Lizarra-Garaziko akordioa mugarria izan zen euskal gatazka politikoaren bilakaeran. 1977an Xibertako elkarrizketak egin zirenetik estreinako aldiz, Euskal Herriaren nazio izaera aintzat hartzen zuten indarrek, eta, bereziki, abertzaletasunaren bi adar historikoek elkarrizketa prozesu bati ekin zioten gatazkari eman beharreko irtenbideen inguruan, eta, Xibertan ez bezala, akordio batera iritsi ziren. Horren emaitza Lizarrako Akordioaren adierazpena izan zen, 23 eragile politiko, sozial eta sindikalek 1998ko irailaren 12an Lizarran (Nafarroa) izenpetua. Asteartean 25 urte beteko dira hitzarmen hura sinatu zenetik.
Lizarra izan zen emaitza, baina hara iristea ez zen bat-bateko kontua izan, aldez aurretik zenbait eragile elkarrekin bidea prestatzen aritu zirelako. Giroa ez zen aproposena: ETAk 1997ko uztailean Miguel Angel Blanco hil izanak lurrikara moduko bat eragin zuen, euskal gizartean ez ezik, Espainiako esparru politiko-judizialean ere bai, eta hainbat zantzuk adierazten zuten Euskal Herriko sektore asko astinduko zituen oldarraldi bat irits zitekeela, HBko Mahai Nazionala espetxeratzeak eta Egin egunkaria itxi izanak erakusten zutenez. Baina EAJren eta HBren arteko adostasun batzuen lehen printzak ere agertu ziren zenbait arlotan.
1998ko otsailean bildu ziren aurreneko aldiz EAJren eta HBren ordezkariak Igeldo aldeko etxe batean (Gipuzkoa). Iraila bitartean, hamabi bilera egin zituzten orotara. EAJren aldetik, Joseba Egibarrek, Juan Maria Ollorak eta Gorka Agirrek parte hartu zuten elkarrizketetan; HBren aldetik, berriz, Arnaldo Otegik, Joseba Permachek eta Iñigo Iruinek. Irailaren 3an egindako bileran, bi aldeek adierazpen bat ondu zuten; aldaketak aldaketa, hura izan zen hamar egun geroago Lizarran sinatu zuten akordioa.
«Lizarrako adierazpena politikatik irtendako zerbait izan zen; ez zen beste sukaldaririk egon», azaldu dio EAJko Joseba Egibarrek BERRIAri. Dioenez, garai hartan EAJk eta EAk harremanak izan zituzten ETArekin, «baina agiria, lehenengo hitzetik azkeneraino, politikatik sortua zen».
Egibarren iritziz, garai hartan «paradigma aldaketa bat» gertatzen ari zen ezker abertzalean, ETAk ordura arte proposatzen zuen negoziazio eskemari dagokionez, eta horrek erraztu zuen hizketan hastea. Baina «konfiantzari» ere garrantzia eman dio: «Pertsonen arteko konfiantza politikorik ez badago, nekez egin daiteke aurrera. Bakoitzak mugak non zeuzkan jakinda, uste dut nolabaiteko enpatia eta aurrera egiteko asmo zintzoa egon zela. Lehenengo momentutik gauza batean egin genuen bat: bultzatu nahi genuen hori ezin zitzaiola inori inposatu».
Garai hartan, HBko Mahai Nazionaleko kidea zen Pernando Barrena. Hark orduko testuinguru politikoari erreparatu dio: «Madrilek Blancoren hilketari emandako erantzunak hasieran ezker abertzalea zuen xede, baina gero A por ellos [Ekin gogor haiei] famatu hura iritsi zen eta abertzaletasunaren kontrako uholde politiko eta mediatiko bilakatu zen. Iniziatiba politiko horrek alde askoren konplizitatea behar zuen, eta uste dut giro horrek eman zuela horretarako bidea. EAJ heldulekurik gabe gelditu zen Madrilen, uholde hori haren kontra ere bazihoalako, eta hori ikusi zutenean hasi ziren beste aukera batzuk aztertzen».
Konplizitateak josten
Apurka-apurka, konplizitateak josten joan ziren. Garai hartan, Irlandako bake prozesuaren lehenengo emaitzak agertzen ari ziren, eta prozesu hori aztertzeko antolatutako Irlandako Foroan EAJk eta HBk parte hartu zuten. Hura izan zen lehenengo urratsa, baina bestelako keinuak iritsi ziren; adibidez, Eusko Legebiltzarrean Kirolaren Legean eta beste zenbait ekinbidetan ados jarri izana. Barrena: «Gaurko ikuspegitik begiratuta, txatxukeriak direla ematen du, baina garai hartan balio politiko handia zeukaten, abertzaletasunaren bi kulturen arteko lubakia izugarria zelako».
Mertxe Colina AB Abertzaleen Batasuneko ordezkaria zen garai hartan, eta inoiz adierazi du Lizarra-Garazi bere ibilbide politikoko «esperientziarik ederrena» izan zela: «Geroztik, beste egun berezi bat bizi izan dut, ETAren armagabetzearena, baina egia da Lizarra-Garaziko prozesuan jorratutako elkarlanaren bidea altxor baten modukoa izan zela». Colina ABko beste kide batzuekin iritsi zen Lizarrara irailaren 12an, eta azkar jabetu zen ekitaldiak izango zuen garrantziaz: «Bagenekien indartsua izango zela, baina ikusmina harrigarria zen. Kazetariak denetan zeuden, teilatuetan ere bai».
