NAZIOMETROA

Herritarren erdiek uste dute osasun publikoak baliabide eskasak dituela

Erabakitzeko eskubidea izan behar dutela uste dutenak horren kontra daudenak halako hiru dira, baina lurralde guztietan egin du behera horien kopuruak.

Osasunbideko SAE, ELA eta CCOO sindikatuen protesta, martxoaren 23an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2023ko maiatzaren 8a
12:17
Entzun

Osasun arretarako aurrez aurreko hitzordua eskatzeko aukera okertu egin da; hala uste dute hamar herritarretik zazpik. Are, osasungintzari lotutako zenbait aldagaik okerrera egin dutela uste dute herritar gehienek; hamarretik seik uste dute lehen mailako arreta eta osasungintzako langileen kopurua kaskartu direla, eta hamarretik bostek, gauza bera gertatzen dela arreta espezializatuko kontsultekin. Hiru kasuetan —aurrez aurreko arreta, langile kopurua eta arreta espezializatua—, pertzepzio hori okerragoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hobea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Tartean daude nafarrak. Atal bakarrean nagusitzen da zerbitzuak berdin jarraitzen duelako iritzia: ospitaleko arretan.

Datu horiek jaso ditu Telesforo Monzon laborategiak eginiko Naziometroaren bosgarren neurketak. Barometro horrek, batetik, burujabetza nahiei buruzko iritziak aztertu ohi ditu, eta, bestetik, neurketa bakoitzean gai jakin baten inguruan galdetzen du. Bosgarrenean, osasungintza izan dute aztergai.

Herritarrak kritiko dira administrazioek osasungintza publikoari eskainitako arretaren eta baliabideen harira; ia erdiek uste dute jartzen dituzten baliabideak eskasak (%35,7) edo oso eskasak (%12) direla, eta hirutik batek uste du baliabide horiek erdipurdikoak direla. Soilik hamarretik batek uste du baliabide «asko» jartzen direla osasungintza publikorako.

Made with Flourish

Ildo horretan, %34k uste dute osasun sistema publikoak «funtsezko aldaketak» behar dituela, «nahiz eta gauza batzuek funtzionatzen duten», eta %33k iritzi hobexeagoa dute: iruditzen zaie ondo funtzionatzen duela baina «aldaketa batzuk» behar dituela. %17,9k diote funtzionamendua ona dela oro har. «Funtsezko aldaketak» behar direla uste dute gehiagok EAEn (%36), eta, nafarren artean, iritzi nagusia da ondo funtzionatzen duela baina aldaketa batzuk egin behar direla (%35,3). Ipar Euskal Herrian, berriz, sistemak ongi funtzionatzen duela pentsatzea da joera nagusia (%29).

Hala ere, zerbitzuak okerrera egin duela iritzita ere, herritarrak baikor daude osasun sistemaren funtzionamenduaren inguruan; batez beste, 5,8ko nota jartzen diote, eta maizen errepikatzen den erantzuna da 6-8 bitarteko puntuazioa merezi duela funtzionamendu horrek; galdetutakoen erdiek jartzen diote balorazio hori. Gainera, gehienek uste dute Europarekin alderatuta osasun zerbitzu hobea dutela beren erkidegoan. Hala ere, desoreka handiak nabari dira hor: Ipar Euskal Herrian, euren osasun zerbitzua hobea dela uste dute %41,7k, baina portzentaje hori askoz apalagoa da Hego Euskal Herrian: %25,8 Nafarroan eta %21,5 Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina bada iritzi komun bat: Iparraldean uste dute zerbitzu hobea jasoko luketela osasungintza hurbilagoko administrazio batek kudeatuko balu (%36,4), eta Hegoaldean, %50,7k uste dute zerbitzua hobea dela osasungintza Espainiako Estatuak kudeatu ordez erkidegoen eskumena delako.

