Zelai Nikolas. Gure Esku Dago-ren bozeramailea

«Herritarrok ziklo berri bat zabaltzeko aukera paregabea daukagu»

Gure Esku Dago dinamikak ekainetik aurrera martxan jarri nahi duen Herritarron Itunaren bitartez erabakitzeko eskubidearen inguruko «estrategia eraginkorra» abiatuko dela uste du Zelai Nikolasek.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidea edukiz bete asmo duen plangintza onartu zuen Gure Esku Dago dinamikak joan den asteburuan, Agurainen (Araba), ezohiko batzar batean. Zelai Nikolas (Barrika, Bizkaia, 1968) bozeramaileak BERRIAri azaldu dionez, erabakitzeko eskubidearen inguruko «ziklo berria» ireki nahi dute, baina aurretik beharrezko ikusten dute orain arteko lana «kuantifikatzea» eta «kualifikatzea».

GEDek ezohiko batzarra egin zuen joan den larunbatean, urte berrirako plangintza onartzeko. Nola joan zen?

Gure lanari faseak ipini genizkion, batez ere, gero, balorazioa egin ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoan ikusten dugu egokia dela 2018an herri galdeketen zikloa amaitzea; horrek ez du esan nahi ez dugunik gehiago egingo, baina uste dugu ziklo honek bere ebaluazio kualitatiboa eta kuantitatiboa behar dituela. Aldiz, Nafarroaren eta Iparraldearen kasuan, uste dugu zabalik mantendu behar dela herri galdeketen zikloa 2019. urtera bitartean. Hortaz, datorren urtean egin nahi duguna definitu dugu, orain arte egindakotik abiatuta.

Zergatik amaitu nahi du GEDek 2018an galdeketen aroa? Agortutako bide gisa ikusten du?

Ez da aro bat amaitu. Guk dioguna da erabakitzeko eskubideak zikloak dituela, eta ziklo bakoitzak behar duela bere pausa. Baina ez da agortutako bide bat, gure lana antolatzearren hartu dugun erabakia izan da. EAEn hauteskunde ziklo berria dator 2019. urtean, eta aukera ikusten dugu herri galdeketekin egindako lana kuantifikatzeko, kualifikatzeko eta erabakitzeko eskubidearen inguruko EAEko argazki bat emateko Herritarron Itunarekin. Guk ziklo berri bat zabaldu nahi dugu, baina horretara iritsi aurretik orain artekoa ongi baloratu behar dugu, hurrengo hauteskunde zikloan alderdiei esan ahal izateko: lan hau egin dugu, borondate hau dago, hau guztia irabazi dugu erabakitzeko eskubidea erabiltzearekin... eta zuek zein eskaintza egingo diezue herritarrei?

Hurrengo jauzia hiriburuetan izango da. Prest daude?

Hiriburuak lanean ari dira, eta hori, berez, oso garrantzitsua da. Hiriburuetan lehen helburua da protokoloa abiatzea, eta, horren barruan, lehen urratsa aniztasuna bermatzea da. Gai horren inguruan talde sustatzaile plurala eta erreferentziala sortu behar da hiriburuetan, konfiantzak lantzeko askoz errazagoa delako.

Donostian 2018ko udazkenean egin nahi dute galdeketa. Gasteizen, berriz, ez da egingo. Zer gertatu da?

Gasteizen oraingoz ez dute ikusi herri galdeketa egiteko aukera, baina jarraituko dute lanean, eta auskalo zer gertatuko den, herri galdeketen dinamika oso kutsagarria delako. Getxon dugu adibidea. Esaten zuten ezinezkoa zela herri galdeketa egitea; orduan, Uribe Kostako gainerako herriek egin zuten, eta, hori ikusita, animatu ziren. Une honetan, Donostia da aurreratuen dagoen hiriburua, eta dinamika bezala babesa eta laguntza eskaini diegu bide hori egiteko, hiriburu bat ez delako edozer gauza.

Getxo termometro moduko bat izan zen. Leioa eta Erandio bezalako herri handiak ere bai. Baina han lortutako emaitzen inguruko irakurketa ezkorrak egon dira. Zer iritzi duzu?

GEDek oso irakurketa positiboa egiten du. Getxon hiru urteko lana egin da. Gure Esku Dago-ren ibilbidea bertan hasi zen, 1.500 lagun bilduta giza kate batean, eta azken hiru urteotan lan sakona egin da sentsibilitate guztiekin. GEDen filosofia oso ongi zabaldu da herrian, eta lortu da 8.000 pertsonak parte hartzea herri galdeketa batean. Beraz, jartzen ditugun betaurrekoen arabera balorazio bat ala bestea egingo dugu.

GED erakunde bat balitz bezala baloratzea ez da erreala, okerra baizik. Gu herritarrak gara, eta ekarpen ahalik eta positiboena egiten saiatzen gara. GED ez da erakunde bat, eta argi izan behar dugu herritarrok ari garela ziklo berri baten oinarri soziala jartzen, ziklo berri horretan erabaki nahi dugulako. Uste dugu erabakitzeko eskubidearen zikloa zabaltzeko gizarteak bultzatu egin behar duela, eta baldintzak sortu behar dituela. Pedagogia egitea eta herritarrok sostengatzea beharrezkoa da, ziklo berria irekitzeko aukera paregabea daukagulako.

Katalunian begirada jarrita dauka GEDek. Zer irakurketa egiten duzu han gertatutakoaz?

