Hezkidetza: herritik herriarendako

Herri hezkidetzaileak aurrera eramateko guztien nahi eta beharrak kontuan izan behar direla ohartartazi dute Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan. Are, haurrak subjektu aktibo izatearen garrantzia nabarmendu dute.

Jeanne Rolande Dacougna, Maria Ruiz eta Itoitz Serna gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jeanne Rolande Dacougna, Maria Ruiz eta Itoitz Serna gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko ekainaren 26a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Herri hezkidetzaileak. Kontzeptu hori entzuteak galdera anitz sorraraziko ditu seguruenik, eta bat errepikatuko da gehien: zer da hori? Bada, hezkidetza eskola esparrutik harago egiten dela eta hala izan behar duela ulertzean datza proposamen hori: hezkidetzak guztia busti behar duela, herri oso batek duela hezteko ardura. Utopia bat izatetik urrun, munduan barna badago proposamen horren adibide andana: Euskal Herrian Oinherri herri hezitzaileen sarea dago, komunitatetik lan egiten dutenak eta Costa Rican Centros Cívicos por la Paz izenekoak (Bakearen Aldeko Guneak), Justizia eta Bake Ministerioak sortuak.

Bi adibide horiek elkartu dituzte gaur Donostian, Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan. Herri Hezkidetzaileak, nola ulertzen ditugu? izenburupean bildu dira Itoitz Serna, Oinherriko kidea, eta Maria Ruiz, Costa Ricako Justizia eta Bake Ministerioko Bakearen Sustapenerako eta Herritarren Segurtasunerako zuzendaria; Jeanne Rolande Dacougna Biltzeneko kidea izan dute gidari. Sernak komunitateak egiten duen lanean jarri du arreta, eta Ruiz, berriz, instituzioen lanean zentratu da. Halere, biek ala biek nabarmendu dute haur eta gazteak subjektu aktibo gisa aitortzearen garrantzia. 

Testuinguruaren analisiari ekin dio Sernak: «Ez gaude ondo, eta egungoa ez da testuingururik onena. Hori ikusita, erronka eta aukera eraldatzaile sakonak planteatzen ditugu Oinherrikoek». Erran duenez, hezkuntza «eskolako lau paretetatik harago» zabaldu behar dela sinisten dute, eta herriaren ardura izan behar duela: «Komunitate osoak inplikatuta egon behar du». Hau da, hezkidetzak tokian tokiko ezaugarrietara egokitua izan behar du, gertukoa, eta herriko eragile, elkarte, kolektibo eta erakundeen lankidetzan oinarritua.

«Intersekzionalitatearen teoriak tresnak ematen dizkigu uler dezagun kategoria horiek murriztaileak direla eta kontuan hartu behar ditugula bestelako subjektu eta identitateak»

ITOITZ SERNAOinherri

Are, proiektua herritar guztien nahi eta beharretatik sortuko dela nabarmendu du, eta zehaztu horregatik egiten dutela lan feminismotik, «feminismoak dena zeharkatzen duelako». Binarismoa zalantzan jartzeko apustua egin dutela esplikatu du: «Intersekzionalitatearen teoriak tresnak ematen dizkigu uler dezagun kategoria horiek murriztaileak direla eta kontuan hartu behar ditugula bestelako subjektu eta identitateak».

Herritar aktibo

Bide horretan, haurrak gizartearen parte arras garrantzitsua dira, Sernak adierazi duenez: «Gure jendarteko herritar aktiboak dira, ez dira etorkizuneko herritarrak bakarrik: badira dagoeneko herritarrak, eta badituzte eskubideak eta betebeharrak». Parte hartzeko eskubidean jarri du arreta, eta helduzentrismotik ateratzearen eta haurren begirada errespetatzearen garrantzia nabarmendu. 

Ildo horretatik mintzatu da Ruiz ere: Costa Rican dituzten zentroetan prebentzioan lan egiten dutela erran du, eta gogora ekarri gazteak birgizarteratzeko programak dituztela. Herrialdean zazpi zentro dituzte, eta Girasoles izeneko programa bat dute haietako bitan: «Nerabezaroan ama izan ziren neska gazteentzat da: hezkuntza sistematik ateratzera behartu zituzten, ez dituzte lanetan hartzen, eta, anitzetan, familiak ere baztertu egiten ditu. Guk birgizarteratzen laguntzen diegu, lana bilatu eta bitartean umeak zaintzeko zerbitzuak eskainiz, adibidez».

Adierazi du, halaber, instituzio anitzen arteko lankidetzan oinarrituta egiten dutela lan, Bakearen Aldeko Gune horietan egiten dena ez dela Justizia eta Bake Ministerioaren ardura soilik. Hezkuntza Publikoko eta Kultura eta Gazteria ministerioekin ere elkarlanean aritzen dira, adibidez. Izan ere, gune horietan topaketak, antzezlanak, arteari lotutako dinamikak, solasaldiak eta bertzelakoak egiten dituzte. Helburua, hauxe: gazteek autogestiorako duten gaitasuna indartzea, eta gizartean duten parte hartzea eta eragina handiagoak izatea. 

Zailtasunak eta erronkak

Instituzioekin lan egiteak, baina, ez du erran nahi ez dutela zailtasunik: «Aurrekontua erronka bat da beti, prebentzioa ez baita lehentasuna Justizia eta Bake Ministerioarentzat; bai, ordea, kartzelak egitea». Are, adierazi du langileek beren sakelatik dirua jarri behar izan dutela anitzetan. Baliabide ekonomiko eta material eskasia ez ezik, langileak ere falta direla ohartarazi du.

«Aurrekontua erronka bat da beti, prebentzioa ez baita lehentasuna Justizia eta Bake Ministerioarentzat; bai, ordea, kartzelak egitea»

MARIA RUIZBakearen Sustapenerako eta Herritarren Segurtasunerako zuzendaria

Serna ados agertu da, eta gehitu ezen, herri hezkidetzaileek denen nahi eta beharrak ordezkatuko badituzte, ezinbestekoa dela eragile guztian arteko elkarlana, baita bakoitzak dagozkion ardurak hartzea ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.