Osasungintza publikoaz eta pribatuaz den bezainbatean ere joerak oso nabarmenak dira; hogei urte barru osasun sistema nola antolatu behar den galdetuta, osasungintzak guztiz publikoa izan beharko lukeela uste dute %45,2k, eta publikoak gaur egun duen baino pisu handiagoa izan beharko lukeela iritzi diote %40,4k. Bestalde, bost herritarretik lau ez dira inoiz baztertuta sentitu osasun sisteman, baina hala sentitu direnen artean, lautik batek dio gazte izateagatik diskriminatu dutela, %14k maila sozioekonomikoagatik, %13k euskalduna izateagatik, %12k etnia edo arrazagatik eta %10ek emakume izateagatik.

Made with Flourish

Arreta euskaraz

Osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubideaz ere itaundu du Naziometroak. %56k uste dute asistentzia euskaraz jasotzeko aukerak eskubide bat izan beharko lukeela, eta %32,5ek uste dute ezetz. Edonola ere, hor ere badira aldeak lurraldearen arabera; Euskal Autonomia Erkidegoan %61,2 dira hori uste dutenak, baina Ipar Euskal Herrian, %36,5, eta Nafarroan, %48,3. Halaber, herritarren beharrak asetzeko, unibertsitateek mediku euskaldunen kopuru minimo bat bermatu beharko luketela diote %52,6k, eta kontrakoa uste dute %31,5ek.

Bosgarren neurketarako, 1.597 inkesta egin dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 595; Nafarroan 582; eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 420. Azkenak dauka orain arte eginiko bost inkestetatik laginik handiena. Landa lana otsailean eta martxoan egin zuen Aztikerrek.

Erabakitzeko eskubidea: nagusi baina apaltzen

Telesforo Monzon laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak 2020an abiatu zituen neurketak, helburu batzuk zehaztuta: independentzia nahia neurtzea, independentziarako arrazoi nagusiak zehaztea, euskal estatu baten inguruko jarrerak neurtzea, eta jarrera horien atzean egon daitezkeen motibazioak ezagutzea. Beraz, gai horiez ere galdetu dute bosgarren neurketan, osasungintzaz ez ezik. Datuek aurkia eta ifrentzua dute: aurreko neurketetan bezala, erabakitzeko eskubidea izan behar dutela uste dutenak horren kontra daudenak halako hiru dira, baina lurralde guztietan egin du behera; are, 2020an Naziometroa abiatu zenetik eskuratutako daturik apalenak dira; hamarretik sei daude alde.

Made with Flourish

Bide berean, galdetuta ea Espainiako eta Frantziako gobernuek onartu edo debekatu egin beharko luketen etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen aldeko erreferendum bat, azken Naziometroan erreferenduma onartzearen aldeko iritzia orain arteko apalena da (%56).

Horrez gain, Espainiako eta Frantziako lurralde antolaketarako formula gogokoenei dagokienez, aldaketa gertatu da azken neurketetan. Orain arte antolaketa eredu gogokoena izan da erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen dien estatua; %32tik %26ra jaitsi da azken bi neurketetan. Aldiz, aurreko neurketetan bigarren aukera moduan ikusi zen eredua lehen postura igaro da: eskumen gehiago duten erkidegoez osatutako estatu bat (%26tik %29ra).

Azkenik, bosgarren inkestak ere frogatu du ez dela gauza bera independentziaz edo euskal estatuaz galdetzea, bigarrenak onarpen handiagoa baitu. Zehazki, independentziaren aurkakoak gehiago dira (%42,2) aldekoak baino (%22,9), baina joera bat nabari da: aurkakotasun hori lau puntu murriztu da hiru urtean, eta batez ere zer erantzun ez dakitenen kopuruak egin du gora. Aldiz, euskal estatuaz galdetuta, %35,1 leudeke alde, eta %27,5 kontra. Kasu horretan ere, aldekoak nahiz kontrakoak apalduz doaz, eta pisua irabazten ari dira zer posizio hartu ez dakitenak: %13,5 ziren duela hiru urte, eta %20,7 dira orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.