizondoko Mirenek ironiaz komentatu zuen«pribilegioduna» sentitu beharko lukeela, baina egiazki ez dela hala. «Eremu euskalduneko herritarrok, kilometroak egin ahala, eskubideak galtzen ditugu. Ulergaitza irudi lezake, baina hala da. Hainbatetan Iruñera etorri behar dugu gestioak egitera, Nafarroako Gobernuko zerbitzu zentraletara, eta hona etortzean eskubideak galtzen ditugu, bertan euskara ez baita ofiziala». Horregatik, Jon iruindarrak nabarmendu zuen «bigarren mailako herritar» sentitzen dela, maiz bere hizkuntza eskubideak urratzen direlako. Azkenik, Erriberako Danik salatu zuen eremu ez-euskaldunean euskara «kanpotik datorren zerbait balitz bezala ikusarazi» nahi dutela. «Zorionez, ez dute helburua lortu, eta gauza harrigarriak gertatzen ari dira Agerraldia eta Errigora ekimenei esker». Dena den, euskaldun gisa traba ugari dituztela gaitzetsi zuen.

Atzerapausoen aurka

Azkenik, Paul Bilbaok hartu zuen hitza. Haren esanetan, Kontseiluaren «aurreikuspenik makurrenak» bete dira, funtzio publikoko merezimenduen dekretuaren edukia ikusita. Atzean «euskara are gehiago zokoratzeko» asmo politiko argia dagoela ikusten du, eta dekretua bere hartan onartzen bada «atzerapausoak» ekarriko dituela uste du. Paul Bilbaoren irudiko, ez da soilik Barkosen gobernuak egindako urratsetan atzera egin nahi dela, baizik eta UPNren garaietan ezarritako neurriak baino murriztaileagoak izango direla.

«Kezkaz» ikusten du berriki PAIrekin gertatutakoa ere. «Egoskorkeria galanta» deritzo ingelesez ikasteko programa garatzen jarraitu nahi izateari, eta gogoan hartu du programa ezarri zeneko garaian Yolanda Barcina lehendakari ohiak telebista kate baten onartu zuela euskarazko irakaskuntzaren garapenari galga jartzeko helburua zutela.Horrez gain, Bilbaok azpimarratu zuenez, Javier Remirez Funtzio Publikoko kontseilariak onartu zuen hizkuntza planak geldirik dituela.

Horren aurrean, ekiteko garaia dela nabarmendu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. Gazteluko plazatik gertu izan zen Korrikaren 539. kilometroa, eta bertan elkarrekin lasterka egin zuten alderdiei mintzatu zitzaien. Eskatu zien «argazki eder» horretako batasuna parlamentura eraman dezatela eta PSN estu har dezatela jarrera alda dezan. «Bada garaia gutxieneko batzuk zehazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.