Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan laguntza sistema berria adostuta, beste ardatz batzuetan lanean ari ziren herri ekimeneko hedabideak. Koronabirusaren krisiak gogor jo du sektorea, ordea, eta kezka zabaldu da hedabideetan. Lankidetzaren bitartez aurrera egiteko nahia azaldu du Hekimen elkartearen koordinatzaileak, Igor Astibiak (Leitza, Nafarroa, 1975).
Aurrera begirako ardatzetan ari zineten lanean, eta hau iritsi da.
EAEn harreman dinamika bat garatu dugu azken urteotan, eta hasiak ginenean urteetako gabeziei eta ezegonkortasunari aurre egiten —laguntza sistema berriarekin, adibidez—, hau iritsi da. Lehen kezka hori da: behin hasi —eta hasi soilik—, eta orain, hau. Oinarri bat lortu zen, eta kezka sortu da, honek nola eragingo ote duen.
Nabarmena izan da publizitatearen jaitsiera. Orokorra da, ala bereziki arlo batzuei eragin die?
Orokorra da. Kontua da hedabide batzuek oso publizitate gutxi izan ohi dutela —adibidez, espezializatuek—, eta haiek, noski, jaitsiera handirik ezin izan. Baina, adibidez, tokiko hedabideen kasuan, tokiko enpresen publizitatea dutenen kasuan, handiagoa da. Baina orokorra izan da. Kolpe handia izan da, eta berehala sumatu zen.
Publizitate instituzionalaz ohartarazi duzue. Lehen ere aipatu izan duzue gaia askotan. Zein da Hekimenen eskaria?
Zintzilik egon da gai hori urteetan. Gure asmoa zen —eta orain ere bada— diru laguntzen ereduaren gaia itxita publizitate instituzionalaren gaiari ekitea. Kontua da Eusko Jaurlaritzaren kasuan gai hori ez dagokiola soilik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari: sail guztiei eragiten dien eremua da. Prozesu bat ireki beharra ikusten dugu, eta oinarri eta irizpide batzuk jarri beharra. Orain hedapenaren irizpidea da nagusi: ahalik eta jende gehiagorengana iristea. Gu gero eta jende gehiagorengana iristen gara. Eta hizkuntza irizpideak ezarri behar dira, eta hori ahaztu egiten da beti.
Audientzietan, inoiz ez bezalako datuak dira hilabeteotakoak. Euskarazko hedabideentzat beren burua erakusteko aukera da. Aurrera begirako oinarria izan daiteke, ala etorri bezala joango ote da ezohiko audientzia hori?
Hori da galdera gakoa. Igoera nabarmena egon da audientzietan, eta hor badaude erabiltzaile potentzialak. Zer gertatuko da? Igoera orokorra izan da, mundu mailakoa, eta ikusi egin beharko da. Datuak ondo aztertu behar dituzte orain hedabideek: ikusi zein diren joerak, zer arrazoi dauden, eta saiatu jende gehiagorengana iristen. Hori dute zeregin nagusia.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatuta daude 2021 arteko laguntzak, Jaurlaritzarenak eta aldundienak. Arriskuan egon daitezke? Izan duzue harremanik?
Guri ez digu inork kontrakorik esan: sinatua dago hori, eta diru hori gordeta dago, printzipioz. Egia da azkenean erakunde guztiek ez zutela hiru urterako sinatu: Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek urtebeterako sinatu zuten. Baina Bizkaiko Diputazioak egunotan argitaratu du deialdia, eta eutsi die esandako kopuruei.
Udalak izan daitezke arazoa? Hor ez dago horrelako hitzaren orokorrik, eta aurrekontuetan jaitsiera handiak etorriko dira...
Kezka handiena hor daukagu. Kasu batzuk iristen ari zaizkigu. Udal batzuek jakinarazi dute ez dutela publizitate instituzionalik jarriko; beste udal batzuek hedabideei ohartarazi diete datorren urtean murrizketak datozela.
Krisiaren mamua berriz dator, eta aurreko krisiak ondorio gogorrak izan zituen sektorean. Nolako aldartea nabari duzu?
Kezka nabari dut, baina aurrera egiteko gogoa. Badugu konfiantza erakundeekin lortu den komunikazioan: ea ez den aurreko urteetakoa gertatzen, eta konpromisoari eusten zaion. Herri ekimeneko euskal hedabideon indarra herritarren babesean dago hein handian: badaukagu konfiantza babesari eutsiko diotela.
Koronabirusa. Igor Astibia. Hekimen elkartearen koordinatzailea
«Herritarren babesa da hedabideon indarra: badaukagu konfiantza»
Sektorean kezka ikusi du euskal hedabideen elkarteko koordinatzaileak. Azken urteetan urrats handiak egin dituzte erakundeekiko elkarlanean, eta horri heldu nahi diote orain ere: ezarritako «oinarria» sendotzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu