Herritarren beroa jaso du Elkorok

«Hunkituta» hartu ditu harrera egin dioten guztien agurrak.Herritar askorentzat «ikur bat» dela diote haren aldeko plataformakoek.Ekitaldi berezia antolatu dute gaurko

Jose Luis Elkoro, etxeko txikienen eskutik loreak jasotzen, atzo, Bergaran (Gipuzkoa). RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Bergara
2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun
«Gure ametsa betetzera etorri gara, Jose Luis. Ezinezkoa zirudien, baina lortu dugu». Hitz horiekin egin zioten harrera Jose Luis Elkorori bere herrian, Bergaran (Gipuzkoa), Mugituko Da plataformak antolatutako omenaldian —haren askatasuna eskatzeko sortu zen plataforma hori—. Herenegun erabat libre geratu ostean, herritarren babesa jaso zuen atzo herriko plazan ezker abertzaleko kide historikoak, txalo zaparrada eta ikurrinen artean.

Hasiera batean, Martuteneko kartzelaren atarian zegoen iragarrita ekitaldia, baina plana aldatu behar izan zuten azken orduan, eta ezustean. Hain zuzen ere, uste baino egun bat lehenago kendu zioten bost urtez eraman duen orkatilako telematikoa. Hala, osorik bete du Elkorok zortzi urteko zigorra, azken bost urteak etxean pasatu dituen arren. Omenaldi hunkigarria jaso zuen atzo.

Eskuan lore sorta bat zuela, eta senide eta lagunen besarkadak jaso ondoren, mikrofonoa hartu, eta, esker oneko hitzekin batera, herritarrei «batzeko» deia egin zien. «Euskal Herria, gure herria, txikiagoa edo handiagoa, aberatsagoa edo txiroagoa, baina gure herria azken finean, guk maite eta behar duguna; bere alde borrokatu behar dugu. Guztiok elkartuta, indarrak batuz herria lortuko dugu». Era berean, maitasuna eta atxikimendua eskaini zien preso jarraitzen duten guztiei.

Elkorok «hunkituta» jaso zituen bertaratutakoen besarkadak; batez ere, senide eta lagunenak. Elkororen lagun Miguel Mendibilek ez du sekula ahaztuko asteazkenean jaso zuen deia. «Ohean nintzen Jose Luisek deitu zidanean libre zegoela esateko. Erabat hunkitu nintzen une horretan», aitortu zion Mendibilek BERRIAri, malkoak erortzear zituela. Hemendik aurrera, «galdutako denbora» berreskuratuko dutela aipatu zuen.

Ekitaldian izan ziren, halaber, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa, Xabier Amuriza bertsolaria, Amaia Izko Sortuko eleduna eta Agurne Barruso Bergarako alkate ohia, besteak beste. Amurizak azken urteetan pasatako «une gogorrak» izan zituen gogoan. «Harreman handia izan dugu Egin-en garaitik. Bisitan ere joana naiz ondoren. Urte gogorrak izan dira. Asko poztu nau omenaldiak. Senide, lagun eta herritarrek, denek elkarrekin egin dioten harrera hunkigarria izan da». Besteak beste, Amurizak nabarmendu zuen Jose Luis Elkoro «ikur handi bat» dela herritar askorentzat. Bertso bat ereeskaini zion ekitaldian.

Sorturen izenean, aldiz, «ongi etorri beroena» eskaini zion Amaia Izkok Elkorori. Aldi berean, baina, presoen eskubideen inguruan mobilizatzen jarraitzeko deia egin zion gizarteari. «Presoen egoerak nabarmen egin du okerrera azken urteotan. Gaixorik dauden presoen egoera behingoz konpontzea eskatzen du bake garai honek». Ildo beretik mintzatu zen Agurne Barruso Bergarako alkate ohia: «Jose Luisek libre izan behar zuen, eta libre da dagoeneko. Ea poliki-poliki beste batzuk ere ekartzen ditugun».

Plataformari agurra, gaur

Mugituko Da izeneko plataforma herritarrek osatu zuten, Jose Luis Elkoro bigarren aldiz espetxeratu zutenean. «Ez genuen ulertzen Jose Luis kartzelan sartzea. Gaixorik zegoen, eta zuen adinarekin bere bizitza arriskuan ikusten genuen», nabarmendu zuen Joseba Moñux plataformako bozeramaileak. Lehen urratsa «etxera» ekartzea izan zen. Orain, baina, Moñuxen hitzetan, plataformak bere helburua bete du, eta, hori dela eta, «amaiera bat» eman nahi diote plataformari, «behin Jose Luis erabat libre dela».

Hori dela eta, ekitaldi bat antolatu dute gaurko, Bergarako plazan (19:00), «bakea eta batasuna» oinarri hartuta. Besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Mariano Ferrerrek, Juanjo Alvarezek, Maite Aristegik, Peio Hospitalek, Bergarako alkate izandakoek, Patxo Murgak, Isidro Murgak, Pablo Gorostiagak, Arnaldo Otegik —idatziz—, Mari Carmen Aiastuik eta Jose Luis Elkorok berak. Biharko, aldiz, elkartasun afari batera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.