Herriz herriko egoeraren mapa

Herri bakoitzeko eta Hegoaldeko osasun eskualde bakoitzeko positibo berrien tasak erakusten dituzte mapa hauek; kolorerik ilunenetan markatuta daude kasu positibo gehien detektatu dituzten lekuak. Hegoaldean, orain arte atzeman diren positiboak eta bezperakoak ere erakusten ditu.

2020ko urriaren 28a
11:15
Entzun

Klikatu maparen gainean xehetasunak ikusteko. Mapa pantaila osoan ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen. Maparen goiko botoiak erabilita, ikus liteke herri guztietako intzidentzia tasa, osasun eskualde bakoitzeko intzidentzia tasa (Hegoaldean), eta herri bakoitzean erregistratutako heriotza kopurua (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan).

Positibo berriak non atzematen ari diren erakusten dute mapa hauek. Hegoaldearen kasuan, azkeneko hamalau eguneko datuak metatuta, 100.000 biztanleko kasu gehien zein herritan eta zein osasun eremutan pilatzen ari diren ikus liteke; urdin ilunez daude azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten lekuak. Aintzat hartu behar da herri txikietan kasu bakar batek tasa hori izugarri handitzen duela. Administrazioek bezperako datua ematen dute: horrela, urtarrilaren 11n urtarrilaren 10eko datua ematen dute, eta horrela erakusten du mapak.

Gorriz, berriz, Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian sartutako herriak agertzen dira. Murrizketa handiagoak dituzte herri horiek: ostatuek ezin dute ireki, eta, urtarrilaren 13tik aurrera, herri horietako biztanleak ezingo dira herritik atera, ez bada premiazko zereginen batera edo lanera joateko. Hamalau egunean 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten herriak agertzen dira eremu gorrian, baina ez denak: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, Jaurlaritzak erabakitzen du herria eremu gorrian sartuko den edo ez, zenbait adierazle aintzat hartuta. Mapa honetan, 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan arren eremu gorrian sartu gabeko herriak urdin ilunez agertzen dira.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, Frantziako Osasun Ministerioa urriaren 22an hasi zen herriz herriko egoera erakusten; ordura arte ez zituen ezagutarazi datu horiek. Hala ere, herriak ez estigmatizatzeko eta positiboak ez identifikatzeko, ez du jakinarazten herri bakoitzean zenbat kutsatu dauden, ez eta tasa zehatza zenbatekoa den ere: kolorea iluntzen dio herri bakoitzari, larritasunaren arabera.

100.000 biztanleko tasa kalkulatzeko, azken zazpi egunetako datuak erabiltzen ditu ministerioak, eta Hegoaldeko tasa hamalau egunekoa da; horregatik, ezin dira Iparraldeko eta Hegoaldeko datuak zuzenean konparatu. Mapa honek, hala ere, tasarik okerrenak dituzten herriak zeintzuk diren erakusten du, kolorerik ilunena baitute. Egun bakoitzean, hiru egun lehenagoko egoera erakusten du Ipar Euskal Herriko maparen zatiak, azken egunetako positiboen datuak balioztatzeko tarte bat uzten duelako; adibidez, urriaren 30eko mapak urriaren 27ko egoera erakusten du.

BERRIAk astelehenetik ostiralera eguneratzen ditu mapa hauek, arratsaldeko lehen orduan, administrazioek datuak eguneratzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.