Dioenez, ABko kide Richard Irazustarekin komentatu zuen egokia izango zela antzeko ekitaldi bat egitea Ipar Euskal Herrian, eta, egun batzuk geroago, ekitaldi hori Donibane Garazin egitea proposatu zuten, «historikoki Lizarrak eta Garazik izan duten harremanagatik». Bigarren ekitaldia urriaren 2an egin zuten; hala, akordioak Nafarroa Garaitik Nafarroa Beherera egin zuen, eta Lizarrako adierazpena Lizarra-Garazi bilakatu zen.
Irailaren 12an aurkeztutako hitzarmenean argi adierazten zen gatazka konpontzeko elkarrizketek alde askotarikoak izan behar zutela, eta «gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeria adierazpenik gabe» gauzatu behar zela prozesuaren negoziazio fasea, baina ikusteko zegoen zein izango zen ETAren erreakzioa. Lau egun geroago iritsi zen erantzuna, ETAk iragarri zuenean irailaren 18tik aurrera su etena ezarriko zuela, eta hura «mugarik gabekoa» izango zela, estreinako aldiz erakunde armatuaren historian.
Urriaren 25ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren, eta EAJ izan zen lehenengo indarra, 21 legebiltzarkiderekin, aurrekoan baino bat gutxiago. Ezker abertzalea EH Euskal Herritarrok koalizioan aurkeztu zen, eta asko hobetu zituen HBk lau urte lehenago izandako emaitzak, hamalau hautetsi lortuta (hiru gehiago). 1999ko irailean, berriz, Udalbiltza sortu zen, Euskal Herri osoko hautetsiak biltzen zituen batzarra.
Baina bidean laster agertu ziren lehenengo pitzadurak, azkenean prozesua galbidera eramango zutenak. Barrenak bozen inguruabarretan jartzen du gainbeheraren hasiera: «Gogoan dut hauteskundeen balorazioa egin genuenean Arnaldo Otegik esandakoa: 'Oso emaitza onak dira guretzat, baina txarrak prozesuarentzat'. Jeltzaleak izugarri beldurtu ziren, beren lidergoa arriskuan ikusi zuten, eta eskuko balazta sartzea eta dena geldituz joatea erabaki zuten. Egunerokoan ari ginen batzuk hasiak ginen konturatzen EAJk erabakita zeukala hark aurrera ez egitea».
Barrenaren ustez, EAJren «heldutasun falta» erabakigarria izan zen prozesuak aurrera egin ez zezan, baina irakurketa autokritikorik ere egiten du: «Gure etxeari dagokionez, abagune politikoa ez zegoen behar bezain helduta ezker abertzaleak eskuzabaltasun handiagoz jokatzeko. Hori orain esatea erraza da, baina orduan zailtasun handiak zeuden modu ausartago batez jokatzeko edo arrisku gehiago hartzeko».
Egibarren iritziz, berriz, ETAk su etenari eutsi ez izanak hondatu zuen prozesua: «ETAri ez zitzaion gustatu Lizarra-Garazi, eta hasiera-hasieratik prozesua kontrolatu nahi izan zuen. Handik gutxira adierazi zuen su etena teknikoki etenda zegoela, eta gero bertan behera utzi zuen. Horrek berebiziko frustrazioa ekarri zuen. ETAk kontrolatzen ez zuen prozesu bat pikutara bidali zuen, besteak beste, Lizarra-Garazik haren desagerpena ekartzen zuelako».
«Politikoki beti pentsatu dut apurtze hori, metaforikoki, atentaturik larriena izan zela», azaldu du Colinak. «Gaur egun beste mundu batean bizi gara politikoki, gauza asko aldatu direlako, baina Lizarra-Garazik zeuzkan indar eta gogo horiek ez ditut ikusten hain sakonak eta hain zabalak. Oso laburra izan zen, hamalau hilabete baino ez, eta tarte horretan egindakoa ederra izan zen, baina askoz gehiago iraun behar zuen».
Egibarrek dioenez, EAJk bi ondorio atera zituen prozesuaren porrotetik: «Lehenengoa, alderdiak ezin ziola bere proiektu politikoa garatzeari utzi ETAren jardueragatik; horregatik iritsi zen geroago Ibarretxe lehendakariarenplanteamendu etiko, politiko eta demokratikoa. Eta bigarrena, ezin izango genuela Batasunarekin proiekturik partekatu distentsiorik ez bazegoen eta borroka armatuaren aurrean jarrera argi bat hartzen ez bazuen».
Iraganeko irakaspenak
Mende laurden bat ez da alferrik igaro, eta egungo egoera politikoak zerikusi gutxi du duela 25 urtekoarekin, baina eragileek uste dute esperientzia hartatik irakaspenak atera daitezkeela. Barrenaren iritziz, Lizarrako adierazpenean badago «errezeta» bat gatazka politikoari irtenbidea emateko, eta hori «guztiz indarrean» dago: «Gaur berriro ere aukera daukagu herri bezala jokatzeko, eta EH Bilduk EAJri behin baino gehiagotan planteatu dio helburua izan beharko litzatekeela Madrilen aurrean elkarrekin aritzea eta herri gisa nola jokatu adostea».
Egibarrek ere uste du adierazpenaren testuan «gatazka politikoa gainditzeko gakoak marraztuta» daudela: «Badago nondik heldu. Baina konfiantza behar da, konfiantza politikoa alderdien eta eragileen artean, eta liderrak ere behar dira. Uste dut EAJk zein ezker abertzaleak lidergo hori badutela; kontua da aplikatzen den ala ez».
Lizarra-Garazik 25 urte
HESIAK ZUBI BILAKATUTA
Asteartean 25 urte beteko dira Lizarrako adierazpena aurkeztu zutenetik. Geroago 'Lizarra-Garazi' izena hartuko zuen prozesuaren abiapuntua izan zen, eta mugarria izan zen estreinako aldiz hainbat alderdiren eta eragileren adostasuna lortu zuelako, azkenean zapuztu egin bazen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu