Bi urteren ostean, Jokoaren 21/2022 Foru Legea garatuko duen erregelamendua prest du Nafarroako Gobernuak. 2022ko uztailean onartu zuten legea parlamentuan, baina puntuetako asko —joko aretoetan sartzeko kontrol neurriei buruzkoak, esaterako—, zehaztu gabe utzi zituzten, talde politikoak ez baitziren gai izan horien inguruan ados jartzeko. Hemezortzi hilabeteko epea eman zuten legean jasotako helburuak mamitzeko, baina luzeago jo du prozesuak: tramite guztiak beteta, hilabete honetan igorri diote proiektua Nafarroako Kontseiluari, irizpena eman dezan; eta horren ostean, behin betiko onartuko du Maria Txibiteren gobernuak. Besteak beste, erregelamenduak are gehiago mugatuko ditu apustu etxeetarako eta joko aretoetarako sarbidea, eta ausazko jokoen publizitatea. Ludopatiaren prebentzioan lan egiten duten elkarteek txalotu egin dituzte urrats horiek, baina nabarmendu dute dekretua «motz» geratuko dela hainbat arlotan.
Joko aretoetan, apustu etxeetan eta kirol apusturako makinetan kontrola zorroztea da araudi berriaren gakoetako bat. «Dekretuaren xedea da, batetik, mendekotasun eta ludopatia arriskuak prebenitzea, eta bestetik, adingabeei eta arrisku taldeei jokorako sarbidea ukatzea», azaldu zuen Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuko kontseilari Amparo Lopezek, proiektuaren aurkezpenean. Horretarako, identifikazio sistema automatikoak paratu beharko dituzte joko areto, bingo eta apustu etxe guztietan —halakoak ezarriak dituzte jada zenbait lokaletan—, egiaztatzeko erabiltzaileak adin nagusikoak direla edo ez daudela izena emanda joko aretoetan sartzea galarazia dutenen erregistroan. Kirol apustuak egiteko terminal automatikoetan ere antzeko sistema bat ezarri beharko dute enpresek.
«Guretzat, funtsezkoa da joko aretoetan kontrola zorroztea. Gaur egun, inork ez du identifikaziorik eskatzen, eta adingabeak arazorik gabe sartzen dira».
SAIOA IEREGIAralar elkarteko kidea
«Guretzat, identifikazio eta kontrol horiek funtsezkoak dira», azaldu du Saioa Ieregik, Iruñeko Aralar elkarteko kideak. Erakunde horrek 28 urteko bidea egina du ludopatiaren prebentzioaren eta sentsibilizazioaren esparruetan, eta arta ematen diete osatzeko bidean direnei eta beren familiei. «Denok dugu eskubidea joko aretoetan sartzea debekatuta dutenen erregistroan izena emateko, baina orain arte, zerrenda horrek deus gutxirako balio zuen, aretoetan inork ez baitzuen identifikaziorik eskatzen», gaineratu du. Hori dela eta, aretoetan kontrola zorroztea «urrats garrantzitsua» dela uste du Aralar elkarteko kideak. Hala ere, «gabeziak» antzeman dizkio neurriari: «Adibidez, kontrol horretatik kanpo geratuko dira tabernetako txanpon makinak. Eta ez dira gutxi: gaur egun, saria ematen duten 1.915 makina daude Nafarroan». Makinak ostalaritzatik atera ditzatela eskatu du Aralarrek, erregistroan izena eman dutenek eta adingabeek ez dezaten izan «joko horietan aritzeko orain duten erraztasuna».
«Adingabeek aise jokatzen dute»
Ieregik uste du Nafarroan «arazo handia» dagoela jokoarekin, batez ere adingabeei dagokienez. Horren adibidetzat jo du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak berriki argitaratutako txosten bat: «Ikerlan horren arabera, ausazko jokoetan hasteko batez besteko adina 15 urte dira, adingabeek jokatzea debekatua duten arren. Nafarroako Gobernuaren datu ofizialak dira». Izan ere, debekuak debeku, gaztetxoak «aise» aritzen dira kirol apustuetan edo bestelako jokoetan. «Gure elkartera etortzen diren askok esan izan digute arazorik gabe sartzen direla aretoetara, eta guk geuk ere ikusten ditugu tabernetan, kirol apustu makinetan... Adingabeek aukera asko dituzte jokoaren munduan sartzeko, eta orain arte behintzat, ez zaie trabarik jarri», esan du Aralar elkarteko kideak.
Ikusi gehiago
Halako egoerei aurre egiteko, beste neurri batzuk ere jaso dituzte Nafarroako joko erregelamendu berrian: besteak beste, ordutegiak mugatuko dituzte —beranduenez, 00:30ean itxiko dituzte apustu etxeak eta joko aretoak, eta 03:00etan, berriz, bingoak—, eta areto berriak irekitzeko lizentziak emateko baldintzak ere zorroztuko dituzte: aurrerantzean, ezinen dira gisa horretako lokalak zabaldu ikastetxeetatik, buru osasuneko zentroetatik, osasun etxeetatik edo gazteentzako zerbitzuetatik 400 metro baino gutxiagora. Erabakia txalotu du Aralar elkarteak, baina uste du neurri horrek «tranpa» duela: «Lizentzia berriei soilik eraginen die, eta ez dagoeneko zabalik diren areto eta lokalei. Gaur egun, areto pila bat daude Nafarroan, eta horietako askok ez dituzte gutxieneko baldintza horiek betetzen. Negozio sarea eraikia dute jada, hortaz, neurria berandu dator».
Kirolaren eskutik
Ieregik azaldu duenez, azken urteetan asko aldatu da laguntza eske Aralar elkartera jotzen dutenen soslaia. «Normalean, ludopatian pentsatzean, burura datorkigu gizon heldu bat, bakarrik bizi dena, baztertua... Bada, irudi horrek ez du zerikusirik errealitatearekin. Gaur egun, gurera datozen gehienak 20 eta 25 urte arteko mutil gazteak dira, kirolari oso lotuak eta arruntatzat joko genukeen bizimodua dutenak». Hain justu, kirol apustuen eskutik iristen dira gazte gehienak jokoaren mundura: «Artatzen ditugunen artean, multzo handiena osatzen dute aretoetan kirol apustuak egiten dituztenek; horien azpitik daude txanpon makinetan aritzen direnak; eta hirugarren talde handiena osatzen dute kirol apustuak online egiten dituztenek».
Horretan eragite aldera, joko erregelamendu berrian jasota dago apustu etxeen publizitate oro debekatuta izanen dela Nafarroako Gobernuak zuzenean edo zeharka finantzatutako kirol jardueretan, eta adingabeek ikus ditzaketen espazio publiko gehienetan; hala nola administrazio publikoko egoitzetan, 18 urtetik beherakoentzako espazioetan, osasun zentroetan, ikastetxeetan, zinema aretoetan eta kirolguneetan. Apustu etxeek Nafarroako kirol elkarte eta klubak ekonomikoki babestea ere propio debekatzen du araudiak.