Miresmenez begiratzen diogu Katalunian egin den pedagogiari eta gizarteak lortu duen ahalduntze mailari. Ikusi dugu Katalunian prozesu demokratiko bat josteko gai izan direla, hau da, herriaren eta erakundeen arteko elkarrizketa bat egon dela. Asko ikasi dugu Kataluniatik, batez ere prozesu demokratiko batean herritarrek eta erakundeek elkar hartuta joan behar dutela. Herritarren, eragileen eta erakundeen artean josi egin behar da azkenengo erabakia, zilegia izan dadin. Baina, aurretik, zilegitasun horiek elkar elikatu behar dute, azken emaitza denontzat onargarria izateko. Alde horretatik, sekulako irakaspena eman digu Kataluniak. Egia da prozesu hauek konplexuak direla, erabakitzen uzten ez duen estatu bat dagoelako aurrean. Baina egia da, halaber, orain Kataluniako gizartea askoz ahaldunduago dagoela eta Espainiaren erasoei aurre egiteko gaitasun handiagoa duela.

Katalunian ikusi da Espainiaren subiranotasuna eta batasuna ukiezinak direla. Zein da bidea?

Fokua estatuaren jarrera antidemokratikoan jarri behar da, ez baita normala XXI. mendean estatuak indarra erabiltzea demokraziari kalte egiteko. Egoera hori ezin dugu normalizatzen utzi.Guk atera dugun ikasgaia da gaitasuna landu behar dela, ez norberarena soilik, herri osoarena baizik. Uste dut katalanek ez zutela urriaren 2a prestatu. Ahalegin guztia jarri zuten urriaren 1ekoa egiteko, baina ondorena ez zuten prestatu. Baina horretaz ere ikasten da.

Kataluniako prozesua babesteko, bi manifestazio egin dituGEDek Bilbon. Azkenekora ez zen joan EAJ. Zuk esan zenuen autokritika egin behar zenutela. Zeri buruz ari zinen?

Aurreneko manifestazioan, guztion borondateari esker lortu genuen denok elkarrekin joatea, eta Gure Esku Dago gustura geratu zen, herri bezala erantzutea lortu genuelako. Azken manifestazioan, ordea, ez genuen lortu herri bezala erantzutea, eta, beraz,GEDek uste du ez zuela lortu bere helburua, ez ginelako eraginkorrak izan. Eta horregatik egiten dugu autokritika. Hurrengo baterako, GEDek eskatu egingo du eraginkortasun hori.

Euskal Herrian ba al dago une honetan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko estrategia eraginkorrik?

Gizartearen aldetik bai, baina alderdi politikoen aldetik, ez. Etahori aldatzeko GED bere esku dagoen guztia egiteko prest dago, eta hor kokatzen dugu Herritarron Ituna.

Ekainetik aurrera, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Herri Ituna jarriko duzue martxan. Zer da zehazki?

Herritarron itun bat behar dugu ziklo berri bat zabaltzeko, gure indarretan oinarritutako ziklo bat zabaltzeko, uste dugulako itun horren bitartez estrategia eraginkorra abia daitekeela. Hainbat galdera planteatzen ditugu herri galdeketa bat egin aurretik: zergatik, zertarako, nola, zer eta noiz galdetu nahi dugun. Azken bi galdera horien ardura —zer eta noiz— Euskal Herriko eragileena da, argi eta garbi. GEDek galdera batzuk planteatzen ditu herritarrak erantzuten has daitezen. Mintegi batzuekin hasiko gara, uste dugulako erabakitzeko fase ahalduntzaile bat egon behar duela eta fase horretan kalitatezko deliberazio bat egon behar dela. Adituen arrazoiak ahalik eta txukunen bilduko ditugu gero, eta horiek herritarrekin partekatuko ditugu, haiek ekarpen horiek osa ditzaten. Horrela, gutxienez 2.019 arrazoi emango ditugu erabakitzeko eskubidearen alde, hainbat alorretan: nekazaritzan, hezkuntzan, lan arloan, komunikazioan... Bi galdera horien erantzunak Herritarron Itun horretan parte hartu behar duten eragileei aurkeztuko dizkiegu gero, eta haiei erabakitzeko eskubideari buruzko konpromisoak hartzeko eskatuko diegu.

Autogobernu lantaldearen lanak balio izango du estrategia eraginkor horretan?

Dudarik gabe. Lantaldean oinarri batzuk adostu behar dituzte, eta, horien artean, erabakitzeko eskubidea izango da ardatz bat. Eta gu, gizarte bezala, prest gaude beharrezkoa baldin bada lantaldearekin lankidetzan aritzeko. Guretzat oso inportantea da hurrengo estatus politiko horretan erabakitzeko eskubidea egotea, eta, bide eraginkor bat lantzen bada, tresnak egongo dira bide horretan aurrera egiteko.

Eta, Nafarroan, badago aukerarik bide hori jorratzeko?

Ari dira txosten bat egiten, eta galdeketen inguruko lege proiektua ere lantzen ari dira. Erabakitzeko eskubideak gauza bat uzten du argi: batu egin behar dugu, eta elkarrekin egin behar dugu bide hori. Iparraldean ere lortu dute erakunde propio bat egitea, eta demokratizazio fase baten beharraz eztabaidatzen hasi dira, herritarrek Euskal Elkargoaren ordezkariak aukeratu ditzaten. Erakundeetatik egiten den guztia erabakitzeko eskubidean eta demokratizazioan sakontzeko bada, GED laguntzeko prest egongo da, eta bere iritzia emango du. Denon artean egiteko bide bat delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.