Herritarrengan segurtasun sentsazioa areagotzea du helburu Zupiriak

Ertzaintza «modernizatzeko» plan bat jarriko du martxan, eta bertan jasota dago baliabideak handitu eta uniformeak berrituko dituztela. Esan du «arreta berezia» jarriko diola euskara eskakizunari.

Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JOSU TXABARRI / IREKIA
Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JOSU TXABARRI / IREKIA
aitor biain
2024ko irailaren 18a
16:00
Entzun

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak agerraldia izan du Eusko Legebiltzarrean, agintaldirako dituen asmoen berri emateko. Segurtasuna «zerbitzu publikoa» dela azpimarratu du, eta ziurtatu herritarrei «zerbitzurik hoberena» ematea duela erronka. Izan ere, Zupiriak nabarmendu du «Euskadi herrialde segurua» dela, baina aitortu du delituen kopuruak gora egin duela azken urteetan, eta herritarren artean segurtasun faltaren sentipena ere areagotu dela. Hori dela eta, delinkuentzia tasa apaltzeko eta segurtasun sentsazioa areagotzeko lan egingo duela hitzeman du: «Gobernu honen helburu nagusia da bizikidetza baketsua eta sendoa lortzea».

Izan ere, sailburuak azpimarratu du segurtasuna eta segurtasunaren pertzepzioa «garrantzitsuak» direla «elkarbizitzarako eta ongizaterako», baita «herrialde erakargarri bat» izateko ere. Horregatik, ezinbestekotzat jo du prebentzioan sakontzea, helburuak lortzeko bidean «eraginkorragoa» delakoan gertakariei aurre egitea baino. Segurtasun eta polizia ereduaren oinarrian «hurbiltasuna» jartzeko konpromisoa hartu du, eta, bide horretan, ezinbestekotzat jo du Ertzaintza «modernizatzea».

Zupiriak gogorarazi du garaiak aldatu egin direla, eta, mehatxuak etengabe aldatzen ari direnez, Ertzaintzak ere horiei egokitu beharra duela, sorrerako balioak bazter utzi gabe betiere. «Ertzaintzak ere etengabeko bilakaeran egon behar du, eta zerbitzatzen duen gizartean gertatzen diren aldaketetara egokituta egin behar du aurrera», esan du. Bada, poliziaren egitura hobetu ez ezik, agente kopurua handitzeko eta baliabide gehiago jartzeko konpromisoa hartu du sailburuak.

Ildo horretan, iragarri du uniformeak berrituko dituela, eta, gardentasunaren mesedetan, ertzainek soinean daramatzaten kamerak ere ugaritu egingo dituztela. Elkarrizketaren eta akordioen bidez Ertzaintzaren barne gatazka amaitzeko borondatea ere agertu du sailburuak. Adierazi duenez, helburua zera da, Ertzaintzaren profesionaltasuna sustatzea eta zaintzea, «ahalik eta herritarrik gehienen atxikimendua izan dezan». «Ertzaintza prestigiatu nahi dugu», adierazi du, eta gogorarazi hura dela autogobernuaren «ikur nagusietako bat».

«Ertzaintza prestigiatu nahi dugu. Helburua da Ertzaintzaren profesionaltasuna sustatzea eta zaintza, ahalik eta herritarrik gehienen atxikimendua izan dezan»

BINGEN ZUPIRIAEusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

Azpimarra berezia egin du agenteen formakuntzan ere, eta adierazi du lan egingo duela Arkauti «erreferentziazko eskola» bilakatzeko, sailaren helburua delako «herritarrak erdigunean jarri eta gizarte osoaren beharrizanei era bikainean» erantzungo dieten profesionalak prestatzea. Zeregin horretarako euskara ere «ezinbesteko tresna» dela esan du, eta agindu du «arreta berezia» jarriko diola hizkuntza eskakizunen gaiari. Zupiriaren hitzetan, «abiapuntu ezin hobea da» ertzainen %70ek hizkuntza eskakizunen bat egiaztatuta izatea.

Lege berria

Edonola ere, azaldu du bere jardunaren «aterki nagusia» EAJren eta PSEren arteko gobernu ituna izango dela, zeinak «gizatasunaren eta humanismoaren» aldeko apustua egiten duen. Indarrean dagoen Segurtasun Plana ere gidalerro izango duela adierazi du; datorren urtean amaituko da; beraz, plana itxi eta «ebaluatzea» egokituko zaio, hurrengo lau urteetarako beste bide orri bat onartu aurretik.

Hain justu, 2026 eta 2030 urte arteko Segurtasun Plana legealdiko proiektu nagusietako bat izango dela nabarmendu du. «Mota horretako hirugarren plana izango da, eta aukera emango digu gizarte gisa aurrean ditugun arrisku eta mehatxuen gaineko gogoeta eguneratzeko eta gogoeta horretatik aterako diren erronka berriei aurre egiteko», esan du Zupiriak. «Premien diagnostiko eta azterketa on bat behar dugu, hurrengo hamarkadako erronkei berme osoz aurre egiteko».

Erronka horiei begira, bereziki nabarmendu ditu emakumeen aurkako indarkeriari eta zibersegurtasunari lotutakoak. Bada, legealdiko konpromisoen artean kokatu ditu genero ikuspegia duen segurtasun sistema bat garatzea, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta emateko plan estrategikoa abian jartzea eta ziberinteligentzia zerbitzuak indartzea.

Akordioetarako nahia

Zupiriak nabarmendu du ertzain «gehienak» konprometituta daudela beren eginkizunarekin, eta horri heldu dio Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Izan ere, adierazi du sailburuaren baieztapen horrek erakusten duela Ertzaintzaren zereginekin eta helburuekin konprometituta ez dauden batzuk badaudela, gutxi batzuk badira ere. Kezkatuta agertu da horrekin Arzuaga, eta sailburuari gogorarazi dio aurreko legealdian «neurriz kanpoko» hainbat ekintza izan zirela, ertzainen partetik.

Nolanahi ere, EH Bilduk eskua luzatu dio akordioetarako, eta eredu gisa jarri ditu Bilbon eta Iruñean hitzartu dituzten segurtasun itunak. Sailburua elkarrizketarako prest agertu da, baina Arzuagari gogorarazi dio EH Bildu ez dela oposizioko talde bat soilik, Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako 107 udalerrietan agintean dagoelako. Bada, udaltzainen eta Ertzaintzaren arteko hitzarmenak sinatzea «lehentasuna» izan beharko litzatekeela azpimarratu du.

Oposizioko gainerako taldeek Zupiriari egotzi diote Ertzaintzaren giza baliabideak lehentasun gisa hartu ez izana, eta agente kopurua handitzeko eskatu diote. Zupiriak erantzun die Ertzaintzaren lantaldea «osatzeko» nahia duela: «Esan dut nire helburua dela lantaldeak 8.000 kide izatea, eta egun ez ditu 8.000».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.